Vladimir Putin Errusiako presidenteak erabaki garrantzitsu bat hartu beharko du datozen asteetan. Behe ganberako diputatuek Donetskeko eta Luhanskeko herri errepubliken independentzia aitortzeari buruzko bozketa eginzuten atzo, eta, baiezkoa gailendu zenez, onarpen hori egiteko ebazpen bat bidaliko diote laster Putini. Estatuburuak dokumentu hori sinatuko balu, ondorio politiko, juridiko eta militar handiak eragingo lituzke nazioartean. Baina, oraingoz, edozein erabakiren gainetik, Putini Mendebaldeari presio egiteko beste tresna bat jarri diote mahai gainean.
Viatxeslav Volodin behe ganberako bozeramaileak eman zuen bozketaren berri. 368 ordezkarik hartu zuten parte, eta 351k egin zuten horren alde. Zehazki, diputatuek diote Donbassko errusiarrek «laguntza behar» dutela, eta «helburu humanitarioak» dituzten «neurri egokiak» babesten dituztela. Izan ere, ordezkariek uste dute bi herri errepubliken aitorpenak «oinarriak» sortuko dituela «segurtasun bermeak ziurtatzeko» eta «errepubliketako biztanleria atzerriko mehatxuetatik babesteko». Diputatuek urteotako egoerari egin zioten erreferentzia esaldi horiekin.
Donetskeko eta Luhanskeko herri errepublikak Donbass eskualdean daude, eta eremu horretako indarrak gerran daude Ukrainako armadarekin 2014az geroztik. Urte hartan eta 2015ean, su-eten bat finkatzeko Minskeko Akordioak adostu zituzten, baina bi aldeetako inork ez ditu errespetatu —batez ere Kievek—; denera, 31.000 bat lagun hil dituzte gatazka horretan, baita 2,5 milioi desplazatu eragin ere.
Horietako askok Errusiara egin dute ihes, eta Moskuk laguntza militarra eta ekonomikoa helarazi die milizia errusiazaleei. Herri errepubliketan milioi erdi pasaporte ere banatu dituzte.
Putinek onarpena sinatuz gero, hainbat aukera izango lituzke mahai gainean: besteak beste, bi herri errepublikak anexionatzea, Krimearekin 2014an egin zuten modura; baita eremu horiek babes herri gisa aitortzea ere. Horrek, ziurrenik, Minskeko Akordioak amaitzea eragingo luke, Dmitro Kuleba Ukrainako Atzerri ministroak atzo ohartarazi zuen modura: «Errusia de facto [egitez] eta de iure [zuzenbidez] aterako da [adostasunetatik]».
Itun horien arabera, Donbassen hauteskundeak antolatu behar dituzte, eta eskualdeak estatus berezi bat jaso behar du, baina Ukrainako Gobernuak orain arte ez ditu bi puntu horiek bete. Kremlin horiek betearazteko presioa egiten aritu da urteotan, baina ez du ezer lortu Kieven partetik, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak baldintzatzat jarri baitu Moskuk Donbassko «mugen kontrola itzultzea».
Herri errepubliken independentzia aitortzeaz, Dmitri Peskov Errusiako Gobernuaren bozeramaileak atzo esan zuen Minskeko Akordioekin «konprometituta» dagoela gaur egun ere, eta oraindik ez duela horren inguruko erabakirik hartu. Hori bai, zehaztu zuen behe ganberaren eskariak «errusiarren nahia islatzen» dutela.
Egun berean, Ukrainako Parlamentuak auzi horri buruzko ebazpen baten inguruko bozketa egin zuen; horren bidez, nazioarteari eskatu dio ez aitortzeko Donbassko herri errepubliken independentzia. Eskaria Nazio Batuen Erakundeari, Europako Batzordeari, Europako Kontseiluari eta beste hainbat erakunderi helarazi die.
Donetsken eta Luhansken independentzia aitortzeko eskatu diote diputatuek Putini
Errusiako behe ganberak Donbassko herri errepublikak onartzeari buruzko bozketa egin du. Kievek dio ebazpena sinatzeak Minskeko akordioen amaiera ekarriko duela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu