Konfrontaziorako garaia dela iritzita, LABek aliantza politika zabaldu nahi du

Aranburuk ohartarazi du «garai zailak» datozela, eta nabarmendu du gobernuen akordioetarako deiak ez direla benetakoak: «Indar korrelazioak aldatu behar dira»

Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusia eta Igor Aroyo haren albokoa, Donostian atzo eginiko agerraldian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
jokin sagarzazu
Donostia
2020ko irailaren 25a
00:00
Entzun
LABek argi du: konfrontaziorako garaia da. Langileak «antolatu eta aktibatzekoa». Eta hori ahalik eta kopuru handienetan eta ahalik eta sektore gehienak bilduz lortzen bada, hobe. «Erabakiak indar korrelazioaren arabera hartuko dira, eta horretarako ezinbestekoa izango da aliantzak zabaltzea». Sindikatuko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk ohartarazi du «garai zailak» datozela langileentzat, eta nabarmendu du konponbidea ez dela helduko patronalak eta gobernuak proposatzen ari diren bidetik. «Ez dugu ikusten elkarrizketaren eta adostasunaren bidez etorriko denik».

Hausnarketa horiek egin ditu LABeko buruak, sindikatuak urriaren 8an Barakaldoko BECen egingo duen Biltzar Artekoa aurkezteko agerraldi batean. Duela bi urteko batzarrean, gai nagusietako bat izan zen ELArekiko harremanak bideratzea. Bi sindikatuen arteko elkarlanari buruzko balantze ona egin du Aranburuk, baina azpimarratu du egungo egoerak aliantzak zabaltzea eskatzen duela, eta, bereziki, zenbait sektoretako eragileekin: hezkuntzaren eta osasungintzaren alorretakoekin, besteak beste, eta sindikalizaturik gabe dauden sektoreetakoekin: etxeko langileekin eta autonomo faltsuekin, adibidez. Aranburuk adierazi duenez, azken urte eta hilabeteetan egiturazko aldaketak izan dira lan harremanetan, eta neurri horiek «luzerako etorri dira». «Fase honek perspektiba zabaltzea eskatzen du».

Aranbururen arabera, COVID-19ak eragin duen krisiak agerian utzi ditu «sistema kapitalistaren hutsuneak», eta horrek, halaber, «eredu eta norabide aldaketa baten beharra». Bi bloke bereizten ditu LABeko buruak. «Batetik, patronalak eta alderdi sistemikoak, eta, bestetik, langileak». Azpimarratu du lehenak «sistema berreraikitzea» duela helburu. Horren parean «eredu sozial eta politiko berri» bat proposatzen dutenen taldeak egon behar duela uste du. «Guk ez dugu nahi indarrean dagoen sistema berreraiki: prekaritate eta pobrezia gehiago da, zerbitzu publikoetan murrizketak egitea da, zaintza lanen arazoari irtenbidea ez aurkitzea da, planeta suntsitzen jarraitzea da».

LABen arabera, «argi» dagozeintzuk diren patronalaren eta gobernuen asmoak, eta horri aurrea hartzeko estrategiak adostu beharra azpimarratu du. Aranburuk «xake partida baten gisan» ikusten du egoera. «Garrantzitsua da norberaren jokaldiak aurrez ongi pentsatzea, baita parean dagoen jokalariaren jokaldia aurrez ikusteko gaitasuna izatea ere. Hori da gure abantaila: alderdi sistemikoek eta patronalak krisiari nola erantzun nahi dioten badakigu: soldatak eta lan baldintzak kaskartuz, zorpetze publikoa handituz eta aberastasuna banatzeko zerga politika ukitu gabe, kostu guztiak langileon bizkar gainean utziz».

Soldaten jaitsiera

Horrekin lotuta eta kazetarien galderei erantzunez, LABeko buruak salatu du gobernuak patronalaren asmoak «zuritzen» ari direla, eta adibide gisa jarri ditu enpresaburuen elkarteetako buruak eta Eusko Jaurlaritzako sailburu batzuk soldaten jaitsieraren inguruan zabaltzen ari diren mezuak. Azpimarratu du proposamen horren helburua ez dela enplegua mantentzea: «Patronalaren aitzakia bat baino ez da krisitik abantailarekin ateratzeko. Aurreko krisian egin zuten bezala egin nahi dute orain ere. Asmo hori desmuntatu nahi dugu langileek ikus dezaten benetako asmoa. Hori egiten badugu, ez dugu uste horretan sartuko direnik».

Aranbururen arabera, patronalak «enpresa handien beharren arabera» egiten ditu bere proposamenak. Beste bat da enpresa txiki eta ertainen egoera. LABeko buruak adierazi du bere sindikatua prest dagoela enpresa batzuetan «behin-behineko neurri» batzuez hitz egiteko, baina baldintza batekin: aurreko egoerara itzultzeko konpromisoarekin baldin bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.