Ez dago ke zuria, eta Tubacexek gaur bertan egingo ditu kaleratzeak

Arabako hodi egileak 94 behargin kaleratuko ditu, eta beste 22k lanpostua utziko dute, pizgarriekin; hamabik erretiro aurreratua hartuko dute. Bergarako Betikon ere greba mugagabean hasi dira

Tubacexek Amurrion duen fabrikaren kanpoaldean suzko barrikada bat egin zuten grebalariek, atzo. AIARALDEAGAUR.
xabier martin
2021eko apirilaren 15a
00:00
Entzun

Gaurkoa 64. eguna da Tubacexeko langileen greba mugagabean; ez da beste egun bat, E eguna baizik kaleratzeei begira. Laudioko eta Amurrioko (Araba) fabriketan zuzendaritzak egingo duen kaleratze kolektiboaren aurkako beste protesta bat egin zuten beharginek atzo goizean. Baina 124 enplegu galduko ditu enpresak eta eskualdeak, Aiaraldeak: 95 kaleratzerekin batera, hamabi erretiro aurreratu izango dira, eta beste 22k lanpostua utziko dute, pizgarriekin. Kaleratzeak gaur bertan egingo ditu enpresak.

 

PPren lan erreformaren haizea lagun egiten ari da Tubacex kaleratze kolektiboa, eta horren aurkako protestan, pneumatikoen barrikada bati su eman zioten beharginek, Amurriko fabrikaren atarian. Ke laino handia sortu zuen horrek, baina ke beltza zen, ez ke zuriak islatzen duen adostasunarena. Akordiorik gabe, mingarriak izango dira kaleratzeak.

Edonola ere, ez zen istilurik egon Ertzaintzarekin. Lanean jarraitzen duten beharginak fabrikara eramaten ari ziren autobusei bidea oztopatu nahian egin zuten barrikada grebalariek, 08.00etan. «Tubacexen ez da inor sobran», garrasi egin zieten autobusei protestan ari zirenek.

Suzko barrikadak ez zuen aparteko kalterik eragin; suhiltzaileek amatatu zuten. Laudion, berriz, greba egiten ari ez diren langileen autobusak fabrikara heldu ziren arazorik gabe, baina Ertzaintzaren babesari esker. Irain eta garrasi egin zieten grebalariek. Dena den, atzo ez zen istilurik egon Ertzaintzaren eta grebalarien artean, aurreko asteetan gertatu izan den moduan.

150 kaleratzeko dosierra

Erregulazio espedienteak 150 langileri eragin zien hasieran. Gaur, berriz, negoziazio epea martxoaren 10ean bukatu ondoren, 94 kaleratuko dituzte, eta gainontzekoek erretiro aurreratua hartuko dute, edo euren borondatez utziko dute Arabako enpresa handia, pizgarriekin. Langile batzordearen eskaintza da kaleratzeak aldi baterako erregulazio bilakatzea. Alde horretatik, Eusko Jaurlaritzari mezu argia bidali diote hasieratik: «Gaur Tubacex da, baina bihar beste edozein enpresa izan daiteke. Hau arazo orokorra da, eta nazio osoari eragiten dio».

ELA sindikatuak kritikatu egin du Jaurlaritzak Tubacexeko langileekin duen «sentsibilitate eta enpatiarik eza», eta lan gatazka horretan duen «erantzukizuna» azpimarratu du. Halaber, enpresa zuzendaritzari kaleratzeei atzera egiteko exijitu die. Sindikatuak iragarri du auzitara joko duela kaleratzeak gauzatzen badira: «Orain, Tubacexeko gatazkan ere fronte judiziala irekiko dugu. Grebarekin eta mobilizazioekin bat egingo du bide juridikoak. Hurrengo mobilizazioa, ostiral honetan, Gasteizko Legebiltzarraren aurrean izango da».

Greba mugagabea Betikon

Lan gatazkak pilatzen doaz koronabirusaren aroak aurrera egiten duen heinean. Bergarako (Gipuzkoa) Industrias Betiko enpresako langileek ere greba mugagabea iragarri dute. Apirilaren 19an abiaraziko dute, astelehenarekin. Langileen ordezkaritzak, ELA sindikatuarena, hilabeteak daramatza «enpresa hitzarmen duin bat» berritzeko negoziatzen, enpresako «langileen beharrei erantzungo diona».

Industrias Betikok hamazazpi langile ditu, eta gehienek greba mugagabea babestu dute batzarrean. Errodamenduak egiten ditu enpresak; lan karga izan duela eta baduela dio ELAk; «eta, beraz, enpresak onura handiak ditu». Sindikatuak garbi utzi nahi izan du Betikok «ez duela ia nabaritu COVIDak eragindako krisirik».

Industriatik kanpo ere, ordea, kaleratzeak ugaritzen ari dira azken hilabeteetan, eta zerbitzuen sektorea ere gogor jotzen ari da lanpostua galtzearen pandemia. COS (H&M) dendetako langileek greba hasi zuten atzo, dendak itxi dituztelako.

Apirilaren 6an, COSek enplegu erregulazioa hasiko zuela jakinarazi zion batzordeari; penintsula osoan ehunka kaleratze egitekoa da. Gipuzkoan, H&Mk dituen hiru dendari eragingo diete kaleratzeek, eta COSen itxierak sortuko ditu kaltetu gehien. Dena den, beste lurraldeetako dendetan ere kaleratzeak egingo ditu arropa saltzaileak.

H&M digitalizazioaren prozedurara batu da, Inditexek egin duen bezala. Hego Euskal Herrian hogei denda ixteko plan bat dauka Inditexek. «Digitalizazioaren bidez, enpresek diru gehiago irabazi nahi dute, gutxiago gastatuz, eta horrek esan nahi du kaleratzeak badatozela», azaldu du ELAk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.