Amore eman du Espainiako Gobernuaren parte batek. Lanbide arteko gutxieneko soldata ez da igoko, ez behintzat urte hasieran. Atzoko Ministroen Kontseiluan onartu zuten aurten ezarritako kopuruari eustea: hilean 950 euro, hamalau ordainsaritan. Gobernuak esana zuen urtarrilaren 1ean berriz igoko zuela, baina azkenean ez da horrela izango. Koalizioko bi alderdien artean eztabaida egon da horri buruz. Unidas Podemos-IUko Yolanda Diazen Lan Ministerioak eutsi egin nahi zion hitzemandakoari, elkarrizketa sozialaren mahaian patronalarekin akordioa ez lortuta ere.
Azkenean, PSOEren esku dauden Ekonomia, Ogasun eta Gizarte Segurantza ministerioen iritzia gailendu da: «oraingoz» ez da igoerarik egongo, COVID-19aren krisiak administrazioaren kontuetan eragin duen zuloak ez duelako horretarako tarterik ematen. Patronalaren jarrera ere hartu dute kontuan, eta haren adostasunik gabe ez dela aldaketarik egongo zehaztu dute bi aldeek, orain arte Elkarrizketa Sozialerako Mahaian enpresaburuen elkarteekin eta sindikatuekin izandako harreman onari eusteko.
Hainbat urtez igoera txikiak egin edo izoztuta eduki ondoren, 2018an Pedro Sanchezen gobernuak (PSOE) 900 euroan jarri zuen (%23,3ko igoera) lanbide arteko gutxienezko soldata—1.539,4 eurokoa da Frantzian—. Gobernu itunak dio legealdia amaitzean batez besteko soldataren %60 izan behar duela: 1.166 euro. Aurtengo otsailean %5,5 igo zuen (950 euro).
Argazki deseroso bat
Horri bide eman zion dekretua luzatuko du orain gobernuak, Lan Ministerioak hala eskatuta, aurtengo erabakiari «segurtasun juridikoa» emateko: Diazen lantaldeak ulertzen du hala egingo ez balute airean geratuko litzatekeela aurten lortutakoa. Luzapen horrek, halaber, Elkarrizketa Sozialerako Mahaian abiatutako negoziazioan akordioa lortuko balute,aukera emango luke atzerako eraginez aplikatzeko. Baina formalismo hutsean gera daiteke. Izan ere, orain erabat blokeatuta dago gutxieneko soldata igotzeko aukera, patronalak argi eta garbi esan baitu ez duela halakorik onartuko: gutxieneko soldata jaistea ere proposatu zuen duela bi asteko bileran.
Horren ostean eginiko agerraldian, Lan eta Ekonomia Sozialeko idazkari Joaquin Perez Reyk esan zuen gobernuak igotzeko asmoari eusten ziola eta hori patronalaren babesik gabe ere egin zezakeela. Hala balitz, lehen aldia litzateke foro horretara gai bat eraman eta adostasunik gabe onartzen dena, eta hori saihestu nahi izan du gobernuak.
Pentsioak bezala, gutxieneko soldata urtarrilaren 1ean eguneratu behar da. Pentsioak %0,9 igoko dira 2021ean, eta Lan Ministerioaren asmoa zen kopuru hori edo oso antzekoa aplikatzea gutxieneko soldatari ere: 9 euro gehiago hilean, 959 euro denera. Sindikatuek 1.000 eurora igotzea proposatu zuten.
Azkenean, honela geratuko da: 31,6 euro egunean, 950 euro hilean, eta 13.300 euro urtean. Legezko lanaldiarekin, aldi baterako langileen kasuan, haien zerbitzuak ez badira 120 egunetik gorakoak, 44,99 euro egunean. Etxeko langileen kasuan, 7,43 euro lanordu bakoitzeko.
Lanbide arteko soldatari buruzko erabakiak langile guztiei eragiten die, haien pentsioei zehazki; eta enpresariei, kotizazio oinarriekin lotura zuzena baitauka, gutxieneko kotizazio oinarriarekin, alegia. Gutxieneko soldataren igoeraren ehuneko bera aplikatzen da. Gaur egun, gutxieneko kotizazio oinarria 1.108 euro da lanbide kategoria gehienentzat. Igoerak soldata kostuak handitzea ekarriko luke: otsailekoak urteko 262 euroko gainkostua ekarri zuen langile bakoitzeko —44 euro beharginaren kontura eta 219 enpresaren kontura—.
Azken egunetan, patronalak hainbat datu eta mezu zabaldu ditu, egungo egoeran lanbide arteko soldata igotzeak milaka lanpostu galtzea ekarriko zuela esanez. Astelehenean, Confebaskeko presidente Eduardo Zubiaurrek esan zuen ez dela «garai egokia» horretarako.
Madrilek ez du gutxieneko soldata igoko patronalaren oniritzirik gabe
PSOEren esku dauden ministerioen jarrera gailendu da, eta izoztuta mantenduko du, elkarrizketa sozialeko mahaian akordioa lortu arte. Langile guztien kotizazio oinarriek ere berdin jarraituko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu