Glovoko banatzaileek soldatapeko behar dutela dio justiziak, Bilbon

'Rider'-ak autonomo faltsu gisa ari dira, eta enpresak soldatapeko egin behar dituela ebatzi du Bilboko epaitegi batek. Glovok helegitea jar dezake, baina Gorenak ezarria du jurisprudentzia

Glovoko langile batzuk, Zaragozako (Espainia) epaiketa batean. Han ere auzitara jo dute plataformaren aurka. TONI GALAN / EFE.
xabier martin
2021eko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Gorenak Glovoren autonomoen auzian jurisprudentzia ezarri ondoren, ez zen ezusterik espero, eta ez da egon: Bilboko Gizarte arloko 11. epaitegiak ebatzi du Glovoren eta hango langileen arteko harremana lan harremana dela, eta soldatapeko gisa kontrataturik egon behar dutela. Autonomoen kontratuarekin jarduten dira banaketa plataformarentzat rider horiek, autonomo faltsu gisa, eta hori aldatu egin beharko du Bilboko Glovoren adarrak.

285 langilek jo zuten justiziara, urte hasieran, eta martxoan abiatutako salaketa kolektibo horren epaiketak atzo izan zuen epaia; ELA sindikatuak ordezkatzen ditu salatzaileetako 53, eta LABek 30 banatzaileri eman die babesa epaiketan, Riders X Derechos banatzaile elkartearekin batera. Enpresak EAEko Justizia Auzitegi Gorenera jo dezake helegite batekin, baina Espainiako Auzitegi Gorenak dagoeneko finkatu du jurisprudentzia Glovoren auzian, eta garbi utzi du banatzaileak enpresako langileak direla, soldatapeko behar dutela, eta autonomo gisa aritzea iruzurra dela, hala beharginarentzat nola Gizarte Segurantzarentzat.

Izan ere, Gizarte Segurantzak Glovo enpresa salatu zuen iaz,eta urtarrilean abiatu zen prozedura. Langileen erregimena epaitu da, finean; hau da, ea autonomoak edo Glovoren soldatapekoak diren. Autonomo faltsuen auzia soka luzea ekartzen ari da azken urteetan, Glovo, Uber, Deliveroo eta beste plataforma batzuek bultzatu duten ereduaren harira.

«Epaiak baitesi egiten du ELAk eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintzak hasieratik defendatzen zutena», jakinarazi du ELA sindikatuak: «Glovoren banatzaileak autonomo faltsuak dira, eta, ondorioz, Glovoren eta haien arteko harremak lan izaera du». Sindikatuaren ustez, «azken epai hau urrats garrantzitsu bat da sektoreak pairatzen duen eta beste esparru batzuetara hedatzen ari den prekaritatearen aurka». Hala, aurrerantzean, lan araudiaren mende egongo dira auzitara jo duten banatzaileek.

Lan itunaren bila

Zer jokaleku zabaltzen duen justiziak ezarri duen esparruak? Bada, epai zehatzari loturik, lehen ondorio bat dago: Glovoko langile horiek autonomo gisa ordaindutako kuotak eta BEZa itzultzeko prozedurak hasiko ditu ELAk. «Enpresak azken urteetan egin ez dituen kotizazioak erregularizatzeko ere exijituko dugu». Bestalde, sindikatuak uste du rider horien langile izaera eztabaida ezina dela dagoeneko, eta erronka berri bat zabalduko dela orain: «Langile horiei babes esparru berri bat ematea, Langileen Estatututik eta lanbide arteko gutxieneko soldataren aplikaziotik harago joango dena». Alegia, banatzaileak lan itun baten babesa edukitzeko helburua jarri du ELAk, eta iragarri du martxan duela ekinaldi bat, «ostalaritzako hitzarmen probintzialen aplikazio eremuan berariaz sartu daitezen»; 1.200 euroko gutxieneko soldata bermatuko lieke horrek.

Sindikatuak gogoratu du jada bultzatu eta lortu duela lehen sektore mailako hitzarmen bat, elikadurako banaketaren sektorean. «Epai honek berretsi egin du aspaldian beste hainbat epaitegik adierazitakoa. ELAk bide sindikal eta juridikoak bilatuko ditu lan merkatuaren liberalizazioaren aurka eta langileen prekarizazioan eta esklabizazioan oinarritutako enpresa ereduen aurka».

Bilboko epaiketa ez da Glovok Euskal Herrian irekita duen fronte judizial bakarra. Nafarroako Glovoko 208 banatzailek beste salaketa kolektiboa jarri diote enpreari, eskaera bera eginez: autonomoak ez baizik beste batentzat lan egiteko kontratuarekin aritzea. Prozedura abian da, baina ikusteko dago epaiketa egingo den ala ez, kontuan izanda justiziak, jadanik, erabaki duela auziaren inguruan aurretik, eta beti norabide berean: Glovoko banatzaileek soldatapeko izan behar dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.