Gipuzkoako enpresak kezkatuta daude irabazien murrizketagatik

Hornikuntza arazoak dituzte hamarretik zazpik. Adegik esan du egoera «koiunturala» dela, eta uste du %6ko hazkundearekin amaituko dela urtea, eta 3.000tik gora enplegu sortuko direla lurraldean

Jose Miguel Aierza eta Eduardo Junkera Adegiko buruak, atzo Donostian eginiko prentsaurrekoan. JUAN HERRERO / EFE.
jokin sagarzazu
Donostia
2021eko urriaren 9a
00:00
Entzun
Industriako lehengaien nazioarteko krisiak bete-betean harrapatu ditu Gipuzkoako enpresak, urte hasierako susperraldi erritmoa mantsotzeraino udaberritik hona. Lurraldeko hamar enpresatik zazpik diote arazoak izaten ari direla lehengaien hornikuntzarekin, eta horri gehitu zaiola, azken hilabeteetan bereziki, energien prezioen garestitzea, argindarrarenak nagusiki. Ohartarazi dute horrek guztiak murriztu egin dituela euren produktuen errentagarritasuna. «Askotan esan dugu: gaurko marjinak biharko mozkinak dira, eta etziko inbertsioak eta enplegua. Horregatik, hazkunde errentagarria da eta izan behar da helburua», azpimarratu du Jose Miguel Aierza Adegiko zuzendari nagusiak.

Egoerarekin kezkatuta azaldu den arren, patronalak aurreikuspen baikorra egin du. Uste du hornikuntza krisia «koiunturala» dela, Nazioarteko Diru Funtsak, Europako Batzordeak eta Nazioarteko Energia Agentziak, besteak beste, azaldu dutelako datozen hilabeteetan normaltasunera itzul daitekeela lehengaien merkatua. «Tesi hori da gertagarriena, gure ustez. Dena den, egia da denbora gehiago irauten badu hazkundea mantsotu daitekeela».

Hala ere, baikor azaldu da Adegiko zuzendaria, eta gaineratu du espero dutela lurraldeko ekonomiak %6-6,5eko hazkundearekin amaitzea urtea, eta, enpleguari dagokionez, 3.000tik gora lanpostu sortzea. Patronalaren azterketaren arabera, aurrera begira, enpresa gutxik murriztuko dituzte lantaldeak, hamarretik batek, baina soilik hamarretik bik handituko dituzte. Gainerakoek berdin jarraituko lukete. Enpleguarekin loturik, lurraldeko enpresen artean oso zabalduta dagoen ideia bat azpimarratu du Aierzak: langile kualifikatuak kontratatzeko zailtasunak. Hirutik batentzat da lehen arazoa.

Enpleguarena ez da, dena den, enpresa gehienen kezka nagusia, Adegiko buruaren arabera. Ez behintzat gaur-gaurkoz. Baina aitortu du egungo hornikuntza arazoek hala jarraitzen badute «beste aukerarik ez» ez dutela izango «produkzio kostuak kontrolatzea» baino.

Era berean, uste du energien prezioen gorakada bultzatzen ari den inflazioak ez duela ondoriorik izango lan itunen negoziazioetan; ez du «gatazkarik» aurreikusten, behintzat. «Daudenak errespetatu beharko dira. Eta berritu behar direnetan, ikusi beharko da errentagarritasun galera kontuan hartuz zer adosteko gai diren enpresak».

Grebaz: «Ez dakigu ezer»

Kazetarien galderei erantzunez, Aierzak beste gai batzuk ere izan ditu hizpide: argindarraren prezioak, zergak eta sindikatuek greba orokor batera deitzeko aukera. Baina hiruretan ez du balorazio zehatzik egin nahi izan. Argindarrari buruz, Iberdrolak jakinarazi berri du bere bezero handientzako tarifak handituko dituela; Aierzak baieztatu du Gipuzkoako enpresa ugarik jaso dituztela gutunak abisu hori emanez, eta euren kontratuak negoziatzen ari direla. Dena den, horien artean kontratu eta «egoera oso ezberdinak» daudela azpimarratu du, eta konpainia elektrikoetara ez, beste alde batera begiratu du: gobernuetara. «Europak apustua egin du trantsizio ekologikoaren alde, eta horrek bere kostuak ditu, eta deribatu batzuk».

Zerga sistemaz, Espainiako Gobernuak eta nazioarteko erakundeek gutxieneko sozietate zergari lurzoru bat jartzeko eginiko proposamenei buruz, ez du adierazpenik egin nahi izan. «Zerga sistema ez da une honetan Gipuzkoako enpresak kezkatzen dituen faktore bat». Eta antzera mintzatu da greba orokor batera deitzeko ELA eta LAB egiten ari diren mugimenduez. «Ez dakigu ezer horri buruz, eta hori ere ez dago enpresen kezken artean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.