Datorren astean, Euskal Herriko autogintzako bi erraldoiak ia geldirik egongo dira. Atzo, Gasteizko Mercedeseko zuzendaritzak jakinarazi zuen itxi egingo duela enpresa «erdieroaleen osagai faltak hornidura katean eragindako egoera larriaren ondorioz». Ostegunean erabakiko du itxiera hurrengo astera ere zabaldu behar ote duen. Iruñeko Volkswagenek, berriz, herenegun iragarri zien sindikatuei datorren astelehenean eta asteartean ez duela ibilgailurik ekoitziko arrazoi berberagatik. Horri gaineratu behar zaio multinazional alemaniarrak planifikatuta zeukala produkzioa etetea gaur ezik hilabete honetako gainerako ostiraletan; hots, datorren astean bi egunez baino ez da egongo irekita. Gasteizen bezala, Iruñean ere ez dira baikor aurrera begira.
Arazoa ez da berehalakoan desagertuko. Autoen ekoizpenerako beharrezkoak diren osagai elektronikoen eskasiak autogintza osoari eragin dio, eta, gutxien-gutxienez, arazoak urte osoan iraungo duela espero da. Baliteke 2022ra ere luzatzea.
Krisiaren jatorria iaztik badator ere, industriak aurten nabaritu du batik bat haren eragina. Sektoreak azaldutakoaren arabera, honezkero 500.000 ibilgailuren produkzioa atzeratu da Europan, eta Iruñean eta Gasteizen nabaritu dute hornidura falta. Mercedesek produkzioa eten zuen martxoaren 23an. VWek gauza bera egin zuen martxoaren 25ean, 26an eta 27an.
Krisiak agerian utzi du just in time edo hornidura kateko osagaiak unean jasotzeko ereduaren arriskua. Orain arte, eskularru kutxa azpiko IMB3 zentralitaren gabeziak eragin dio batik bat buruko mina Volkswageni. Apirilean erabaki zuen ez ixtea eta osorik bukatu gabeko ibilgailuak ekoiztea. Asmoa zen osagaiak iritsi ahala falta zen eskularru azpiko zentralita jartzea eta prozesu osoa burutzea.
Bitarte luze horretan logistika arazo handia sortu zaio. Gaur-gaurkoz, Iruñeko fabrika ondoko aparkalekuan bukatu gabeko 5.000 ibilgailu ditu geldi: 3.000T-Cross eta 2.000 Polo. Zuzendaritzak espero du 1.500 Polo bukatzeko aukera egongo dela, baina oraindik 500 Polok kanpoko aparkalekuan jarraituko dute.
Aste honetan, Polo berria
Aldi berean, atzerapen horrek bat egin du Polo berriaren jaulkipenarekin, eta arazo gehigarri bat eragin diezaioke multinazionalari. Aurreko modeloa eskatu duten bezeroei autoa ez zaie iritsi oraindik, eta datorren astean Polo modelo berriaren lehen autoak merkaturatzen hasiko dira. Hain zuzen ere, herenegun gauean hasi ziren ibilgailu berriak egiten.
Eskularru kutxa azpiko zentralitaz gain, orain irrati pantailako zentralita eta motorreko beste zentralita baten hornidura arazoa gehitu zaio, eta VWek erabaki du hemendik aurrera ez duela bukatu gabeko autorik egingo. Datorren astean, hortaz, bi egunez baino ez dira egongo lanean Landabenen, eta zuzendaritzak sindikatuei ere onartu die ekainaren 28tik aurrerako astea ere zaila izango dela. Berez, espero dute uztailean eta abuztuan egoera apur bat hobetuko dela, nahiz eta krisia ez den desagertuko.
Oraintxe bertan ez da uste egoerak hirugarren modeloari eragingo dionik. Irailaren 27tik aurrera, Taigo izeneko crossover modeloa egiten hasiko dira. Produkzioa bermatuta dago oraingoz.
Mercedes gelditu egingo da datorren astean, eta VWek bi egunez irekiko du soilik
Gasteizko fabrikak azaldu du erdieroaleen mundu osoko hornidura faltaren ondorio dela. Volkswagenek 5.000 ibilgailu ditu aparkalekuan, bukatu gabe
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu