Espainiako Gobernuak aurkitu du bere zaldun zuria, ITP Aeroren Zamudioko egoitza nagusian (Bizkaia) bandera gorri-horia jarriko duena. Ikurrina ere jar dezake, Arabako Aernnova enpresa baita Madrilek ITP Aeroren espainiartasuna bermatzeko erakarri ahal izan duen enpresa. Ez luke bakarrik egingo, ITP arrain handiegia delako Aernnovak bakarrik irensteko: Towerbrook eta KKR funtsek jarriko lukete enpresa erosteko diruaren zatirik handiena. Haren oraingo jabeak, Rolls Roycek, gutxienez 1.500 milioi euro nahi ditu hegazkin motorren enpresaren truke.
Vocento taldeak eta hainbat egunkari ekonomikok kaleratu dutenez, Aernnovak amore eman die azkenean Espainiako Gobernuaren presioei, eta prest azaldu da eskaintza bat aurkezteko ITP Aeroren truke. Azken asteetan aipatutako hautagaietako bat zen Aernnova, eta, neurri batean, logikoena ere bai, enpresa aeronautikoa baita hura ere. Baldintza hori ez zuten betetzen Madrilek animatutako beste askok, CAFek eta Gestampek, besteak beste.
Azken horien merituak ziren bandera eta industria sektoreko enpresa indartsuak izatea; bi baldintza horiek betetzen zituen talde bat nahi baitzuen Espainiako Gobernuak, ITP ez zedin geratu inbertsio funts baten esku. Izan ere, funts horien inbertsioak epe laburrekoak izan ohi dira —erositako prezioa baino gehiago lortutakoan alde egin ohi dute—, eta Madrilek ez zuen nahi ataka berean egon bospasei urte barru.
Pedro Sanchezen gobernuak badu arma bat operazioa baldintzatzeko: ITP enpresa estrategiko izendatu du, hegazkin militarren motorrak eta haien mantenimendu lanak ere egiten dituelako. Madrilek bere buruari eman dio azken hitza halako enpresen salerosketan. Horregatik, Rolls Roycerekin harreman zuzena izaten ari da Espainiako Industria. Eusko Jaurlaritzak ere parte hartzen du elkarrizketa horietan, ITP Bizkaiko enpresa izateaz gain, prest azaldu delako bere ekarpena egiteko, betiere ITP erosiko duen taldean euskal enpresa bat badago.
Aernnovaren zalantzak
Erosketan parte hartzeko zalantza handiak izan ditu Aernnovak. Batetik, hegazkingintzaren barruan bi atal desberdinetakoak dira ITP —motorrak egiten ditu—, eta Aernnova —hegazkinen egiturak egiten ditu—. Bi negozioen arteko sinergia eskasak ziren Arabako enpresako zuzendaritza uzkur izatearen arrazoietako bat. Bestetik, pandemiaren erruz sektorea larri dago, eta Aernnovaren egoera ekonomikoa ez da oso ona; beraz, horrek ere azal dezake haren uzkurtasuna.
Hain zuzen ere, Aernnovak diru galerak argudiatu zituen iaz bere lan taldea txikitzeko. Berantevillako fabrikako 450 langileetatik 82 kaleratu zituen abenduan.
ITP ere buru-belarri aritu da bere lan taldea murrizten. Lehenik, ez zien kontratua berritu aldi baterako 115 langileri, eta, gero,121 langile kaleratu zituen Zamudioko egoitza nagusian. Beste 86 bota nahi zituen bere fundizioan, ITP Aero Castingen (PCB izandakoa), Sestaon eta Barakaldon (Bizkaia). EAEko Auzitegi Nagusiak, ordea, kaleratzeak baliogabetu ditu; ITPk kontratuak egin dizkie berriro, baina ez die lanik eman. Langileek salatu dutenez, Rolls Royceren baldintzetako bat lan taldea %15 txikitzea izan da, erosle posibleei enpresa erakargarriagoa egiteko.
Bazkide, etorkizunean ere
Aernnovak ez du baieztatu bere eskaintza mahai gainean dagoenik, eta informazio gutxi eman du Rolls Roycek ere. Efe agentziari honakoa esan dio:«Aurrera doan prozesu bat denez, ezin dugu komentariorik egin Espainiako prentsan agertu diren espekulazioei buruz».
Rolls Royce 2016an egin zen ITP Aeroren jabe bakar, Sener Bizkaiko ingeniaritza enpresaren zatia erosita (%53), 720 milioi euroren truke. Iaz jarri zuen salgai, azken urteetan pilatu duen zor handia arindu nahi duelako, guztiz estrategikotzat jotzen ez dituen adarrak kenduta.
Edonola ere, Ingalaterrako enpresak ziurtatu du etorkizunean ere ITP Aerorekin elkarlanean aritu nahi duela, eta proiektu asko egin behar dituztela bien artean, hala nola UltraFan motorra. ITPren jabe berriak teknologian eta berrikuntzan inbertitu beharko duela ohartarazi du Rolls Roycek.
Aernnova barnean izango duen talde bat lehiatuko da ITP Aero erosteko
Arabako aeronautika enpresa hori eta beste batzuk estutzen aritu da Espainiako Gobernua, ez duelako nahi ITP Aero inbertsio funtsen esku geratzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu