Katalunia

«Talde terroristako» kide izatea egotzi die epaileak CDRetako zazpiei

Espainiako Auzitegi Nazionaletik igaro ostean, behin-behinean kartzelatu dituzte atxilotu katalanak. Abokatuek salatu dute Guardia Zibilak eragotzi egin diela zazpietako biren defentsa egitea

Azken atxiloketen eta kartzelatzeen kontra protesta egiteko, elkarretaratzea egin zuten Bartzelonan, atzo. QUIQUE GARCIA / EFE.
Paulo Ostolaza.
2019ko irailaren 27a
00:00
Entzun

Ez da berehalakoan argituko astelehenean Guardia Zibilak atxilotu zituen CDRetako kideen auzia: behin-behinean, Espainiako Auzitegi Nazionalak espetxeratu egin ditu zazpiak. «Talde terroristako» kide izatea, hondamena sortzeko konspiratzea eta lehergaiak izatea egotzi die, eta haiek aske uztea arriskutsua izan zitekeela argudiatuta mantenduko ditu espetxean.

Epaileak ERT Equip de Resposta Tactica izeneko erakunde batekin lotu ditu atxilotuak: ustez «Kataluniako Errepublika edozein modutara, baita biolentziaren bidez ere», lortu nahi duen talde bat. ERT siglak eta Equip de Resposta Tactica izena ezezagunak ziren polizia operazio hau gertatu den arte, eta BERRIAk kontsultatu dituen iturriek ez zuten horien berririk.

Atzo goizeko zazpietan eraman zituzten auzipetuak Guardia Zibilaren Tres Cantos komandantziatik Auzitegi Nazionalera. Lau ordu beranduago hasi ziren Manuel Garcia Castellon epailearen aurrean deklaratzen, eta beste lau ordu behar izan zituzten saioa amaitzeko. Aretoan izan zen Miguel Angel Carballo fiskala ere.

Guztira bederatzi izan ziren Guardia Zibilak Judas operazioa dela-eta atxilotu zituen CDRetako kideak —horietako bi karguekin aske utzi zituzten egunean bertan—. Auzitegi Nazionalean igaro direnenetatik bost Alerta Solidaria abokatu taldeak ordezkatu ditu, eta bost horiek uko egin diote fiskalaren galderei erantzuteari.

Bertsio ofizialaren arabera, beste bi kideek uko egin diote abokatu talde horren defentsari, eta eskatu dute ofiziozko bat izatea alboan. Alerta Solidariako abokatuek salatu dutenez, berriz, Guardia Zibilak eragotzi egin die bi atxilotuen defentsan aritzea, eta ofiziozko abokatuak «ezartzeko»egoera manipulatu izana leporatu diote. Egunotan inkomunikatuta egon dira auzipetuak.

Hain justu, ofiziozko abokatuarekin akusazioei aurre egin dieten bi atxilotuek Guardia Zibilaren aurrean deklaratu dutela zabaldu dute Espainiako zenbait hedabidek. Informazio horien arabera, sabotaje ekintzak egiteko asmoa zutela aitortu dute, baina ukatu egin dute pertsonen kontrako ekintzak edo ekintza terroristak egitera zihoazenik.

Xavier Pellicer Alerta Solidariako abokatuaren esanetan, bi atxiloturen ustezko deklarazioak Guardia Zibilaren «manipulazio eta presio jarraituen» ondorio lirateke. Abokatuak salatu zuen auzipetuei «terrorismoaren kontrako legea era ezkutuan» ezarri zaiela, eta Madrilera bidean legez kanpoko galdeketak egin zizkietela.

Auzia sekretupean egonagatik ere, atzo etengabeak izan ziren hainbat xehetasun ematen zituzten albisteak. Ustezko zenbait informazio argitaratu zituzten hainbat komunikabidek: besteak beste, Mossoen kuartelen argazkiak zituztela sakelakoetan, abandonatutako harrobietan lehergaiekin probak egin dituztela erakusten duten bideoak daudela, eta ekintzak egiteko asmoa zutela urriaren 1ean edo Kataluniako lider independentisten kontrako epaia jakitean.

CDRek deituta, atzo mobilizazioak egin zituzten Kataluniako zenbait hiritan, gaueko zortzietan, atxilotuen askatasuna eskatu eta «errepresioa» salatzeko. Ordubete geroago —21:00etan—, lapiko jotze bat ere egin zuten.

Kataluniako Parlamentuak zilegitasuna aitortu dio desobedientziari, eta Madrilek inpugnatu egingo du ebazpena

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.