Tubacexeko sindikatuek ezetz esan diote enpresaren proposamenari

Greba uztearen truke, bi urtez langile gehiago ez kaleratzea eta inbertsioak egitea eskaini zuen enpresako zuzendaritzak. Sindikatuentzat, ezinbesteko baldintza da kaleratzeak indargabetzea

Tubacexeko langileek, beste enpresa batzuetakoekin batera, manifestazioa egin zuten joan den ostiralean, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Iker Aranburu.
2021eko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Lan gatazka ez da eten Tubacexen. Espero zen bezala, langileen ordezkariek ezezko batekin erantzun diote enpresako zuzendaritzak egindako proposamenari. Enpresak konpromisoa agertu zuen datozen hiru urteetan Arabako plantetan dituen lanpostuei eta soldatei eusteko, baldin eta langileek greba bertan behera uzten bazuten. Atzo arteko epea zuten erantzuteko, eta «aho batezko» ezezkoa eman diote Laudioko eta Amurrioko lantegietan (Araba) ordezkaritza duten bost sindikatuek: ELA, STAT, CCOO, LAB eta ATAL.

Agiri baten bidez, langileen ordezkariek arrazoi bat nabarmendu dute enpresaren proposamena baztertzeko: ez duela atzera egin 129 langileen kaleratzean. Zehazki, zuzeneko 95 kaleratze izan ziren; beste 22 langilek enpresak eskainitako ordaina onartu zuten, eta beste hamabik erretiro aurreratua hartu zuten.

Otsailaren 11n hasi zuten lanuztea, kaleratzeak salatzeko. Prest azaldu dira «pandemiaren eraginari aurre egiteko behin-behineko neurriak» negoziatzeko, baina, horretarako, enpresak berriro hartu beharko lituzke kalean geratutakoak, eta enpresaren geroa bermatuko lukeen industria plan bat aurkeztu beharko luke. Sindikatuek ez dute, ordea, lan ituna berriro negoziatu nahi, eta gogorarazi dute enpresak ez dituela bete enpleguaren sorrerari buruz, soldatak eguneratzeari buruz eta inbertsioei buruz agindutakoak.

Hain zuzen ere, Aiaraldeko bi plantetan inbertsioak areagotuko direla agindu zuen Tubacexek, hidrogenoari eta autogintzari lotutako premium produktu gehiago egin ahal izateko —gaur egun, petrolioa eta gasa ustiatzeko hodiak dira han egiten direnetako gehienak—. Horrez gain,aparteko ordainsari bat ere planteatu zuen, soldataren %1en parekoa litzatekeena, eta «planta bakoitzean bideragarritasun planaren helburuak lortzen direnean» pagatuko litzateke.

Electroacerosen, grebara

Greba mugagabea hasiko dute Electroaceros enpresako 37 langileek ere, Iruñean. Azkenaldian arazo handiak dituzte soldata garaiz jasotzeko, eta azkenekoa oraindik ez dute eskuratu.

Astibia familia da enpresaren jabea, eta azken urteetan kudeaketa «negargarria» egin dutela eta langileei «eraso» egin dietela salatu dute LABek (bi ordezkari) eta ELAk (bat). Enpresak galerak zituela argudiatuta, enplegua aldi baterako erregulatzeko espediente bat proposatu zuten, baina kontsulta aldian atzera bota zuten. Ondoren, soldatak «nabarmen» jaisten saiatu ziren, baina «langileen batasunak eta borrokak»oztopatu egin zuten saio hori.

Horrela zeudela, familiak bilatutako bazkide batek 80.000 euroko soldata jaso zuela salatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.