Etxe Zuriak irudikatu nahi duen baino zaratatsuagoa izaten ari da Afganistanen dituen tropen erretiratzea, nahiz eta zarata horren oihartzuna kostata iristen den herrialdetik kanpora. Duela hogei urte indarrez okupatutako lurretatik diskrezioz joan nahi du Joe Bidenen gobernuak, azken urteetan gero eta pisutsuagoa egiten ari zaion zama gainetik kendu, eta arindua aprobetxatzeko lehentasunezkoak begitantzen zaizkion auzietara begira jartzeko. Desokupatutako lur eremuetako asko berriro ere talibanen esku gelditzen ari dira, hala ere. Duab barrutia izan da horretan azkena, asteburuan, eta dagoeneko zazpi dira talibanen mendeko izatera igaro diren barrutiak AEBetako tropen erretiratzea ofizialki hasi zenetik, iragan maiatzaren 1etik —421 barruti ditu Afganistanek, eta herena inguru talibanen kontrolpean daude—.
Herrialdearen iparraldeko Nuristan probintzia menditsuan dago Duab. Zabihullah Mujahid talibanen bozeramaileak Twitterren jakinarazi zuen hango kuartel nagusia eta Poliziaren kontrol postuak berenganatu zituztela. Halaber, esan zuen Afganistango dozenaka soldadu «errenditu» zirela Maidan Wardak probintzian eta Jawzjan barrutian. Kontrol postuak eta armadarentzat leku estrategikoak direnak hartzen saiatzen ari dira talibanak, militarizatuta egon direnak eta biztanle gutxikoak. Mujahidek berak Efe berri agentziari azaldu zion «barrutiak eta errepideak» hartzea dela beren «planaren lehen fasea», eta aitortu zion geroratu egin dutela probintzietako hiriburuak lortzeko ahalegina, «kalteak eta galerak aurreikusiko dituen plan integral eta sendo bat» beharrezkoa iruditzen baitzaio urrats hori emateko.
Ahalegin handiagoa ere eskatuko die bigarren plan horrek, azken asteetan zailtasun handirik gabe lortu baitute helburutzat jarritako barrutiak berreskuratzea; bereziki, herrialdearen iparraldean, orain gutxira arte AEBetako soldadu gehien izan den lekuetan. Badakhshan probintzian, adibidez, Afganistango tropek beren postu militarrak utzi zituzten, talibanek inguratu ostean, eta Faizabad hiriburura ihes egin zuten. «Zoritxarrez, barruti gehienak talibanen esku geratu dira inolako borrokarik izan gabe», aitortu zuen Mohib-ul Rahman Kontseilu Probintzialeko kideak. Joan den astean, hiru egunetan hamar barruti eskuratu zituzten talibanek, eta horietatik zortzitan ez zen liskarrik izan, Rahmanen arabera.
Hamdullah Mohib Afganistango Segurtasun Kontseiluko aholkulariak atzo RIA Errusiako berri agentziari emandako elkarrizketa batean onartu zuen talibanen erasoaldiak ezustean harrapatu zituela gobernuaren aldeko indarrak. Istiluek herrialdeko muga zeharkatzera ere behartu zituzten. Tajikistanekin mugan dauden barrutietako soldaduek herrialde hartara egin zuten ihes. Tajikistaneko Segurtasun Nazionalerako Batzordeak atzo jakinarazi zuen 1.037 soldadu heldu zirela, «beren burua salbatzeko». Hala ere, Mohibek ziurtatu zuen «kontraeraso bat» antolatzen ari direla herrialdearen iparraldean, talibanak handik kanporatzeko. Mujahiden bertsioaren arabera, talibanek armak uzteko eta errenditzeko eskatu zieten gobernuaren aldeko indarrei, liskarrak eragozteko, baina haiek ez zuten«konfiantzarik» izan talibanekin, eta ihes egin zuten.
Hutsunea bete nahian
Indartzen saiatu arren, agerikoa da gobernuaren aldeko indarrak ezinean dabiltzala egoerari erantzuteko. Afganistango Gobernuak armak hartzeko eskatu zien zibilei duela bi aste, talibanen oldarraldiari erantzuteko. Ashraf Ghani presidenteak 1980ko hamarkadan SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuneko tropen aurkako eta talibanen kontrako milizietan aritutako zenbaiti eskatu zien milizia hori antolatzeko. Ehunka lagun atera ziren kalera herrialdeko hiri nagusietan, gobernuak banatutako errifleak eskuetan zituztela. Indar erakustaldi bat egin nahi izan zuen Kabulek, baina kontrakotzat hartu zuten askok: bere kabuz erantzuteko gai ez den gobernu baten urgentziazko laguntza eskaera gisa.
Izan ere, etsaiaren indarraldiaren aurrean babesik gabe utzi du Washingtonek Kabul, eta baliteke AEBetako tropak iritsi aurreko egoerara itzultzea herrialdea. Afganistango Gobernua ez da berehalakoan urrunduko aliatu izan duenarengandik, haren beharra ere bai baitu gaur egun ere, baina jakina da Ashraf Ghaniren gobernuak emateko prest dagoena baino gehiago eskatzen diola Etxe Zuriari. Oraingoz, Bidenek hitzeman du ez duela Afganistan «babesik gabe» utziko, baina ez du inolako aldaketarik egin tropak ateratzeko planean. Are, tropa guztiak kanpoan izateko data zertxobait aurreratu du, abuztuaren amaierara —irailaren 11rako bukatu nahi du irteera, New Yorkeko dorre bikien kontrako erasoaren 20. urteurrena izango baita—.
Prozesu horretan mugarria izan zen joan den astean Bagramgo base militarra hustu izana, AEBek herrialdean zuten handiena. Ia hogei urte egin zituen han AEBetako armadak, eta handik koordinatu ohi zituen operazio militar nagusiak. Hura hustuta, Kabulgo enbaxadan eta aireportuan daude herrialdean geratzen diren AEBen soldadu ia guztiak: 650 inguru.
Talibanek beste barruti bat hartu dute Afganistanen, hil honetako zazpigarrena
Herrialdearen iparraldean hedatzen ari dira talibanak, AEBetako tropek utzitako zuloak aprobetxatuta. Gobernuaren aldeko indarrek ihes egin dute Tajikistanera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu