'Brexit'-aren akordioa egiteko «bide mehar bat» ikusten du EBk

Asteburuko negoziazioetan, Londresek jarrera aldatu du araudiari buruzko gatazkan. Arrantza kontuetan jarrerak urrundu direla dio Bruselak. Inork ez du agertu nahi hausturaren arduradun gisa

Michel Barnier EBko negoziatzailea, Europako Batzordean azalpenak ematera zihoala, atzo, Bruselan. STEPHANIE LECOCQ / EFE.
Iker Aranburu - Irune Lasa
2020ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Itsasoak gora eta behera egiten duen moduan, brexit-aren inguruko negoziazioetan ere ezkortasunaren mareak dena estaltzen du egun batean, eta atzera egiten du hurrengoan. Joan den asteko ikuspegi beltzaren ondoren, aste hau baikortasun haize batekin hasi dute bi aldeek, oraindik jarrerak «oso urrun» daudela dioen erretorika gorabehera. «Akordiorako bide mehar bat dago», aitortu zuen atzo Michel Barnier Europako Batasuneko negoziatzaileen arduradunak. Akordiorik gabeko brexit-a gertatzea «posible» dela erantzun zuen Londresek; ostiralean, ordea, «oso litekeena» zen brexit-ik gogorrena.

Iganderako «erabaki irmo»bat iragarri zuten Ursula von der Leyen Europako Batzordeko lehendakariak eta Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak. Baina erabaki bakarra izan zen negoziatzen jarraitzea; zerbait aldatu zen seinale.

EBko iturrien arabera, Londresek funtsezko puntu batean amore eman izanak handitu du merkataritza akordio bat hurrengo egunotan ixteko aukera. Haren merkatu bakarra irekita izatearen truke, Bruselak nahi du bi aldeetako enpresek antzeko arauak bete behar izatea lan eta ingurumen kontuetan, eta estatu laguntzak mugatuta izatea. Horrela eragotzi nahi du haren auzo batek lehia desleiala egitea, enpresak diru publikoz laguntzen dituelako edo ekoizpen arau malguagoak dituelako. EBk arau horiek inposatu nahi zituelako kexu izan da Londres, baina orain badirudi printzipio hori onartzen duela, eta agindu duela ez dituela berehalakoan aldatuko.

Baina arazoa da zer gertatuko den etorkizunean, norbaitek arauak aldatu nahi dituenean. EBk eskatu du tresna bat sortzeko, etorkizunean izan daitezkeen desorekak zuzentzeko, eta alde biei eskubidea emateko neurri zuzentzaileak alde bakarreko erabakiz hartzeko —muga zergak, esaterako—, arbitratze epe bat gainditu ondoren. Orain arte ezetz esan izan du Erresuma Batuko Gobernuak, baina asteburuan iritzia aldatu zuela diote Bruselako iturriek.

Arrantzan, atzera

Beste eztabaidagune nagusia arrantzarena da, hau da, zenbateko sarbidea izango dute EBko ontziek Erresuma Batuko kala oparoetan. Urtero berritzen den kuota sistema nahi du Londresek, eta urte batzuetarako konponbidea eta trantsizio epe luze bat nahi ditu Bruselak, haren ontziak errealitate berrira errazago egokitzeko. Puntu horretan aurrera baino atzera egin dutela azaldu zuen atzo Barnierrek. Edonola ere, zaila dirudi arrantzaren gaiak merkataritza ituna eragoztea, besteak beste, eskualde zehatz batzuetan soilik duelako garrantzi ekonomikoa.

Argi dagoena da, oraingoz behintzat, ez alde batek ez besteak ez duela elkarrizketak etetearen arduradun agertu nahi. «Gure ardura da elkarrizketei arrakastarako aukera guztiak ematea», esan zuen Barnierrek. «Inoiz ez da halako akordio zabal bat —merkataritza, energia, arrantza, garraioa, polizia eta justizia kooperazioa eta abar— horren gardentasun handiarekin eta horren denbora gutxian negoziatu».

Akordioarekin ala gabe, urtarrilaren 1ean amaituko da trantsizio epea, eta Erresuma Batuak de facto utziko dio Europako Batasuneko kidea izateari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.