Produktu batzuk «ahalik eta merkeena» eskainiko dituzte Ipar Euskal Herrian

Frantziako Gobernuak ez du oinarrizko saski bateratu bat lortu, baina banaketa taldeek agindu dute prezio apalagoko produktu sorta bat eskainiko dutela

Erosketa orgak Nizako Carrefour saltoki batean, artxiboko irudi batean. SEBASTIEN NOGIER / EFE.
Iker Aranburu.
2023ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Frantziako Gobernuak amore eman du oinarrizko produktuen saski bati gehienezko prezioa ezartzeko saioan. Horren ordez, akordio bat egin du banaketa talde handiekin, haiek aukeratzen duten produktu sorta bat «ahalik eta merkeena» eskaintzeko.

Bruno Le Maire Ekonomia ministroak azaldu duenez, supermerkatuek produktu horien irabazi tartea ahal bezainbeste txikituko dute, baina ez, ordea, laborariena eta industria ekoizleena. Produktu horiek «inflazioaren aurkako hiruhilekoa» esaten duen labela izango dute, Frantziako bandera batean idatzia.

Ministroak agindu du iruzurraren aurkako zerbitzuak egiaztatuko duela banatzaileek beren marjinen kontura merkatzen dituztela prezioak, eta ez banaketa kateko beste eragileen kontura. Horretarako, katebegi bakoitzaren irabazi marjinak argitaratzekoa zen atzo bertan, eta gauza bera egingo du hiru hilean behin.

«Tresna masiboa, eraginkorra eta babeslea izango da», ziurtatu du Le Mairek. Egun gutxi barru sartuko da indarrean, hiru hilabetez. «Gure herrikideak prezio igoeratik ahal bezain ongi babestu nahi ditugu [...] Inflazioaren kostua partekatu behar dugu».

Finantza Ministroak baztertu egin du Espainiako Gobernuak oinarrizko elikagaien prezioa jaisteko hartutako bidea, BEZa jaistearena. «Ez da eraginkorra, eta kostu handia du estatuarentzat». Halaber, dekretu bidez prezioak izoztea ere baztertu du. «Beste batzuek esaten dute nahikoa dela administrazioaren aginduz prezioa blokeatzea. Sentitzen dut, baina merkataritzaren askatasunean sinesten duen herrialde batean gaude. Ez dagokigu guri prezioak finkatzea: banatzaileek egingo dute ahalegina, haiek hautatutako produktu batzuetan».

Hasieran, ordea, bestelakoa zen Parisko gobernuaren asmoa. Olivia Gregoire Merkataritza ministroak oinarrizko saski bateratu bat osatzeko ideia proposatu zuen abenduan, eta orduz gero saiatu da banaketa kate handiekin saski horretan zein produktu sartu behar ziren negoziatzen.

Alferrik izan da, baina presioak izan du ondoriorik: supermerkatuetako jabeak behartu ditu neurri propioak aurkeztera. Systeme U izan zen lehena bere saski merkea eskaintzen, 150 produktu «kostu prezioan», eta denbora mugarik gabe. «Arrakasta handia izan da», ziurtatu du Dominique Schelcher Systeme U-ko buruak, produktu horien salmenta %20 handitu baita.

Asteburuan jarraitu diote beste banaketa kate gehienek. Carrefourrek «prezio blokeatuko» 200 produktu salgai izango ditu martxoaren 15etik ekainaren 15era. Tartean izango dira ehun bat elikagai, baina baita lixiba eta haurrentzako pixoihalak ere. Intermarchek, berriz, 500 produktu sartu ditu bere oinarrizko saskian: bere markako 470 produktu eta 30 produktu fresko (barazkiak, fruta, arraina...). Monoprixek «prezio kontrolatuko» 87 produktu gehituko dizkio azkenaldian eskaini dituen 300 produktu merkatuei.

Kate horietako arduradunak Le Mairerekin agertu ziren atzo, gobernuarekin lortutako akordioaren berri emateko. Baina haien artean bazen hutsune oso esanguratsu bat: Leclercena. Hura da, Carrefourren aurretik, liderra Frantziako merkatuan, baina Michel Edouard Leclerc haren presidenteak ez du parte hartu nahi izan gobernuaren «komunikazio politikan». «Ez naiz argazki batean aterako esateko Leclercek merkeago saltzen duela».

Janaria, %14,5 garestiago

Insee estatistika erakundeak iragan astean aurreratu zuenez, inflazioa bi hamarren handitu zen otsailean Frantzian, %6,2raino. Baina are gehiago handitu zen elikagaien prezioen igoera: %13,3tik %14,5era, batez ere janari freskoen eraginez.

Hurrengo hilabeteetan inflazio tasa orokorrak behera egitea espero den arren, elikagaiena jaisteko ziur asko hilabete gehiago itxaron beharko da, energiak udazkenetik hona izan duen merkatzearen eran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.