Aste Santuak berretsi du turismoa atzean uzten ari dela koronabirusa

Iazko martxoko turisten sarrerak halako bost egon dira aurtengoan Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Nafarroan, nekazaritza turismoko aterpeak %87 bete dira Aste Santuko oporraldian

Turistak argazkiak ateratzen, Bilboko Guggenheim museoaren plazan, egunotan. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
xabier martin
2022ko apirilaren 22a
00:00
Entzun

Turismoarentzat izan den oztopo izugarri hori izateari utzi dio koronabirusak hein handi batean, jakinarazi dituzten azken datuei erreparatuta. Eustaten arabera, iazko martxoko turisten sarrerak halako bost egon dira aurtengoan Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta kaleko paseo batean Donostian, Bilbon, Baztanen eta euskal kostalde osoan bertatik bertara ikusi ahal izan dena kopuruz azaldu du euskal institutuak: aurtengo martxoan 232.815 gaualdi gehiago izan dira iazkoan baino. Nafarroan, berriz, Iberiar penintsulako nekazaritza turismorik sendoena edukita, aterpe horien %87 egon dira beteak Aste Santuko egunetan. Turismoaren sektoreak izan duen bi urteko itolarria atzean geratzen hasi da, beraz.

 

Martxoan, hoteletako sarrerak %132,5 gehitu dira, eta gaualdiak, %146,5, urte arteko tasan. Guztira, 209.119 sarrera egon dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta 391.781 gaualdi. 2021eko martxoan, 89.930 sarrera eta 158.966 gaualdi izan ziren. Atzerritarren sarrerak %31,6 izan dira, eta gaualdiak, %32,9; ehuneko hori askoz ere handiagoa da, ordea, Espainiatik, Kataluniatik eta Galiziatik etorritakoak ez baititu atzerriko multzo horretan sartzen Eustatek. Duela urtebete, euskal institutuak zenbatzen dituen atzerritarren sarrerak %14,7 izan ziren soilik, eta gaualdiak, %16,2.

Bistan denez, barne turismoa da nagusi oraindik ere sektorea suspertzen ari den aldagai gisa, baina, koronabirusak atzera egiten duen heinean, Iberiar penintsulatik kanpoko bisitari gehiago iristen ari dira, eta, horrekin batera, sektorea suspertuz doa gero eta hauspo handiagoarekin. Hala, aurtengo Aste Santu biziaren ondoren, eragileek hobetu egingo dituzte udara begirako aurreikuspenak.

Horiek horrela, Araban izan dira hotel establezimenduetako hileko sarreren %14,6; Bizkaian %43,7, eta Gipuzkoan %41,7. Gaualdiei dagokienez, Araban 58.902 izan dira, gaualdi guztien %15,0; Bizkaian 171.384 izan dira (%43,7), eta Gipuzkoan, 161.495 (%41,2). Hiru lurraldeetan, hala sarrerak nola gaualdiak nabarmen igo dira, eta atzerriko turistenak nabarmendu ditu Eustatek. Gipuzkoan igo da gehien gaualdien kopurua (%161,3); gero, Bizkaian (%152,2), eta, azkenik, Araban (%101,6). 2022ko martxoko batez besteko egonaldia 1,87 egunekoa izan da, eta 2021eko martxoan 1,77 egunekoa izan zen.

Okupazio maila handia

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako martxoko okupazio maila %40,3ra iritsi da establezimenduen gaitasun osoa aintzat hartuta, eta % 50,2ra gelen arabera neurtuta. 2021eko martxoarekin alderatuta, hazkundeak %17,9 eta %19,9koak izan dira, hurrenez hurren. Errentagarritasuna, eguneko batez besteko tarifaren bidez neurtuta, 73,24 eurokoa izan da. Lurraldeari dagokionez, antzekoak dira balioak: Araban, 71,55 euro; Bizkaian, 73,55 euro; eta Gipuzkoan, 73,54 euro. Hiriburuen arabera, berriz, 86,11 eurokoa izan da Donostian; 76,98 eurokoa Bilbon, eta 62,97 eurokoa Gasteizen.

Aste Santuko datu zehatzak jakiteko, apirileko datuei erreparatu beharko zaie, hilabete barru ematen dituenean Eustatek, baina dagoeneko begi bistakoa da iazkoaren oso gainetik egongo direla. Nafarroan, esaterako, landa turismoko sektorean %87koa izan da okupazio maila. Bisitarien erdiak baino gehiago (%52) familian etorri dira; %36,6, bikotean; eta %11,1, lagunartean.

Kataluniatik iritsi dira turista gehienak Nafarroako landa turismoko etxeetara: iritsitako guztien %65 ia. Beste lurraldeetako euskal herritarrak dira hurrenak zerrendan, baina Madrildik ere asko heldu dira. Iberiar penintsulatik kanpokoak gutxi etorri dira, eta batez ere ingelesak izan dira.

Edonola ere, iazko Aste Santuko erreserbak halako bi izan dira aurten. Iazkoan %49koa izan zen okupazio maila. Izan ere, 2022ko Aste Santuko kopuruak %1 handiagoak izan dira pandemia aurreko azken Aste Santukoak baino, 2019koak baino alegia. %86koa izan zen okupazio maila orduan landa turismoko establezimenduetan.

Horrez gain, Nafarroako Kanpin Elkarteak jakinarazi du bungalow aterpeen okupazio maila %90-95ekoa izan dela. Lursailak, berriz, kanpadendak eta karabanak jartzen dituzten sailak alegia, %80 inguru bete dituzte Nafarroako kanpinek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.