Tabua hautsi du Espainiako Gobernuak: argindarraren BEZa jaitsiko du, diru bilketan zulo handia eragingo dion arren. %21etik %10era murriztuko du datozen sei hilabeteetan, baldin eta kontratatutako potentzia hamar kilowattekoa baino txikiagoa bada eta elektrizitatearen handizkako merkatuaren hileko prezioa orduko megawatt bakoitzeko 45 eurotik gorakoa bada, betiere. Alegia, aldakorra izan daiteke jaitsiera,BEZa %21era itzul daitekeelako kopurua hortik beherakoa den hilabeteetan. Dena den, urtea amaitu arte behintzat gainetik izango dela diote prezioen merkatuen aurreikuspenek. Kontsumitzaile kalteberentzat edo bonu soziala jasotzen dutenentzat, berriz, %10ekoa izango da, kontratatutako potentzia edo merkatuko prezioa edozein dela ere.
Bihar egingo den ezohiko Ministroen Kontseiluan onartuko du neurria gobernuak. Unidas Podemosek BEZaren murrizketa iraunkorra izan zedin eskatu zuen, baina Maria Jesus Montero gobernuko bozeramaile eta Ogasun ministroak elkarrizketa batean iradoki du ez dela horrela izango azkenean. Esan du Bruselak «ulertu» egingo duela BEZa jaisteko erabakia, «aldi baterakoa eta puntuala» delako.
Trantsizio Ekologikorako Ministerioak egindako kalkuluen arabera,neurri horrekin kontsumitzaile arrunt batek hilean sei euro inguru aurreztuko ditu, batez beste, argindarraren fakturan; horri elektrizitatea sortzeko zergan egingo den murrizketa ere gehitu beharko zaio: %3-5ekoa kontsumitzaileen fakturan. Hiru hilabetez etengo dute zerga hori.
Monterok onartu du jaitsierek diru gutxiago biltzea ekarriko dietela ogasunei; 1.000 milioi euro inguru guztira, Airef Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independentearen arabera. Espainiak du, dena den, Europa osoan BEZik handienetako bat argindarrarentzat. Portugalen, esaterako, %23koa da, baina kontsumo apalagoak dituztenek %13 ordaintzen dute. Gauza bera Italian: %22tik %10rakoa da. Alemanian %19koa da denentzat, eta Frantzian, %17,5ekoa.
Beste bide batzuk
PSOE eta Unidas Podemosen gobernu akordioan azaltzen da argindarraren faktura murrizteko helburua, baina, neurri batzuk iragarri badituzte ere, ezinean dabiltza. Enpresen mozkinei heldu diete, adibidez. Batetik, nahi dute energia konpainiek gobernuari ematea nuklearren eta berriztagarrien irabazien parte bat, CO2 isuriengatik kobratzen dutena. Gobernuaren arabera, urtero 1.000 milioi euro bil ditzake horrela, eta diru hori fakturako beste puntu batzuk merkatzeko erabili, berriztagarriak sustatzeko funts bat sortzeko, adibidez.
Gutxitu egin nahi dute, halaber, kontsumitzaile arrunten fakturetan berriztagarrien sarietarako bideratzen den zatia, eta erregai fosilak erabiltzen dituzten sektoreek gehiago jartzea. Bi egitasmoak, dena den, lege proiektu gisa aurkeztuko dituzte, eta ibilbide zaila izango dute Gorteetan. Gainera, litekeena da energia konpainiek auzitara jotzea.
Unidas Podemosek, halaber, hainbatean eskatu du enpresa publiko bat sortzeko, sektorean dagoen «oligopolioa» hausteko. Prezioen igoerak araudiaren eta merkatuaren ondorioa ez ezik, konpainien interesen araberakoak izaten direla salatu izan du, eta hori ikertzeko eskatu du.
Madrilek argindarraren BEZa urtea amaitu bitarte jaitsiko du, baina aldakorra izango da
%21etik %10era murriztuko da, eta hileko faktura sei euro merkatuko da batez beste. Hamar kilowatteko potentzia baino gutxiago dutenentzat izango da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu