Azkenaldian arazoak zeuzkan Miasak, Landabengo automozio fabrikak. Urriaz geroztik hartzekodunen konkurtsoa deklaratuta, orain likidazioa eskatu dio merkataritza arloko epaitegiari. Halaber, langile batzordeari jakinarazi dio 95 langileen kontratua eteteko erregulazio espedientea eskatuko duela. Urtarril amaieratik greba mugagabean ziren langileak, zuzendaritzak fabrikari lanik ematen ez ziola salatzeko. Handik bi astera, likidazioranzko pausoa eman du Miasak, eta zuzendaritzak lanuzteari egotzi dio errua. Haatik, langileek argi dute zuzendaritzak ez duela Landabengo lantokiaren aldeko apusturik egin eta haren asmoak agerian uzteko balio izan duela lan gatazkak. «Deslokalizazio argi baten aurrean gaude», azpimarratu zuen Imanol Rodriguez LABeko industria arloko arduradunak.
Batzordean, CCOOk du gehiengoa, lau ordezkari baititu—LABek bi ,eta ELAk bat—. Josema Romeo Nafarroako CCOOko industriako idazkariaren arabera, oraindik saiatuko dira egungo lantokiak iraun dezan. «Ezin dugu ziurtatu, baina, posible bada, ahalik eta lanpostu gehien salbatzen ahaleginduko gara», azpimarratu zuen atzo.
Huarte sendiaren enpresa
Miasak ibilgailuentzako abiadura kaxen urkilak ekoizten ditu, eta prozesua osorik egiten du, galdeketatik piezen mekanizaturaino. Enpresaren jabea Huarte familia da; frankismo betean Nafarroako industrializazioaren arduradun nagusitzat jotzen den Felix Huarteren oinordekoak, alegia. Udazkenetikhartzekodunen konkurtsoan dago, eta merkataritza auzitegiak izendatutako administratzailea eta zuzendaritza enpresa ituna negoziatzen izan dira sindikatuekin: soldatak %20 eta %30 artean murriztea proposatu zieten. Lan baldintzen nondik norakoetan sartu aurretik, lana bermatzeko konpromisoa eskatu zuten langileen ordezkariek, susmoa baitute hasieratik produkzioa Zaragozara eramateko asmoa duela. «Egiten genituen kalkuluen arabera, ikusten genuen haien soldata murrizketa onartuta ere bideraezina zela enpresa», azaldu du Imanol Rodriguezek. 2015ean hitzartutako ituna berriro ere luzatzeko ez zegoen prest zuzendaritza, eta metalgintzako hitzarmenera joko zutela esan zien langileei. Etorkizuneko bermerik gabe, greba mugagabearekin erantzun zioten.
Handik bi astera etorri da likidazioaren iragarpena. Orain, zuzendaritzak hamabost eguneko epea du likidazio plana aurkezteko, eta han zehaztuko ditu 95 langileen kontratuak eteteko erregulazio espedientearen baldintzak. Eduki hori ezagutzeko zain daude sindikatuak. Romeoren arabera, oraingoz ez dute informaziorik. «Ez da egia erdiekin ibiltzeko unea», kritikatu zuen.
Imanol Rodriguezen arabera, «duela bost urte enpresak hartutako erabaki politiko baten ondorio da lantokiaren oraingo egoera». 2015ean, lan gatazka handia izan zen negoziazio kolektiboan. Orain egin bezala, langileei %20ko soldata jaitsiera proposatu zien zuzendaritzak, eta haiek grebara jo zuten. Enpresak atzera egin zuen, baina garai hartan ohartarazi zien beste nonbaitera joatea aztertzen ari zela. 2017ko otsailean, Zueran (Zaragoza, Espainia) lantokia ireki zuen, eta han mekanizatu lanak egiten dituzte. «Lan baldintza kaskarragoak dituzte, eta bezeroek hura aukeratzen dute, merkeagoa delako. Enpresak hutsik utzi du fabrika, eta logikoa da lanik ez izatea, lanik ematen ez badiozu».
CCOOko Josema Romeok deitoratu egin zuen egoera horretara iritsi izana, eta gogorarazi zuen ezen, Zaragozakoaz gain, Miasak lantoki bat duela Ameriketako Estatu Batuetan. Halaber, Txinan beste fabrika bat ireki nahi izan zuen, baina gaizki atera zitzaion. «Enpresa hemen sortu zen, eta, hemen lortutako errentagarritasunarekin, ekoizpena Txinara eta AEBetara eraman zuen. Eta orain esaten digute ez dela bideragarria munduan Miasaren beste lantokiak sortu dituena?», gaitzetsizuen.
LABeko Imanol Rodriguezen esanetan, Nafarroako Gobernuak lehen eskuko informazioa izan du enpresaren egoerari buruz, baina nahiago izan du beste aldera begiratu.
Miasa likidazioan sartu da, eta 95 langileak kaleratzeko espedientea aurkeztuko du
Hartzekodunen konkurtsoan dago udazkenetik. Langile batzordeak salatu du deslokalizazio bat dela, eta zuzendaritzak ez duela apustu egin fabrikaren alde
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu