Bilboko portuko lan gatazka kale itxi baten sartzen ari da, eta jokalekua Santurtzitik (Bilbo) Madrilera aldatuko da orain. Lau zamaketa enpresak batzen dituen Bilbo Estiba elkarteak uko egin dio Eusko Jaurlaritzaren Lan Sailak eginiko bitartekaritza eskaerari, eta, ezezkoari erantzunez, zamaketarien sindikatuek Espainiako Lan Ministerioari eskatu diote ardura hartzeko. Bilbo Estibak jakinarazi du arbitraje loteslea ez den negoziazio bide guztiak agortutzat ematen dituela, baina orain litekeena da Espainiako Gobernuaren bitartekaritza eskaera jasotzea. Bilboko portua kudeatzearen eskuduntza harena da.
Bilboko portuko zamaketariek iragan astean jo zuten Jaurlaritzako Lan Sailaren atea. Erakunde publikoen eta enpresaren aldetik hainbatetan leporatu zaie negoziatzeko borondaterik eza; haiek, berriz, ukatu egin izan dute publikoki, eta hori erakusteko aukeratu zuten bitartekaritza publikoa. Lan Sailak ardura hori bere gain hartzea onartu zuen, grebaren ondorioz «sortzen ari den egoerarengatik, eta greba Bilboko portuan eta Euskadiko ehun produktiboan izaten ari den eraginarengatik».
Greba eskubiderako legeak arautzen duen formula bat da bitartekaritza, eta botere hori aitortzen dio lan agintaritzari. Formulak, baina, ez ditu bi aldeak negoziatzera behartzen, eta uko egin dakioke. Eta hori egin du, hain zuzen, Bilbo Estibak: ezetz esan. Asteak pasatu dira enpresa eta langileen arteko azken bileratik, eta, norbaitek behartu ezean, ez dirudi egoera aldatuko denik.
Bilbo Estibak Jaurlaritzari emaniko erantzunean argi utzi du ez duela negoziazio gehiago nahi, eta arbitraje loteslera jo nahi duela. Zamaketarien sindikatuek, baina, hori eragotzi nahi dute, susmoa dutelako enpresen alde egingo duela ebazpenean. Hori dela eta, azken aukera agortu dute: bitartekaritza Espainiako Lan Ministerioari eskatzea.
Zamaketarien langile batzordea osatzen duten sindikatu guztiek —Coordinadora, UGT, ELA, LAB eta KAIAk— eskutitza bidali zioten atzo Yolanda Diez Espainiako Lan ministroari. Negoziazio prozesuaren «blokeo egoera» ikusita, eta «negoziazio mahaian jardunik» ez dagoenez, ahalik eta goizen bitartekaritza prozesu bat martxan jartzeko eskatu diote. Trukean, eta borondate oneko keinu moduan, sindikatuak prest agertu dira greba bertan behera uzteko negoziazioak irauten duen bitartean. Orain ikusi behar da lehenik ea ministerioak eskaera onartzen duen, eta, gero, ea Bilbo Estibak onartzen duen.
Espainiako Gobernuak, izan ere, badirudi bide guztiak agortu nahi dituela arbitraje loteslea ezarri aurretik. Hedabide batzuetan zabaldu zenez, Jaurlaritzak esku hartzeko eskatu zion duela bi aste, eta formula hori saihestu zuen. Arbitrajea greba eskubidea urratzeko modu bat da, eta zamaketariak ezarri zaizkien gutxieneko zerbitzuak betetzen ari dira. Are gehiago, ELA sindikatuak helegitea jarri zien gutxieneko zerbitzu batzuei, gehiegizkoak zirelakoan, eta Bilboko Gizarte Arloko Epaitegiak arrazoia eman die behin-behinean.
Grebari dagokionez, gaurkoa hogeita lau orduko lanuzteen hamaseigarren eguna da. Zamaketariek hilabete daramate lau orduko, txanda erdiko eta egun osoko etenak egiten. Kontratu finkoa duten 320 zamaketariak eta behin-behineko egoeran hamabi urte daramatzaten beste 103 ari dira greba egiten. Lan hitzarmena berritzea eskatzen ari dira, eta finko kopurua handitzea.
Bilboko zamaketariek bitartekaritza eskatu diote Espainiako Gobernuari
Zamaketa enpresei emaniko erantzuna da; haiek uko egin diote Jaurlaritzaren bitartekaritzari, eta arbitraje loteslea bakarrik onartuko dutela aurreratu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu