Bilbo Estibak «legea inposatzeko» eskatu die erakunde publikoei Bilboko portuko zamaketarien grebak eragindako «egoera larria» ahalik eta bizkorren konpontzeko. Zamaketa lanak egiten dituzten enpresak batzen dituen elkarteak —Toro y Betolaza, Berge, S.L.P. eta Txinako Cosco— azpiegituraren etorkizuna kolokan jartzea egotzi die sindikatuei, eta ahalik eta bizkorren parte hartzeko exijitu die instituzioei, «bakoitzaren obligazioaren arabera». Are gehiago, zorrotzak izan behar dutela ohartarazi die, «'aldeen arteko elkar ulertzea' edo 'elkarrizketarako konponbide berritzaileak' bilatu gabe», haren ustez zamaketariek inoiz ez dutelako hitz egin nahi izan.
Zamaketariek gaur dute 26. greba eguna, eta bigarren deialdi honetan egun erdiko lanuzteak egiten ari dira. Dena den, eta azaldu dutenez, hainbat egunetan ezin izan dute grebarik egin, portuko agintaritzak ontzi guztiak zerbitzu minimotzat jo dituelako. Era berean, salatu dute lan hitzarmenean eurei dagozkien ardurak hartzen ari direla Adecco aldi baterako enpresaren bitartez kontrataturiko langileak. Hori dela eta, hainbatetan jo dute lan ikuskaritzara ustezko arau hauste horiek iker ditzaten eta epaitegiek behin-behineko neurriak har ditzaten, baina ikuskariek ez dituzte eskatu. Ustezko arau hauste horiek izan dira, hain zuzen, hirugarren grebara deitzeko arrazoia, eta sindikatuek dagoeneko jakinarazi dute azaroaren 9tik abenduaren 9ra egun osoko lanuzteak egingo dituztela.
Deialdi horrek eragin du Bilbo Estibaren erreakzioa, eta, ohar gogor batean, Eusko Jaurlaritzako eta Espainiako Gobernuari «dagokien ardura» hartzeko exijitu die: «Larrialdi egoera honetan, beharrezkoa eta atzeraezina da erakunde bakoitzaren ardurak zehaztea, eta haien arabera jokatzea, eta kaltegarriak izan daitekeen elkarrizketa konponbiderik ez eskatzea, Espainiako Gobernu Ordezkaritzak eta Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak hurrenez hurren egin duten bezala». Bilbo Estibak eta sindikatuek asteak daramatzate negoziatzen, eta iragan astean Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko sailburuak artekaritza lana egiteko eskatu zion Espainiako Garraio Ministerioari.
Bilbo Estibaren ustez, izan ere, ez dagokie enpresei zamaketa lanen liberazioa gauzatzeak ekar ditzakeen «ondorioei» aurre egitea. Elkarteak gogoratu du liberalizazio hori maiatzaren 14an sartu zela indarrean, eta hori «mehatxua» dela «betidanik portuak kontrolatu dituztenentzat». Zamaketarien sindikatuez ari da akusazio horretan.
Kontratu mugagabeko zamaketariei «plusak eta txanda onenen abantailak» berentzat gordetzea leporatzen die, eta behin-behinean dauden zamaketariak «bahituta edukitzea». Finkoak 320 dira; behin-behinekoak, aldiz, 103, eta gehienek hamabi urte daramatzate egoera horretan. Sindikatuek, besteak beste, mugagabe kopurua handitzea eskatu dute, eta behin-behinekoei lan hitzarmen hobea aplikatzea. Bi multzoek bat egin dute greban.
Lineak galtzeko arriskua
Bilbo Estibaren ustez, grebaren kalteak oso larriak dira dagoeneko, eta okerrera egin dezakete: «Orain arte linea batzuen behin-behineko desbideraketa izan dena behin betiko alboratze bihurtu daiteke, eta horrek kolokan jartzen du operadoreen iraupena. Asko kostako zaie azken urteetan eginiko inbertsio handiak berreskuratzea». Grebak iraun duen bitartean, hainbat ontzik Santanderrera eta Gijonera (Espainia) jo dute. Bilbokoak baino ahalmen txikiagoa dute portu horiek, dena den.
Zamaketa enpresek nabarmendu dutenez, eragin negatiboa ez da portura mugatzen, eta ehunka dira beren etorkizuna kolokan ikusten duten enpresak, «soldata handiko 300 zamaketariren erruz».
Portuan «legea inposa» dezatela eskatu die Bilbo Estibak erakundeei
Zorrotz esku hartzeko eta zamaketarien grebak eragindako «egoera larria» konpontzeko exijitu die. Portuaren etorkizuna arriskuan ikusten du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu