Inork ez du kristalezko bolarik jakiteko Espainiako koalizio gobernuak nahikoa babes lortuko duen Kongresuan lan erreforma aurrera ateratzeko, baina alderdien jarreraren egungo argazkiak agerian uzten ditu zenbait ondorio, eta horietako bat da lan erreforma nekez onartuko duela Espainiako Kongresuak, behinik behin lan hitzarmenen lehentasuna aldatzen ez badute.
Negoziazio betean ari dira alderdi politikoak, eta argazki hori mugitzen ari da; horregatik ez da erraza aurreikustea PPren 2012ko erreforma ordezkatuko lukeen araudia indarrean jarriko den ala ez. Dena den, gaur-gaurkoz garbi dago blokeo egoera bat dagoela: PSOEk ez du ukitu nahi testua, beharbada CEOErekin konpromiso bat duelako haren baietzaren truke, eta estatuko lan itunen nagusitasuna bere horretan utzi nahi du, entzungor eginez Euskal Herriko eta Kataluniako alderdi abertzaleen eskaerari.
Erreformaren aurka bozkatzea «2012ko erreformaren alde bozkatzea» dela helarazi die PSOEk ezkerreko alderdiei, alde batera utzita gobernuak PPren lan araudia baliogabetzeko promesa bete duen ala ez, eta eztabaidan sartu gabe ezkerrak aukera historiko bat galdu ote duen. Kalkulagailua atera eta kontuak egiten hasiz gero, ordea, ezinezkoa ematen du erreformak aurrera egitea, alderdi bakoitzak jarri dituen baldintzei eusten badie behintzat.
Erreforma dagoen moduan onartzeko prest daudenek ez lukete gehiengo osoa, baina beharrik ere ez, beste zenbaitek abstentziora joko balute. PSOEk eta Unidas Podemosek 155 boto dituzte, eta horiei beste zenbait talde txikirenak gehituko zaizkie seguruenik. Kontua da Mas Pais, Koalizio Kanariarra, Teruel Existe eta Compromis baiezkora batuko balira ere ez litzatekeela nahikoa izango; are, Kantabriako PRC alderdi erregionalista baiezko taldean sartuta ere, gobernuak ez luke babes nahikorik izango erreforma aurrera ateratzeko.
Abertzaleak giltzarri
Izan ere, PPk eta Voxek jakinarazi dute aurka bozkatuko dutela (140 boto), eta, nahiz eta Ciudadanosek bere burua eskaini duen negoziatzeko, haren bederatzi diputatuekin ere ez litzateke babes nahikorik lortuko. Ez, behintzat, gainontzeko alderdiek aurka bozkatuko balute. Gobernua 170 botoren langan geldituko litzateke, gehiengo osoa iritsi gabe.
Hortaz, ERC, EAJ eta EH Bildu dira giltzarria Espainiako Gobernuaren lan erreformak aurrera egin dezan, eta, beste maila batean, PDeCAT (lau diputatu). Horien baietza edo abstentzioa lortu beharko du gobernuak lehenbailehen, otsailaren 7an bukatuko baita erreformaren dekretua berresteko epea. ERCko hamahiru diputatuen pisua funtsezkoa da berriro Pedro Sanchezen gobernuarentzat, eta Kataluniako independentistek negoziaziorako eskaini dute beren burua, baina «txeke zuririk gabe».
Beste hainbeste egin du EAJk, baina garbi utzita euskal lan itunen lehentasuna ez bada bermatzen ezezkora egingo dutela bere sei diputatuek. Jeltzaleek, ordea, bizitzeko gutxieneko diru sarreraren transferentzia egin gabea aipatzen dute erreformaz galdetzen dietenean, eta kontu horrek bere garrantzia eduki dezake azkenerako.
EH Bilduk, berriz (bost diputatu), oso garbi utzi du herrialdeko sektoreko itunak izan behar duela nagusi lan araudian, eta ez estatukoak; baina, horrez gain, beste zenbait baldintza jakinarazi ditu, eta horien berri eman zion Lan Ministerioari atzo. Kaleratze errazen eta merkeen araudia aldatu nahi du; kalte ordainak 2012ko erreformaren aurreko mailara lehengoratzeko eskatu du, eta kaleratze kolektiboak egiteko enpresek bete behar dituzten baldintzak zorrozteko. Gainera, lan agintaritzaren baimena derrigorrezkoa izatea exijitu du, PPren erreformaren aurretik zen moduan. 2020ko maiatzean, koalizioak itun bat egin zuen gobernuarekin lan erreforma baliogabetzeko, eta itun hori ez da bete.
Beraz, aurreikus daiteke EH Bilduk ezezkora joko duela, ELA eta LAB sindikatuek eskatu dioten moduan, eta EAJrekin eta ERCrekin bilatu beharko duela akordio bat Madrilek, eta erreforma itunen lehentasunari dagokion puntuan ukitu, haien baiezkoa edo abstentzioa lortzeko.
Kontakizuna eraikitzen
Baina erreforma dagoen moduan geratuko dela adierazi du gobernuak gaur arte, CEOE eta Brusela begira dituen bitartean. Aritmetikaren egiak aldaketak egongo direla islatzen du, ordea; hortaz, Sanchez bere kontakizuna osatzeko lanetan dabilela pentsa daiteke. CCOO eta UGT sindikatuekin eta CEOE patronalarekin egindako akordioan pitzadura handia eragin dezake azken testuan zenbait aldaketa sartzeak; are, CEOEk ituna utz dezake. Hala gertatuko balitz, gobernuak ahal duen guztia egin duela esateko tartea luke egunotako jarrerari erreparatuta. Segurua baita erreforma aurrera ez ateratzea porrota litzatekeela PSOE eta Unidas Podemosentzat, eta hori eragoztea dutela lehen helburua.
Erreforma ez dute aurrera aterako lan itunen lehentasuna aldatu gabe
ERCk, EAJk eta EH Bilduk iragarri bezala ezezko botoa ematen badute, lan araudi berriak ez du babes nahikorik izango Kongresuan. Negoziatzeko prest daude, baina testua aldatzea nahi dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu