Kelvion Thermal Solutionsek Igorren (Bizkaia) duen plantako langileek enpresako zuzendaritzaren «joko zikina» eta negoziazio «borondaterik eza» salatu dute. Egun, negoziazio epearen barruan daude enpresaren itxiera eragingo lukeen lan erregulazio espedientea eragozteko, eta galdetu dute ea jasotako azken eskaintza «txantxa makabroa» al den. Enpresako zuzendaritzak aukera eman zien Igorreko eta Santanderreko (Espainia) plantak euro baten truke erosteko, lehenbizi sindikatuei eta gero langileei, baina sei eguneko epea besterik ez zien eman erantzuteko. Langileek erantzun zuten denbora gehiago behar zutela eskaintza aztertzeko: bezeroekin hitz egiteko, balizko bazkideren bat aurkitzeko... Baina enpresak ez zuen onartu, eta ostegun gauean amaitu zen epea.
«Enpresen salerosketan dabiltzan profesionalek hilabeteak behar izaten dituzte horrelako ariketa bat erabakitzeko, eta guri sei egun eman dizkigute, eta horietatik hiru jai egunak ziren», azaldu zuen atzo Kelvioneko langile batzordeak, Igorreko kultur etxean eginiko agerraldian. Langileek ordubeteko lanuzte orokor batera deitu zuten Igorren, beren egoera salatzeko, eta publikoki eskertu nahi izan zuten protestak herrian izandako «arrakasta»; baita egunerokoan herritarrengandik jasotzen ari diren babesa ere.
Igorren diharduten Kelvionen 73 langileak kezkatuta daude. Hurrengo ostiralean bukatuko da negoziazio epea, eta ez dago berritasunik: «Salmenta eskaintza tranparen ondoren, ez dago beste ezer mahai gainean». Birritan bildu dira Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen Sailarekin, eta tratu ona bai, baina konpromisorik ez dutela jaso kritikatu zuten. «Inplikazio handiagoa» eskatu zieten erakundeei, deslokalizazio kasu garbitzat jotzen dutena eragozteko.
Batzordeak azaldu zuenez, enpresako zuzendaritzak Igorren egiteko moduko hiru enkargu bideratu ditu Polonian duen planta batera, milioi bat eurokoa bakoitza. Udaberrira arteko lan karga dute, baina langileak greba mugagabean daude egun. Enpresaren jabea Alemanian egoitza duen multinazional bat da, eta industrian erabiltzeko erradiadore handiak egiten dituzte.
Kelvioneko langileentzat, baina, eurena ez da kasu bakan bat, baizik eta Arratia jasaten ari den «odolustearen» froga bat: «Azken urteetan, lanaren suntsiketa baino ez dugu ezagutu hemen» salatu zuten. Eskualdean itxitako hainbat enpresa izendatu zituzten: Tarabusi, Incoesa, Alfus, Negarra, Araluce... Azaldu zuten itxiera horiek eragin handia izan dutela lan baldintzetan; baita datu argigarriak eman ere: «Lanpostu finkoak eskaintzen zituzten enpresak ziren. Egun, berriz, eskualdean sinatzen diren kontratuen %92 behin-behinekoak dira, eta finkoak, %8 baino ez».
Akordiorik ez Aernnovan
Kelvioneko espedientea negoziatzeko epea hilaren 18an bukatuko da; baita Aernnovak Berantevillan (Araban) duen plantakoa ere. Han, 405 langilek dihardute, eta enpresak 99ri eragingo dien lan erregulazio bat du martxan. Batzordeak eta zuzendaritzak bilera egin zuten atzo, eta enpresak ez zuen onartu sindikatuen proposamena. Batzordeak eskaini zuen lantalde osoa aldi baterako erregulazio batean sartzea, «behar adinakoa», eta prest agertu zen lanaldiaren luzera moldatzeko. Horri beste neurri batzuk gehitu zizkion: hala nola erretiro aurreratuak eta baimenak, lantaldeari eustearen truke. Carlos Gomez batzordeko presidenteak azaldu zuenez, enpresak eskaintza jaso eta «bost minutura» esan zuen ezetz.
Enpresak ere eskaintza egin zuen, baina kaleratze kopurua murriztu gabe. Kaleratze boluntario ordainduak eta antzeko neurriak jarri zituen mahai gainean. Hurrengo bilera asteartean izango da.
Kelvioneko langileen ustez «txantxa makabroa» da enpresaren eskaintza
Zuzendaritzak aukera eman zien lantegia euro baten truke erosteko, baina sei eguneko epea besterik ez zuten erantzuteko. Hilaren 18an bukatuko da negoziazio epea Igorreko lantegia ez ixteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu