Caixa eta Bankia batuko dira

Sindikatuak kezkatuta daude, operazioak ehunka lanpostu jarriko baititu arriskuan, horietako batzuk Euskal Herrian. Espainiako Estatuak banku berriaren %14 inguru izango luke, Bankiaren jabe baita

Caixaren eta Bankiaren ikurrak, bata bestearen gainean. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE.
xabier martin
2020ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Bankiaren erreskate publikoa esku pribatuetan geratzeko bidean jarri du finantza entitate horren eta Caixabanken bat egitea gertatzeko aukera sendoak. Banku biek iragarri diote CNMV arautzaileari negoziazioak hasi dituztela entitate bakarra osatzeko. Saioa gauzatuko balitz, arriskuan leudeke milaka enplegu, horietako dozena batzuk Hego Euskal Herriko bulegoetan. Bankiak hemezortzi bulego ditu Hegoaldeko lau hiriburuetan; Caixabank, berriz, askoz zabalduago dago Nafarroako Kutxa irentsi zuenetik: 72 bulego ditu, herri txikiagoetan horietako asko. Sindikatuek helarazi dute dagoeneko beldur direla operazioak ekarriko dituen ondorioak direla eta.

Izan ere, Espainiako banku sistemaren lau entitaterik handienetako bik egin nahi dute operazioa, eta horren emaitza azken hogei urteotako bat egite handiena litzateke, bien artean 664.027 milioi euroren aktiboak elkartuko lirateke eta. Kataluniako bankuak —Valentziara eraman zuen egoitza independentzia erreferendumaren ondoren— 445.572 milioi euroren aktiboak ditu, eta Bankiak, 218.455 milioirenak. Interes tasak lur azpian daudela eta Europako Banku Zentrala bat egiteak eskatzen ari dela iritsi da bat egiteko saioa. Ezusterik ezean, hilaren 13an izenpetuko dute.

Urteko lehen seihilekoari dagozkion zenbakiak aintzat hartuz, Caixabankek 35.589 langile ditu 4.460 bulegotan, eta Bankiak, berriz, 15.947 langile eta 2.267 bulego. Ez dute jakinarazi banku berriaren akzioen egitura nola geratuko litzatekeen, baina Caixabank da bazkide sendoa, eta hura litzateke lehen akzioduna (%30). Ezin da ahaztu, gainera, Bankiaren ia %62 Espainiako Estatuarena dela, FROB erreskate funtsaren bitartez (%14 inguru izango luke).

Bankiaren historia beltza

2010eko uztailean jaio zen Bankia, krisi ekonomikoa hondoratzen ari zen zazpi kutxa elkartu ondoren: Caja Madrid, Bancaja, Caja Canarias, Caja Avila, Caixa Laietana, Caja Segovia eta Caja Rioja. Sorrera horrek bide eman zion eskandalu sorta bati, eta nagusiena burtsaratzea izan zen. 2011ko uztailean burtsara atera zuten, Rodrigo Rato ministro ohiak eta Nazioarteko Diru Funtseko zuzendari izandakoak kanpaia jotzen zuela Madrilgo Burtsan, Bankiako presidente gisa. 360.000 inbertitzaile erakarri zituen burtsaratze horrek, eta handik gutxira Bankia ustelduta zegoela ikusi ahal izan zuten inbertitzaile horiek, ezer askorik balio ez zuten aktibo toxikoz josita.

Ratoren administrazio kontseiluaren kontu faltsuek ezin izan zioten luzaroan eutsi gezurrari, eta inbertitzaileen salaketen arrosarioa hasi zen epaitegietan. Aldi berean, Bankia hondoratzen ari zen, eta porrot egiteak sistema osoari kalte egingo ziola argudiatuta, Mariano Rajoyren gobernuak erreskatatu egin zuen, 2013ko maiatzean. Orotara, 24.000 milioitik gora jarri ditu FROB funtsak Bankia salbatzeko.

Epaia, iristear

Ratok dimisioa eman, eta Jose Ignacio Goirigolzarriri bidea ireki zion. BBVAko kontseilari ordezkari gisa ibilbide oparoa zuen bankari bizkaitarrak, eta Bankiaren aktiborik onenekin bankuari zutik eusteko enkargua jaso zuen. Aktibo kutsakorrenak, berriz, estatuak irentsi zituen, Sareb banku txarraren bitartez.

Datozen egunotarako espero da Bankiaren burtsaratzeari buruzko auziaren epaia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.