Gutxieneko lan eskubideak plataformetako beharginentzat

Europarlamentuak araudi berri bat onartu du prekaritatea mugatzeko Deliveroo eta Uber plataformetako langileentzat. Hiru urte barru bete beharko dute legea

Europarlamentuko saioa, atzo, Estrasburgon. PATRICK SEEGER / EFE.
Jon Fernandez.
2019ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Uber eta Deliveroo moduko plataformetako langileen lan baldintza prekarioei gutxieneko muga batzuk jarriko dizkiote EBko herrialdeek Europako Parlamentuak hala eskatuta. Atzoko bozketan, 466 europarlamentarik bozkatu zuten zuzentarau berriaren alde, 145ek kontra, eta 37 abstenitu egin ziren.

Europako 200 milioi soldatapeko bere burua lankidetza ekonomiatzat jotzen duen sektoreko «lan linbotik» aterako dituztela adierazi du Marianne Thyssen EBko Enplegu komisarioak. Halere, bolanderarik ez botatzeko esan diote sindikatuek eta ezkerreko alderdiek, izan ere, zuzentarauak ez ditu babestuko zazpi egun baino gutxiagoko kontratuak dituzten beharginak. Halaber, zuzentarauaren babesetik kanpo geratuko dira familia batek zuzenean kontratatutako etxeko langileak, larrialdi zerbitzuetakoak, marinelak eta sektore publikoko langileak.

1991ko zuzentaraua berrituko du oraingoak, eta plataformek eta konpainiek hiru urteko epea izango dute araudi berria betetzeko. Aurrerantzean, enplegatzaileek lehenengo egunetik esan beharko diote enplegatuari zeintzuk diren kontratuaren oinarrizko ezaugarriak —eta lehen zazpi egunen barruan, ohiz kanpoko kasuetan—: egin beharreko lanak, lanean hasteko data, kontratuaren iraupena, soldata eta lanaldi mota eta ordutegia. Ordutegia ezin bada aurrez jakin, erreferentziazko ordu batzuk eman beharko dituzte.

Horrez gain, arau berriak ezarriko du proba aldia ezingo dela izan sei hilabete baino luzeagoa, eta kontratu bat lanpostu berbererako berritzen bada, ezingo da berriz ere proba aldi bat egin.

Thyssen kontserbadoreak Europako lan legedia «modernizatzea» txalotu du, eta Javi Lopez sozialista katalanak nabarmendu du zuzentarauak Europaren «norabidea» erakusten duela: «Babesa ematen duen Europa bat, arima soziala daukana». Haatik, Paloma Lopez Ezker Batuko europarlamentaria kexu agertu da, «azkenean, zuzentarauak lehendik babesten zituenak babesten dituelako». Salatu du, halaber, estatuek zuzentaraua hobetzea trabatu dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.