Kybsek erretiro aurreratuak eskaini ditu, kaleratzeak atzera bota ostean

Zuzendaritzak langileen batzordeari proposatu dio 60 urtetik gorako langileei erretiroa ematea, eta borondatez enpresa utzi nahi dutenei lan egindako urteko 45 eguneko kalte-ordaina eskaini diete

Ororbiako Kybseren kanpoaldea. Ibilgailuentzako motelgailuak ekoizten dituzte. IÑIGO URIZ / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2021eko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Japoniako Kayaba multinazionalak atzera egin du. Kybse Ororbiako fabrikan 103 langile kaleratzeko lan erregulazioko espedientea aurkeztu zuen iragan astean. COVID-19aren krisiaren ondorioz, salmentak %60 jaitsi zirela arrazoitu zuen, baina langileen batzordeak mehatxu egin zuen ostegunetik aurrera grebara deituko zutela. Igandean, posta elektroniko bidez, zuzendaritzak jakinarazi zuen kaleratzeen inguruko dosierra kendua zuela. Atzo goizean, bilera zuten bi aldeek, eta zuzendaritzak erabakia baieztatu zuen, betiere, langileen batzordeak etziko greba deialdia atzera botaz gero ere bai. Alternatiba gisa, sindikatuei proposatu die 60 urtetik gorako langileei erretiro aurreratuak eskaintzea, eta borondatez enpresa utzi nahi dutenei, berriz, lan egindako urteko 45 eguneko kalte-ordainak.

Proposamen horiek mahai gainean jarri baditu ere, negoziazioa hasi besterik ez da egin. Datozen hiru asteetan astelehenero eta ostegunero biltzeko asmoa dute, eta aditzera ematen du xehetasun ugariz hitz egiteko asmoa dutela.

Langileei azalpena

Ororbian, Kybsek automobilentzako motelgailuak ekoizten dituzte, eta 900 langile ingururi ematen dio lana Kayaba taldeak. Langileen batzordean, LABek gehiengoa du 10 ordezkarirekin; UGTk bost ditu, CCOOk eta ELAk bina, eta Solidarik zein CCPk bana. Lehenik eta behin, sindikatuek bileraren nondik norakoak azaldu egin behar dizkiete langileei datozen orduotan: gaueko txandakoei bart gauean zehaztu zieten, eta goizeko zein arratsaldekoei gaur bertan emango diete horren berri.

Zuzendaritzak sindikatuei argudiatu zien pandemiaren ondorioz bezeroen eskari garrantzitsuak bertan behera geratu zirela. 2019an, lantokiak 2,6 milioi euroren irabaziak izan zituen, baina iaz 3,6 milioi euroren galerak izan dituela dio. Egoera ikusirik, sindikatuek «kudeaketa txarra» egitea aurpegiratu diote zuzendaritzari.

Nahiz eta lan erregulazioko espedientea atzera bota, enpresak 2023ra begirako produkzio jaitsiera aurreikusten du, eta, horren ondorioz, uste du ehun lanpostu inguru sobera daudela. Hasieran, espedientea 2023ra arte luzatuta, kaleratzeak apurka egitea proposatu zuen. Behin hori atzera botata, erretiro aurreratuen bidez egin nahi du. Gaur egun, 60 langile inguruk dute 60 urtetik gora. Gainerakoa, borondatez enpresa uzteko pizgarriekin osatzea proposatu du 70.000 eurokoak izango lirateke.

Atzo gaueko batzarrean eta gaur egingo den horretan langileen erantzuna jaso zain, datorren egunetan emango du bere iritzia langileen batzordeak. Enpresak lan erregulazioko espedientea atzera bota badu ere, kezkaz ikusten dute etorkizuna eta zuzendaritzaren planteamendua. Enpresak proposatutako alternatibez harago, aurrera begira fabrikaren zein enpleguaren gaineko bermeak izatea proposatuko dute.

Parlamentuan, EH Bilduko Bakartxo Ruizen arabera, «albiste ona da» Kayabak hasierako asmoan atzera egin izana. «Edonola ere, ondorioa argia da. Krisihonek eta eredu produktiboarenaldaketak eragin zuzena du langileengan. Erne erreparatu beharko diegu Kybsen gertatzen denari eta beste enpresa batzuetan gertatzen denari», zehaztu zuen. Pandemiaren aitzakian halako neurri gehiago etor daitezkeela ohartarazi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.