Tubacex: korapiloa are estuago

Aldi baterako erregulazioa luzatzeko negoziazio antzuek agerian utzi dute zuzendaritzaren eta langile batzordearen jarrerak oso urrun daudela. Arabako plantetako langileek 210 egun daramatzate greban

Tubacexeko langile batzuk Laudioko lantegiaren aurrean, eta kaleratze gutunak erretzeko piztu zuten sua. AIARALDEA.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2021eko irailaren 8a
00:00
Entzun
Ez dirudi Tubacexeko lan gatazka inondik ere konpontzear denik. Amurrioko eta Laudioko (Araba) plantetako langileek 210 egun daramatzate greban, eta luzaroan eusteko prestatu beharko dute. Azken astean, langile batzordeak eta enpresako zuzendaritzak lau bilera agin dituzte indarrean zegoen aldi baterako erregulazioa nola luzatu negoziatzeko, eta argi ikusi da bien jarrerak oso urrun daudela. Langileek enpresari eskatu diote ken dezala 129 kaleratzeak indargabetu zituen ebazpenari Espainiako Auzitegi Gorenean jarria dion helegitea; enpresak, berriz, baldintza hori «xantaia» dela uste du.

Tubacexek bere garaian indarrean jarri zuen aldi baterako erregulazioa etzi bukatuko da, eta hura berritzeko eginiko bilerak gatazkaren tenperatura neurtzeko aukera bikaina ziren. Eta oso bero jarraitzen du, edo hotz, nondik begiratzen zaion. Atzo izan zen azken bilera, eta, batzordearen iritziz, zuzendaritzak ez du gatazka konpondu nahi: «Gure lehentasuna gatazka konpontzea da, aldi baterako erregulazioarekin eta neurri estruktural ez-traumatikoekin». Batzordea indartsu sentitzen da, sei epaileek arrazoia eman ziotelako, eta konponbidearen bila jarraituko du, greban egotea «atsegina» ez dela jakinda. Gaur goizean, autokarabana egingo dute Laudio piketetik Deriora (Bizkaia). Enpresak han du egoitza nagusia.

Altzairuzko hodien enpresaren diskurtsoa erabat ezberdina da, eta 129 kaleratzeak ezinbestekoak direla dio, edo haren ordez diru kopuru bera aurreztuaraziko dion aldaketa bat lan baldintzetan. Herenegun eman zuen bere jarreraren berri, tonu gogorrean idatzitako ohar batean. Eginiko eskaintza guztiei muzin egitea egotzi zion batzordeari, eta bere eskubideen defentsari uko egiteko eskatu diola enpresari. Bien bitartean, Tubacexek alde bakarrezerabakiko du nola luzatu aldi baterako erregulazioa. Azken eskaintzan %70eko lanaldi murrizketa proposatu zuen langile guztientzat, kaleratu asmo zituen eta EAEko Auzitegi Nagusiak behartuta onartu zituen 129ak barne. Oraingoz, eragin txikiko neurria da, langile guztiak greban baitaude.

Urtebete greban?

Korapiloa estutuz doa, eta, auziko abokatuen arabera, Gorenak zortzi-hamar hilabete behar izaten ditu helegitearen inguruan ebazteko. EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpena uztailaren 6an izan zen; beraz, horrek, goiz jota, otsail edo martxo aldera kokatuko luke. Alegia, balitekeela langileek urte oso bat egitea greban —otsailaren 15ean hasi ziren—.Erreferentzia moduan, aurretik Aernnova eta ITP-PCBko ebazpenen helegiteak aztertu behar ditu Gorenak. Azken hori Tubacexekoa baino bi hilabete lehenago egin zuen enpresak.

Bitartean, Tubacexek onartu die langileei urte bukaerarako espero duela hidrokarburoen merkatua pandemia aurreko mailetara iristea, eta Araban egin beharreko lan batzuk Austriako planta batera bideratu dituela jada. Han ezin du prozesu osoa egin, baina bai zati bat. Batzordearen ustez, erabaki horrekin greba eskubidea urratzen ari da. Enpresak emaniko beste xehetasun bat grebaren eraginez soldatetan aurreztu duen dirua da: lan erregulazioarekin batera proposatu zituen kontrol neurriei zazpi urtean eusteko adina.

Horiek hala, negoziazioen inguruko iturriek konponbide aukera gutxi ikusten dituzte. Ez litzateke harritzekoa Gorenaren ebazpenera arte luzatzea eta hark askatzea korapiloa. Beste aukera bat da artekari bat sartzea. Uda hasieran, Jaurlaritza saiatu zen—Tubacexeko akziodun nagusietan laugarrena du, akzioen %3,2 baititu Itzarri funtsaren bitartez—, eta berriz ere begi guztiak gainean ditu. Langileek muga bakarra jarri dute: epaileen ebazpena osorik onartzea; hortik aurrera, edozer gauza negoziatzeko prest daude. Hori bai, langileen eta zuzendaritzaren arteko hurrengo bilerak ez du datarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.