Aernnovan ez dute akordiorik egin, eta 82 langile kalera joango dira

Negoziazio epea bukatu da, eta enpresak ez ditu onartu kaleratzeak eragozteko langileek eginiko eskaintzak. Azken orduko aldaketarik ezean, zaila dirudi Kelvionek ez kaleratzea Igorreko 73 langileak

Aernnovako langileek Gasteizen eginiko manifestazioetako bat. DAVID AGUILAR / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
2020ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Aernnova eta Kelvioneko langileek egutegian gorriz markatua zuten atzoko eguna. Bietako zuzendaritzek abian jarritako lan erregulazio espedienteen derrigorrezko negoziazio epea egun berean amaitu zen. Bi langile batzordeak hilabetez saiatu dira kaleratzeen mamua uxatzen, baina prozesuak ez du fruitu handirik eman: Aernnovak 82 langile kaleratuko ditu Berantevillan (Araba) duen plantan, eta Kelvion Thermal Solutionsek Igorren (Bizkaia) duenaren etorkizuna oso iluna da. Hurrengo egunetan aldaketa handirik izan ezean, 73 langileek lanpostua galduko dute.

Aernnova enpresak kaleratze kopurua murriztu du azken astean, 101etik 82ra, baina entzungor egin die sindikatuei. Langileek gaur emango dituzte negoziazioen inguruko azalpenak, eta orduan jakingo da eskaintza langileen bileran bozkatuko den ala ez.

Akordiorik gabe bukatzean—balizko langile batzar batek onartuko ez balu—, sindikatuek erregulazioa epaitegietara eramateko aukera dute. Izan ere, langileek azaldu dute ez direla beharrezkoak neurri estrukturalak, eta kaleratzeen aurka agertu dira negoziazio prozesu osoan. Lantalde osoa aldi baterako erregulazio batean sartzea eskaini zuten. Aernnovan hainbatetan egon dira egoera horretan, eta langileek badakite nola kudeatu.

Batzordearen azken eskaintza aurreraturiko erretiroak egin ahal izateko aukera zabal bat izan zen, aldi baterako erregulazioarekin uztartuta. Berantevillan 450 langile daude, denak finkoak, eta, eskaintza horren irizpideen arabera, hurrengo lau urteetan ehun inguruk utziko lukete enpresa erretiroa hartuta. Baina zuzendaritzak horri ere ezezkoa eman zion atzo, eta hor amaitu zen negoziazioa akordio bidez bukatzeko bidea.

Aernnovako langile batzordeak behin baino gehiagotan azaldu du enpresaren osasun ekonomikoa oso ona dela, eta kaleratzeak ez direla justifikatuak. Besteak beste, 139 milioi euro banatu zituen dibidendutan 2017an, eta aurten 490 milioi euroko mailegu bat eskatu du, eta horietatik 100 irabaziak banatzera bideratu ditu. Batzordeak, halaber, nabarmendu du enpresak diru publiko ugari jaso duela azken urteetan.

Langile batzordeak une oro nabarmendu du koronabirusak hegazkingintzan eragin duen krisia koiunturala dela, eta behin-behineko neurriak onartuta kaleratzeak eragotz daitezkeela. Enpresak, baina, negoziazioetan esan du espero duela 2021ean ohiko duenaren erdia fakturatzea. Sindikatuen ustez, iragarpen horiek ezkorregiak dira.

2015ean antzeko egoera bat izan zen Aernnovan. Orduan 130 langileko erregulazioa egiten saiatu zen, baina, azkenean, atzera bota zuen. Lanpostu galtze hori, dena den, tantaka egin da, orduan 570 langile baitziren Berantevillan. Tarte horretan lan karga ugari bidali du Mexikon eta Brasilen dituen plantetara.

Kelvion, azken bilera luzea

Kelvioneko Igorreko langileak eta enpresak Santanderren (Espainia) eta Madrilen dituen plantetakoak atzo bildu ziren azkenekoz Alemaniako multinazionaleko buruekin. Gauera arte egon ziren mahaiaren inguruan, eta edizio hau ixtean artean bileran zeuden.

Igorreko langileek prozesu osoan esan dute ez dutela kaleratzerik sinatuko, eta atzo jarrera hori defendatu zuten. Plantaren bideragarritasunean sinesten dute, eta salatu zuten enpresa lan karga Poloniara eramaten ari dela.

Azken bi asteetan langileek bi eskaintza bizi jaso dituzte. Enpresak Igorreko planta euro baten truke eskaini zien, lehenbizi sindikatuei eta gero langileei, baina bost eguneko epea besterik ez zuten erantzuteko. Gero, egun plantako kudeatzailea dena, inbertsio funts baten babesarekin eta jabeen onespenarekin, fabrika erosteko prest agertu da. Kasu horretan, baina, hemezortzi langilerekin bakarrik jarraituko luke. Langile batzordeak ez du begi onez ikusi, kaleratze kopurua handiegia delako —55—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.