Mercedesek Gasteizen duen plantako langile batzordeak salaketa jarri dio zuzendaritzak 2021eko lehen hiruhilekoan ekoizpenean egin nahi duen erritmo murrizketari. Neurri zorrotzegia dela iruditzen zaio, behin-behineko 500 langileri eragin diezaiekeelako, eta Gasteizko arlo sozialeko epaitegira jo du enpresaren erabakia eragozteko asmoz.
Langile batzordeak Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan atzo eginiko elkarretaratzean eman zuen salaketaren berri. Han bilduak ziren enpresak sindikatuekin negoziatu gabe erabaki duelako ekoizpena murriztea. Igor Gebara batzordeko presidenteak azaldu zuenez, salaketa jarri badute, langile askoren baldintzak «modu nabarmenean» alda daitezkeelako jarri dute.
Mercedeseko zuzendaritzak barne ohar baten bitartez eman zien asmoaren berri langileei. «Neurri drastikoak hartu behar ez izateko» dela azaldu zien, eta ekoizpen erritmoaren eta eskaeren artean dagoen alde handiak eragina duela. Gauzak horrela, hiru lan txandetako baten erritmoa erdira jaitsiko du, 2,5 txanden sistema ezarriz. Sindikatuek informazio gehiago eskatu zioten enpresari, eta, haien esanetan, jaso ez dutenez, lehen salaketa bat jarri zuten lan ikuskaritzan.
Sindikatuen ustez, erabaki horrek eragin handia izango du behin-behineko langileengan; beren kalkuluen arabera,500 bat izan daitezke kaltetuak. Emilio Titos plantako zuzendariak berakkopuru hori aipatu zuen elkarrizketa batean, «hainbati» kontratua ez zitzaiela berrituko esanez. Sindikatuek enpresari gogoratu diote langile horiek «ezinbestekoak» izan direla enpresaren jardun onerako, eta eskatu diote ez dezala pandemiaren aitzakia erabil epe luzerako irabaziak bermatzeko.
Mercedesek hurrengo urtean Gasteizen 131.500 furgoneta ekoizteko asmoa du, baina aurreratu du kopuru hori alda daitekeela eskaeren arabera. Aurten pandemiaren eraginpean ekoitziko dituztenak baino gehiago dira: 126.400; baina 2018an ekoitzi zituztenak baino gutxiago. Orduan 148.000 izan ziren, plantaren inoizko kopuru handiena.
Batzordeak, halaber, elkartasuna adierazi zien DHL-Mercedes mezularitza enpresatik kaleraturiko bost langileei. Kaleratze diziplinarioak izan dira, eta, ELA sindikatuaren ustez, «gezurretan» oinarrituta. Batzordea sinetsita dago harremana dagoela kaleratzen horien eta 2021eko erritmo jaitsieraren artean.
Mercedeseko langileek auzitara eraman dute ekoizpen murrizketa
Zuzendaritzak hiru lan txandetako baten erritmoa erdira murriztu nahi du 2021eko lehen hiruhilekoan. Langile batzordearen kalkuluen arabera, behin-behineko 500 langileri eragin diezaieke erabakiak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu