Gasteizko URSSA kooperatiba kinka larrian dago, konkurtsora jo ostean

«Zor handi batek» ito du Mondragon taldeko kooperatiba hori, eta taldeko beste enpresa batzuetan hartu dituzte URSSAko ehun bazkideetako batzuk. Beste 20 soldatapeko, ordea, kaleratu egingo dituzte

URSSA enpresak egindako proiektu bat, Tera ibaiaren zubian, Katalunian. URSSA.
xabier martin
2021eko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Mondragon taldeko presidente Iñigo Uzinek, duela sei hilabeteegunkari honi emandako elkarrizketa batean, ohartarazi zuen korporazioko enpresa batzuk krisiaren biktima izan zitezkeela luze gabe: «Mondragonen enpresa asko daude, eta denetik dugu, liderrak direnak eta ahulagoak ere bai. Batzuk sendoago aterako dira, eta beste batzuk bidean gal daitezke. Basamortu bat igarotzen ari gara, eta batzuk bidean geratuko dira agian». Bada, basamortua luzeegia egiten ari zaion enpresa bat azaldu da Arrasateko kooperatiba taldean: Gasteizko URSSA.

Eraikuntza alorrean egitura metalikoekin jarduten duten ehun bat kooperatibistak eta beste hogei soldatapekok ikusi dute urtarrilean hartzekodunen konkurtsoan sartu dela beren enpresa, iazko maiatzean konkurtsoaren aurrekoan egon ondoren, eta bi digituko zor handi baten harlauza handiegia suertatzen ari dela enpresa bideragarria izan dadin. 50. urteurrena bete behar duen honetan iritsi da muturreko egoera hori URSSArentzat.

Zortzi urte beteko dira hil honetan Fagor Etxetresnak ezagunean alarma guztiak piztu zirela, eta sinbolo horren porrotaren ondoren, joko arauak aldatu ziren Mondragon taldean, kooperatiben arteko elkartasun mekanismoen erabilera eta arauei dagokienez. 300 milioi euroren laguntzak jaso zituen Fagor Etxetresnak zenak, eta odoluste horrek eraginak izan zituen taldeko beste kooperatibisten artean, besteak beste ekarpenak handitu behar izan zituztelako laguntza horiei aurre egiteko. Orain, laguntza ekonomikoa behar duen taldekide batek bideragarritasun plan oso bat izan behar du aurrena, betiere elkartasuna eta ardura lotu nahi dituen jokaleku berrian.

Bada, URSSAk Mondragonen laguntza ekonomikoajaso du azken hilabeteetan, «hala bere dibisioaren barruan nola korporazioan», Mondragonen iturriek BERRIAri esan diotenez. Hala ere, ezin izan zion konkurtsoaren aurrekoari izkin egin, joan den urteko udaberrian. Bankuekin zorra berregituratzea adostu zuen, ordea, eta lehiaketa atzean utzi; baina koronabirusak eragindako basamortuan ur nahikorik ez du aurkitu Gasteizko enpresak, kontratu berriak alegia, eta hartzekodunen konkurtsora jo behar izan du urtarrilean, bankuekin adostutako konpromisoei aurre egin ezinik: kontratu berriei lotutako diru sarrera jakin batzuk ez dira sortu.

Langileen egoera

URSSAren arazoak aspaldian hasi ziren, eraikuntzari lotutako krisian. Atzeraldi Handia gainditu zuen enpresak, 2013an, baina ez du astirik izan gihar ekonomikoa sendotzeko, eta pandemiaren krisiak azken kolpea izan daitekeena eman dio.

Ehun bat kooperatibista dauzka enpresak, eta horietako batzuek Mondragonen beste enpresa batzuetan aurkitu dute lanpostua. Besteek LanguAro BGAEaren sarea izango dute, taldeko beste kooperatibetan lanpostu bat lortzen duten bitartean.

Egoera okerragoa dute, ordea, enpresan jarduten duten beste hogei soldatapekoek. URSSAk horiek guztiak kaleratzeko erregulazio espedientea aurkeztu du; enpresaren arabera, «langileekin akordio bat lortu ondoren».

Euskal Herriko eta munduko eraikuntza proiektu ezagunetan hartu du parte Gasteizko enpresak azken urteetan, bere egitura metalikoekin: beste askoren artean, Hernaniko Oronaren egoitzan, Bilboko Zorrotzaurre irlako zubian, Kopenhageko Royal Arenan, Londresko London Container Terminalean eta Lenseko Bollaert Delelis futbol estadioan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.