ELAk salatu du Nafarroako aurrekontuak «legealdiko okerrenak» izango direla

Europako funtsak kenduta, 2023ko aurrekontuak %1,6 baizik ez dira igoko, BPGaren eta KPIaren «oso azpitik». EH Bilduk aurrekontuak «apaindu» izana kritikatu du

Iñaki Zabaleta, Saioa Urriz eta Imanol Pascual, atzo. ELA SINDIKATUA.
joxerra senar
Iruñea
2022ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Atzo, oso kritiko agertu zen ELA Nafarroako 2023ko aurrekontuen lege proiektuarekin, «antisozialak» direla ondorioztatu baitu. Sindikatuaren arabera, gizarte eragileen eta sindikatuen parte hartzerik gabe egin dira, eta ez dute nahikoa diru sarrerarik egoera ekonomiko zailari eta pobreziari erantzuteko. Imanol Pascual ELAren Nafarroako koordinatzailearen arabera, Europako funtsak aintzat hartu gabe, %1,6 baizik ez dira handitu aurrekontuak, BGParen eta inflazioaren «oso azpitik». Horregatik uste du «legealdiko aurrekonturik okerrenak» direla.

Gaur-gaurkoz, aurrekontuen lege proiektua eta zerga neurrien inguruko beste lege proiektu bat bide egiten ari dira parlamentuan, eta espero da abenduaren 22ko osoko bilkuran onartzea. Azaroaren 4an, Nafarroako Gobernuakakordioa erdietsi zuen EH Bildurekin, eta, haren abstentzioarekin, ziurtatua du gehiengoa.

EH Bilduk hamabost milioi euroren ekarpenak egin ditu 2023ko aurrekontuetan. Imanol Pascual ELAko Nafarroako koordinatzailearen arabera, «%0,26 baizik ez du aldatu». Akordioaren testuan aipatzen denez, «aberastasuna banatzeko eta trantsizio energetikoa bultzatzeko» konpromisoa hartu dute bi aldeek. «Bereziki ulertezina da hori, hitzok gezurra baitira. Gobernuak ez du borondaterik enpresei zergak igotzeko, eta AHTaren lanek eta Erdizko meategiak adierazten dute ez dutela konpromisorik trantsizio energetikoan», esan du Pascualek. Gaineratu duenez, «ezkerrak beste funtzio bat bete behar du, eta ezin da mugatu aurrekontuak apaintzera».

2023ko aurrekontuak 5.749 milioi eurorenak izango dira, eta aurkezpenean gobernuak nabarmendu zuen %9 handituko direla aurtengoen aldean. Alta, Susperraldirako eta Erresilientziarako Mekanismoaren 185 milioi euroak kalkulu horretatik kendu behar direla uste du ELAk, Europako funts horien araudiak zehazten baitu ezin direla gastu arrunterako erabili. Hala, 2023ko aurrekontuak %1,6 baino ez direla handituko salatu du sindikatuak; ordea, aurten BPGa %4 eta inflazioa %8,9 handitzea espero da.

Iñaki Zabaleta Ikerketa bulegoko arduradunaren ikuspegitik, «zor publikoari esker itxiko da aurrekontua». Egun, hamar eurotik bat zorra finantzatzeko jartzen da: legealdian, 442 milioi eurotik 628 milioira handitu da zorraren finantzaketari dagokion saila. ELAk azaldu du UPNren garaian erabilitako itzalpeko bidesarien ereduaren lorratza sakona dela atal horretan, %800 handitu baita 2008an ezarri zenetik: egun, 111 milioi euro ordaintzen dira Pirinioetako eta Bideko autobideen edo Nafarroako ubidearen kanonen bidez.

850 milioi gehiago

Finantza egoera horretan sektore publikoak indarra galdu duelauste du ELAk. Sindikatuaren arabera, Europako Batasunaren batezbestekora heltzeko, 850 milioi euro gehiago inbertitu beharko lirateke zerbitzu publikoetan. Zehazki, 2023an Osasun Departamentuak 1.324 milioiko aurrekontua izango du, BPGaren %5,6koa, baina bi puntu pasako tartea falta zaio EBren batezbestekora heltzeko (%8). Hezkuntzan, berriz, 1,6 puntu falta zaizkioEBko erreferentziara iristeko.

Gainera, ELAk salatu du errenta bermatuan 8,5 milioi euro gutxiago ordainduko direla 2023an. ELAren arabera, aurreko legediak lanbide arteko gutxieneko soldata hartzen zuen aintzat errenta ordaintzeko, eta, gutxieneko soldata 1.000 eurora igo denez, gizarte arloko inbertsio hori %51 igo beharko litzateke. Alta, 2016anerreferentzia hori kendu zen, eta norbanakoentzako errenta 658 eurokoa da egun. Sei urtean, 58 euro baino ez da handitu.

Azkenik, sindikatuak irmo salatu zuen enplegu planari lotutako ekintzetarako 182 milioi euro finantzatzen direla berez. ELAren arabera, enplegu politika horiek «pribatizatzen ari dira», CCOO, UGT eta CENen mesedetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.