LAB eta CGT batera mobilizatuko dira maiatzaren 1ean, Baionan

Manifestazio bateratua eginen dute bi sindikatuek eta herri mugimenduko eragileek Langileen Nazioarteko Egunean. Deialdiarekin bat eginez, gazte blokea osatzera deitu du gazte mugimenduak

Sindikatuen manifestazio bat, 2016an, Baionan. ISABELLE MIQUELESTORENA.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2019ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Ezohiko argazkia eskaini duteBaionan LAB eta CGT sindikatuek. Maiatzaren 1eko Langileen Nazioarteko Egunerako mobilizazio bateratura deitu dute, Bizi mugimendu altermundialista, gazte mugimendua eta zenbait talde feminista batzen dituen EBA Egiazko Berdintasunaren Alde plataformarekin batera. Baionan eginen dute manifestazioa, 11:00etan, Lan Burtsatik abiatuta; ondoren, elkarteen herrixka antolatuko dute merkatuko plazan. Beste sindikatu eta eragileei ere dei egin diete, mobilizazioarekin bat egin dezaten.

Sei zutabe izanen ditu mobilizazioak, deitzaileek adostu dituzten aldarrikapenen araberakoak, eta horien ondotik joanen dira sindikatuen ordezkaritzak. Hala, klimaren aldeko borroka, munduko langileriaren defentsa, babes sozialaren eta zerbitzu publikoen defentsa, gazteriaren prekaritatearen salaketa, eta gizonen eta emazteen arteko berdintasunaren aldarrikapena izanen dira aurtengo maiatzaren 1eko mobilizazioaren lehen lerroan. «Langileen kontrako erasoak ugaritzen ari dira», Eñaut Aramendi LABeko koordinatzailearen arabera, eta, horregatik, «ezinbestekoa da indar guziak batzea». Dominique Pons CGTko kidearen hitzetan, «kapitalak egunero kolpatzen gaitu».

Gazte mugimenduaren blokea izanen da aurtengo beste berezitasunetako bat. Unai Arkauzek ohartarazi du azken hilabeteetan eremu ezberdinetako gazteak anitz mobilizatzen ari direla, izan ikasle protestetan, izan klimaren alde, izan G7koen gailurraren kontrako mugimenduan. «Gazte horiek guziak saretu eta manifestaziora bideratzea da gure helburua», adierazi du. 10:00etan ezarri dute ordua, Baionako presondegian, ondoren manifestazio nagusira txertatzeko.

Batasuna lehenetsia

Ezin erran LABek eta CGTek azken urteetan harreman biziki onak izan dituztenik. Urteetan, intersindikaletik kanpo utzi dute sindikatu abertzalea, eta, duela bi urte, enpresa txikietako hauteskundeetara aurkeztu zuen zerrendari helegitea ezarri zion CGTk. Gaurko prentsaurrekoan adierazi dutenez, sindikatuaren oinarriak eskatu dio elkarlanean aritzeko. «Batasuna lehenetsi dugu. Macronen gobernua biziki bortitz ari da langileriaren kontra; ezinbestekoa da elkarlanean aritu gaitezen. Haserretzen gaituena baztertu eta adostasunak aitzinean eman ditugu», adierazi du Ponsek, iragana iraganean uzteko eskatuta. Bide beretik jo du LABek ere: «Sindikatu blokeen eskematik ateratzea lortu dugu. Ez dugu denean bat egiten, baina batera aritzera kondenatuak gara; zatiketak baztertu behar ditugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.