Bruselak ez du erosketa bateraturik onartuko gasaren prezioari eusteko

Soilik hornidura «arazo larriak» dituzten estatuei baimenduko die beste herrialde batzuekin batera erosketak egitea. Biltegien maila dela eta, lasaitasun mezua bidali du, baina kontrol gehiago nahi du

Errusiatik Alemaniara doan Nord Stream 2 gasbidea eraikitzen aritu ziren beharginak, lanak bukatutzat eman ondoren, ekainean. AXEL SCHMIDT / EFE.
jokin sagarzazu
2021eko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Europako Batasuneko herrialdeek ezingo dute gas erosketa bateraturik egin gaur egungoa bezalako egoeretan: alegia, gasaren prezioa nabarmen garestitzen denean. Estatu kideak batu ahal izango dira horniduran «arazo larriak» dituztenean, erreserbak gutxienekotan daudenean. Eta hori ez da gaur egungo egoera, Kardri Simon Energia komisarioak azpimarratu duenez: «Oraintxe bertan, %62ko ahalmenean daude Europako erreserbak, eta hori ohi baino %12 gutxiago da soilik».

Batasuneko estatu kideek hilabeteak eman dituzte gaiari buruz eztabaidatzen. Europako herrialdeek kanpotik ekarri behar dute gasa, Errusiatik, Aljeriatik eta AEBetatik nagusiki, eta, lehengaien merkatuan dauden hornidura arazoengatik eta bestelako auzi geopolitiko batzuengatik, gasaren prezioa inoiz ikusi gabeko kopuruetan dago, eta herrialde denei ari zaie eragiten. Prezio horiek apaltzeko, Espainiak eta Frantziak erosketa bateratua egitea proposatu zioten Bruselari, baina Alemania eta Belgika, adibidez, aurka azaldu ziren, eta erdibideko akordioa lortu dute azkenean.

Muturreko egoeran soilik egin ahal izango dituzte halako erosketak, eta ez dute estatu kide guztiek parte hartu behar; «borondatezkoa» izango da, eta parte hartzen duten herrialdeetako operadoreek eta sareko arduradunek beren gain hartu beharko dute gasaren garraioa eta horren kostua. Hori bai, erosketa asmoen berri aldez aurretik eman beharko diote Batzordeari, eta operazioak estatu kideen babesa beharko du.

Gasaren merkatuan gertatzen ari denarekin lasai dago Brusela. Uste du udaberritik aurrera egoera bere onera itzuliko dela eta gas biltegien egungo egoera ez dela kezkatzeko modukoa. Hala ere, horien gaineko kontrola indartu behar dela azpimarratu du, eta estatu kideei eskatu die beren erreserbak etengabe ebaluatzeko, eta hainbat neurri hartzeko, aurrerantzean arazorik ez izateko: adibidez, azpiegitura horien jabeei gutxieneko gas maila bat eskatzea edo enkanteak antolatzea.

Gasbide berririk ez

Batzordeak Europako energien merkatua deskarbonizatzeko helburua duten egitasmoen zerrenda bat egin du, eta hor azaltzen da gasari buruzkoa. Hidrogeno berdea bultzatzeko eta metano eta karbono emisioak murrizteko proposamenak ere jaso ditu. Beste egitasmo bat aurkeztu du Europa osoko eraikinen %15 berritzeko, 30 milioi inguru, 2030erako: 150.000 milioi euro jarriko lituzke horretarako.

Batzordearen proposamenez gain, Kontseiluak eta parlamentuak akordioa egin dute Europa energia sareei buruzko erregelamendua aldatzeko (RTE-E). Horren arabera, 2030etik aurrera ez da egingo gasbide eta petrolioarekin loturiko azpiegitura gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.