Badirudi oraindik ez dela isilduko Navaleko garabien hotsa. Sestaoko (Bizkaia) ontziola historikoaren altzairuzko zaindari erraldoiek bi urte daramatzate geldirik, baina, ondo bidean, aurki hasiko dira dantzan berriz. Bai,behintzat, industria jarduera bermatzen duen eskaintza batek irabazten badu lur zorua eta ondare industrial osoa erosteko lehiaketa, eta, okerrik gertatzen ez bada, hala izango da. Ondarearen likidazioko 21 ondasun sortak erosteko eskaintzak egiteko epea, berriz, atzo eguerdian amaitu zen, eta konkurtso kudeatzaileak 11 eskaintza jaso zituen 1 zenbakidun sortarengatik. Hark bateratzen ditu 300.000 metro koadroko orubea, kilometro bateko itsas lerroa, kaiak, pabiloiak, itsasontziak jartzeko harmailak eta dike lehorrak. Alegia, ontziola martxan jartzeko behar den guztia.
Prozesu azkarra izango da, kudeatzaileak, Bilboko merkataritza arloko epaitegiko bigarren salako epailearen onespenarekin, etzi jakinaraziko baitie hautagaiei zeinen eskaintza aukeratu duen. Hala baieztatu dio BERRIAri. Beraz, Navalek astelehenean jakingo du zein den jabe berria, eta, aldi berean, haren asmoa. Sortaren gutxieneko prezioa merkea zen, hogei milioi euro, baina, kasu honetan,eskaintza ekonomikoa bezain garrantzitsua da etorkizunerako asmoa. Arantxa Tapia Ekonomia Garapenerako sailburuak atzo eman zuen eskaintza kopuruaren berri, eta «albiste ona» dela nabarmendu zuen: «COVID-19aren krisiaren gordinean, hutsik gelditu zen orube bat hazten ikus dezakegula jakitea albiste ona da».
Eskaintzak zeinenak diren kudeatzaileak daki bakarrik, baina Tapiak baieztatu zuen jardun industriala lehenetsiko duten eskaintzak badaudela. «Bat behintzat badago, akordio baten barruan, ontzigintza sektorean diharduen enpresa batena, eta uste dugu beste bat ere egongo dela itsas industriarekin lotura duena. Industrialde horrek ontzigintza tradizio handia du, eta harekin jarraitu ahal izango dela uste dugu». Sailburuak aipaturiko lehen eskaintza Espainiako Marina Meridional ontziolareneta ACS eraikuntza enpresaren artean eginikoa litzateke. ACS energia eolikoaren sektorean sartuta dago, eta Navalen kaia erakargarria litzateke erroten pieza handiak ontziratzeko.
Sindikatuek jakinarazi zutenez, bestalde, enpresa logistikoen hiruzpalau eskaintza ere egon dira. Orubearen komunikazio bide onak oso erakargarriak dira haientzat: kaia, trena... Garraio enpresek, baina, tankeraren bateko jardun industriala bermatu behar dute, lurzorua industriala baita, eta, berriro kalifikatu ezean, eremuaren %51 jardun industrialerako erabili behar da. Alde horretatik, Sestaoko Udalak esana du ez duela orubearen kalifikazioa aldatzeko asmorik.
Tapiak ez zuen ezkutatu Jaurlaritzak hautagai industrial bat nahiago lukeela. «Kopuruaz haratago, kalitatezko proposamenak izatea espero dugu. Ondo prestaturikoak izatea, eta guk espero ditugun ezaugarri industrialak edukitzea. Horrelako itsaso lerro batek ontzigintzarekin zerikusia duen jarduera bat hartu beharko luke. Hori da, behintzat,guk espero eta nahi duguna». Dena den, eskaintza dibertsifikatua izatea espero da, alegia ez ontziola bat bakarrik. Azken hilabeteetan dike lehorrak konponketak egiteko erabili izan dira, eta agian euskal ontziolaren batek interesa izan dezake haien kudeaketan.
Lurzorua hartzen duenak, hori bai, ez du inolako loturarik izango Naval zeneko langileekin. Kaleratuak izan ziren 173 langileek helegitea jarri zioten erregulazioari, baina epaileak ez zien arrazoirik eman. Askok kaleratze kalte-ordainak onartu zituzten, baina 81ek Ferrol (Galizia) eta Cadizko (Espainia) ontzioletara lanera joatea erabaki zuten. Ontziolaren zordun zerrenda ia amaiezinean daudenek ere itxaropen gutxi izan dezakete. Ia 400 dira, eta guztiek duten zerga pilatuaren kopuruaren inguruko datu asko eman izan dira. 150 milioi euro izan zitezkeela zabaldu zen Ingeteamek eta Murueta ontziolak, Navalen azken jabeek, likidazio prozesua hasi zutenean. Ondasun guztien salmenta prezioa hortik urrun geldituko da. Askok ez dute txakur txikirik ere ikusiko.
Naval ez da isilduko oraindik
Konkurtsoaren kudeatzaileak ontziolaren orubea erosteko 11 eskaintza jaso ditu, batzuk industria jarduerakoak, eta bat behintzat ontzigintza alorrekoa. Etzi jakinaraziko die hautagaiei nork irabazi duen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu