Nafarroan susperraldia moteltzen hasi da, hornidura arazoek eraginda

Bigarren hiruhilekoan ekonomia %2,6ko erritmoan hazi ostean, jarduera %1,8 handitu da bakarrik uztailetik irailera, inbertsioak eta kontsumoa apaldu baitira. Kanpo merkataritzak atzera egin du

joxerra senar
Iruñea
2021eko urriaren 30a
00:00
Entzun
Aurreko astean, Joseba Madariaga Laboral Kutxako Ikerketa zuzendariak nabarmendu zuen uztailetik kontsumoa eta jarduera ekonomikoa apaltzen ari direla nazioarteko hornidura arazoen eta prezioen igoeraren ondorioz. Atzo, Nastat estatistika erakundeak joera hori baieztatu egin zuen. Aurtengo bigarren hiruhilekoan ekonomia %2,6 hazi ostean, uztailetik irailera bitartean hazkundea moteldu egin da, %1,8 handitu baita aurreko hiruhilekoarekin alderatuta. Iazko udako datuekin alderatuta, %4,1 handitu da ekonomia urtebetean.

Ikusi beharko da urtea amaitu bitartean joera hori areagotu egiten den ala ez. Dena den, gobernuak oraingoz ez ditu aurreikuspenak aldatu, eta, asteazkenean, aurrekontuen aurreproiektua aurkeztu zuenean, %7,7ko hazkundea iragarri zuen 2021erako.

Urte gorabeheratsua izaten ari da. BPGaren bilakaerari erreparatuta, zerra baten antza hartu du grafikoak, gora eta behera. Lehen hiruhilekoan, pandemiari aurre hartzeko ezarritako murrizketen ondorioz, atzera egin zuen barne produktu gordinak (-%0,5), baina udaberrian txertaketa prozesuak bizkortze handia izan eta gero, espero zen bezala, jarduera ekonomikoa indarrez suspertu zen. Haatik, itxaropen horiek zapuztu egin ditu udan gertatutakoak.

Eraginik agerikoena industrian jazo da. Autogintzako erdieroaleen krisia nabaritu du autogintzak eta industriako beste sektoreetan lehengai falta dago. Alde batetik, kanpo merkataritzak ekonomiari egindako ekarpena «tasa negatiboetan» dago, atzera egin baitu.

Bestetik, herenegun kaleratu zuen Nastatek enpresen konfiantza neurtzen duen adierazlea, eta datuek agerian uzten duenez, industriak ezkor ikusten du etorkizun hurbila. Lehengai eskasiaren ondorioz, garraioa, metalgintza eta mineralekin eta metalekin lan egin duten enpresak dira ezkorrenak. Nastaten arabera, industriaren produkzio ahalmena %75ean dago. Aurten, bigarren hiruhilekoan %79an izan da, eta iaz, garai berean, %80an zegoen.

Kapital eraketa gordina —enpresen inbertsio eta irabaziak, alegia— leundu egin da, baina, eskaintzaren arazo horiek barne kontsumoari ere eragin diote. Behin pandemiaren okerrena pasatuta, espero zen hirugarren hiruhilekoan kontsumoak gorantz egingo zuela berriro, bigarren hiruhilekoko joerari segida emanez, baina erritmoa moteldu egin dela ondorioztatu du Nastatek.

Inflazioa gorantz

Kontsumoari bete-betean eragiten dio inflazioaren igoerak, eta lehengaien garestitze orokorrak zuzeneko ondorioak ditu sendiek egunerokoan erosi ohi dituzten produktuen eta zerbitzuen salneurrietan. Europa osoan gertatzen ari da goranzko joera. Izan ere, analistek espero baino gehiago handitu da inflazioa urrian eurogunean. Aurreikuspenek %3,7ko tasa iragarri bazuten ere, prezioen indizeak azkenean %4,1eko hazkundea izan du, 2008az geroztiko izandako igoerarik handiena.

Energia eta elikagai freskoak bezalako osagairik aldakorrenak kanpoan uzten dituen azpiko inflazioak ere gora egin du, azken bi hamarkadetan ikusi gabeko %2,1eko tasara. Eurostaten datuen arabera, energia prezioek %23,5eko igoera izan dute urrian eurogunean. Askoz ere apalago, baina prezioak igo dira ere elikagaien, edari alkoholdunen eta tabakoaren prezioak neurtzen dituen arloan (+%2,2); industria salgaietan (+%2) eta zerbitzuetan (+%2,1). Europako Banku Zentralak herenegun aitortu zuen inflazioa aurretik uste baino gehiago igoko dela, eta uste baino denbora gehiago egongo dela goian.

Hirugarren hiruhilekoko euroguneko hazkunde datuen aurrerapena ere zabaldu zuen atzo Eurostatek, eta, inflazioarekin ez bezala, BPGaren portaera analistek espero baino hobea izan da, hainbat herrialdetan arinduz joan direlako COVID-19ari lotutako murrizketak. Bigarren hiruhilekotik hirugarrenera, %2,2ko hazkundea izan du euroguneko ekonomiak, eta %2,1ekoa Europako Batasunekoak. Frantzian (%3) eta Italian (%2,6) sendoagoa izan da hazkundea, Alemanian (%1,8) eta Espainian (%2) baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.