Patronalaren borondatea neurtzeko unea dela uste dute ELAk eta LABek

Confebask eta CEN elkarteei lana duintzeko eskaintza egin diete, Bilbon eta Iruñean. 35 orduko lan astea eta 1.200 euroko gutxieneko soldata ezartzea eta genero arrakala amaitzea proposatu dute

Pello Igeregi eta Xabier Ugartemendia ELAko eta LABeko negoziazio kolektiboko arduradunak, atzo, Bilboko Confebasken egoitzan. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2020ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Urtarrilaren 30era begira daude ELA eta LAB. Atzo, Confebask eta CEN enpresaburuen elkarteen Bilboko eta Iruñeko egoitzetara jo zuten. Bi sindikatu abertzaleek patronalaren borondatea neurtzeko garaia dela aldarrikatu zuten. Horretarako, lan baldintzak duintzeko lanbidearteko akordiorako proposamena egin diete bi erakundeoi: 1.200 euroko gutxieneko soldata ezartzea; gehienez 35 orduko eta gutxienez 20 orduko lan astea ezartzea, lanaldi partzialeko kontratuen erabilera mugatzeko asmoz; genero arrakala amaitzeko neurri eraginkorrak hartzea; eta azpikontratazioetan subrogazioa bermatzea. Ezezkoa jasoko dutela jakinik, greba orokorrerako arrazoiak sobran daudela uste dute sindikatuok. «Patronalak blokeoa mantentzen badu, grebara goaz», esan zuen Imanol Karrera LABeko Nafarroako koordinatzaileak.

Bilbon eta Iruñean, bi elkarretaratzeak 11:00etan egin zituzten, eta antzeko mezua zabaldu zuten ELAko eta LABeko ordezkariek. Bi kasuetan, egoitzetan sartu ziren euren aldarrikapena erregistratzeko asmoz. Kanpoaldean, kazetariei azaldu zieten euren asmoen berri. «Zoritxarrez, grebaren deitzaileok badakigu bere borondatez patronalak ez duela aurrerapausorik emango, eta hori langileen presioaren bidez lortuko dugula», azaldu zuen Imanol Pascual ELAko Nafarroako koordinatzaileak, Iruñean.

Bi sindikatu abertzaleek nabarmendu zuten 2013 amaieratik hona izan den hazkunde ekonomikoaren zikloa «langileen lepotik» egin dela. Datu makroekonomikoek hobera egin badute ere argazki horrek bere alde iluna duela azpimarratu zuten. Adibidez, aurreko astean, Nafarroako Gobernuak pobreziari buruzko hirugarren txostena aurkeztu zuen, eta, bertako datuak esku artean, nabarmendu zuten egun 81.500 pertsona daudela pobrezian Nafarroan: erdiek lana dute, eta 16.724 herritar, gainera, pobrezia larrian daude. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, ELAko Pello Igeregik gogorarazi zuen hazkunde urteetan pobrezia «%14 eta %20» artean handitu dela.

«Datuok eskuan, Nafarroako Gobernuak eta patronalak lotsatu egin beharko lukete», adierazi zuen Pascualek, «lana izatea ez baita pobreziatik ateratzeko bermea». Karreraren ustez, prekaritatea enpresek profitatu dute batik bat: «Enpresaburuek diote ondasuna sortzen dutela, baina datuek erakusten dute langile pobreak daudela, eta hala aitortzen du Nafarroako Gobernuak berak».

Madrildik, ezer gutxi

Espainiako Gobernu osatu berriak asmoa azaldu du lan munduan hainbat aldaketa egiteko. Adibidez, Unidas Podemosek gutxieneko soldata 1.000 eurora igotzeaz hitz egin du. Gainera, azpikontratazioaren aurrean «neurri partzialak» eta «edukirik gabeko» berdintasun planak ezarri nahi dituztela uste dute ELAk eta LABek: «Hori ez da nahikoa euskal langileen egoerari aurre egiteko». Hego Euskal Herriak lan harremanetarako eta babes sozialerako esparru propioa behar dutela iritzi diote.

Bilbon ere proposamen bera helarazi diote Confebaski. ELAko Igeregik beharrezko ikusten du, «kontratazioan gutxieneko duintasun bat ezartzeko asmoz», gutxienez 20 orduko lanaldia ezartzea, enpresek gero eta gehiago erabiltzen dituztelako lanaldi partzialeko kontratuak. Igeregiren arabera, pobrezia handitzeko arrazoietako bat da lanaldi partzialen gehie-gizko erabilera. Era berean, beharrezko ikusten dute azpikontratazioetan subrogazioa bermatzea.

Halaber, digitalizazioaren mehatxua ikusita, eta lana banatzeko, sindikatuek beharrezko ikusten dute astean gehienez 35 ordu lan egitea. «Oinarrizko kontua da teknologia berrien ondorioz desager daitezkeen lanpostuei begira», azaldu zuen Igeregik. Azkenik, lan munduan genero arrakala amaitzeko plan «errealak» hartzera deitu zituzten enpresaburuak, «lantokietan diskriminazioa amaitzeko».

LABeko Xabier Ugartemendiaren arabera, prekaritatea zabaltzen ari da lan munduan, eta lan baldintza kaskarrak inposatu nahi dira. Eusko Legebiltzarrak ez du lege ahalmenik lan munduko errealitateari aurre egiteko: «Beharrezkoa da beste bideak hartzea, prekaritatea errotik mozteko». Ugartemendiaren ustez, greba orokorra pauso bat izango da lan baldintzak duintzeko.

Sindikatu guztiek ez dute bat egin greba deialdiarekin, eta, horri buruz galdetuta, Igeregik erantzun zuen: «Deskribatu dugun testuinguruan ez badago greba orokorrerako arrazoirik, ez dugu ulertzen zer rol jokatu behar dugun sindikatuok. Gure asmoa da lantokiak astintzea enplegua bermatzeko,eta langileei lan baldintza duinak emateko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.