69 langile hil ziren iaz Euskal Herrian beren lanpostuetan. 2021ean baino bat gehiago izan ziren, eta 2020an baino lau gutxiago. Horiek hala, guztira 530 lagun hil dira lanean azken hamarkadan. LAB sindikatuak urtero lan istripuen inguruan egiten duen txosteneko daturik deigarriena da. Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak, baina, beste ondorio bat nabarmendu zuen txostenaren aurkezpenean, atzo: «Heriotzen erdiak baino gehiago eragotzi zitezkeen oinarrizko prebentzio neurriekin, baina ez dira hartzen». Alde horretatik, salatu zuen erakundeek eta enpresek borondate gutxi dutela prebentzioan sakontzeko.
Sektorekako galbahea eginez gero, industrian izan zen hildako gehien (22 hildako, %31,8), eraikuntzaren (hogei hildako, %28,9) eta garraioaren (bederatzi hildako, %13) aurretik. Laugarren postuan dago basogintza, lau hildakorekin, baina, proportzioa kontuan hartuz gero, hartan izan zen hildako gehien. Sindikatuaren arabera, Euskal Herrian mila langile inguru aritzen dira mendi basogintzan; ondorioz, hiltzeko arriskua eraikuntzan baino hamabost aldiz handiagoa da, Inko Iriarte sindikatuko lan osasuneko arduradunak azaldu zuenez.
Eraikuntza da proportzioan hildako gehien duten sektoreetan bigarrena, eta hor erorikoak izaten dira heriotza arrazoi nagusia. Iaz, 11 izan ziren leku garai batetik erorita hildako langileak. Kolpe eta harrapaketen erruz hildakoak, berriz, hemezortzi izan ziren: gehienak, industrian. «Prebentzio neurriak oso ondo zehaztuta daude industrian, baina lantoki gehienetan ez dira betetzen», azaldu zuen Aranburuk.
Guztira, heriotzen %33, 23 istripu ez-traumatikoen ondorioz gertatu ziren. Iriartek nabarmendu zuen garraio sektorean besteetan halako bi dela batezbesteko hori. «Bederatzi hildakoetatik sei izan ziren ez-traumatikoak, gehienak arazo kardiobaskularren ondorioz», aletu zuen. Sindikatuaren ustez, hori ez da kasualitatea, eta ondorioztatu du sektoreko lan baldintzek ez dutela aukerarik ematen bizimodu osasuntsua egiteko.
Gaixoen datuak falta dira
Heriotza ez-traumatikoen haritik, LABen kalkuluen arabera, 276 inguru izan ziren iaz laneko gaixotasunen ondorioz hildakoak. Kalkulu bat da; izan ere, Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, laneko gaixotasunek eragindako heriotzak halako lau eragiten dituzte. Aranburuk salatu zuen kalkuluak egin behar izaten dituztela, erakundeek ez dituztelako benetako datuak biltzen.
Azaldu zuen jatorria lanean duten gaixotasunak diagnostikatzen direnak baino askoz gehiago direla, eta emakumeak direla kaltetuenak: «Lan errepikakorrek eta zaintza lanek osasunean izandako eragina pairatzen dutelako». Prebentzio faltaren arazoan sakondu, eta aipatu zuen lan ikuskariak falta direla. Era berean, salatu zuen ez dagoela «inolako neurririk» zigortuak izan diren enpresentzat: «Prebentzio neurrietan ez inbertitzea irabazi iturri bihurtu da patronalarentzat».
Azkenik, oso kritikoa izan zen mutualitateekin. «Osasun zerbitzuak pribatizatzen ari direla esaten dugu orain. Lan osasunean aspaldi hasi zen prozesu hori». Mutualitateei botere handiegia eman zaiela uste du, eta haien lehentasuna ez dela laneko osasuna zaintzea, «kostuak murriztea baizik». Sindikatuak argi du langileak osasun zerbitzu publikoan artatu beharko liratekeela.
LAB: «Iazko lan heriotzen erdiak eragotzi zitezkeen oinarrizko babes neurriekin»
Sindikatuaren txostenaren arabera, iaz 69 pertsona hil ziren lanean Euskal Herrian. Basogintzari loturiko jarduerak oso arriskutsuak direla adierazi dute beste behin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu