Aeronautikaren eboluzioa ikusita, ez da ezuste handia izan Aernnovaren iragarpena. Joan den astean ITP Aerok iragarri zuen lantaldearen %15 kaleratuko zuela, eta Aernnovak atzo jakinarazi zuen antzeko asmoak dituela: langileen %20 kaleratuko ditu. Euskal Herrian eta Espainian 650 behargini eragingo die neurriak, eta 350i gainontzeko herrialdeetan. Prozesuak 2021. urteko lehen hiruhilekora arte iraungo du, eta datozen hilabeteetan zehaztuko dute lantoki bakoitzean zenbat behargin kanporatuko dituzten.
Aernnovak Araban du egoitza nagusia, Berantevillan; han 448 langile ditu, eta horietatik 260 enplegua aldi baterako erregulatzeko dosierrean daude urte amaierara arte. Enpresak maiatzean hartu zuen neurri hori, lan karga asko apaldu zela argudiatuta, eta hedapen proiektu berri baterako iragarritako kontratazioak ere bertan behera utzi zituen. Aeronautikak instalazioak ditu Gasteizen, Miñaon eta Legution (Araba), baita Bizkaian ere.
Beraz, ez da harritzeko albistea izan Aernnovaren erabakia; luzea da koronabirusaren krisiak sektorean kalte egindakoen zerrenda. Enpresak aurreikusi du jardueraren %30 galduko duela datozen hiru urteetan —%40 aurten—, eta, atzo adierazi zuenez, enpresak «inoiz ez bezalako krisi honen ondorioz» hartu behar izan du kaleratzeak egiteko erabakia: «Gure bezeroen eskariak nabarmen murriztu dira».
Hegazkinen egiturak egiten ditu Aernnovak: hegoak, egonkorgailuak, fuselajea... Besteak beste, Airbus eta Boeing dira enpresaren bezero nagusiak, eta, ITP Aerori bezala, gogor eragin dio konpainia erraldoi horiek jardunean izan duten beherakadak; Airbusek, adibidez, heren bat murriztu du bere ekoizpena.
Hegazkingintza sektore garrantzitsua bilakatu da Euskal Herrian: Hegan klusterreko enpresek 5.000 langile dituzte Hego Euskal Herrian, eta beste 10.000 kanpoan. Apirilean ohartarazi zuenez, krisiak luzarorako kalteak eragingo dizkie.
Iritzi berekoa da Aernnova: aurreikusi du bidaiarien aire bidezko trafikoa ez dela lehengo mailara itzuliko gutxienez hiru, lau edo bost urte igaro baino lehen. Azken hilabeteetan langileen osasunaren eta segurtasunaren alde jardun duela dio aeronautikak, baina aurrerantzean lehentasuna izango dela enpresak irautea eta krisitik osasuntsu irtetea.
ELA sindikatuaren arabera, enpresak prentsari filtratutako informazioen bidez jaso dute albistea Aernnovako langileek. Gaitzetsi egin du kaleratzeak egiteko enpresaren asmoa, baita jakinarazteko modua ere: «Langileekiko errespetu falta arau bihurtzen hasi da euskal enpresen jardunean».
Kaleratze olatua
Sindikatuak azaldu duenez, enpresak dibidenduak banatu ditu akziodunen artean azken ekitaldietan; 2017. urtean, adibidez, bana zitzakeen 140,8 milioi euroetatik 139,4 banatu zituen. Aurtengo urtarrilean ere 490 milioi euroko kreditu bat eskatu zuen, eta horietatik 100 dibidendu gisa banatzeko asmoa zuela salatu du ELAk: «Enpresa zorpetzeko prest dagoen zuzendaritza baten irrika islatzen dute zenbaki horiek».
Sindikatuak gaineratu du Aernnovak langileen gain utzi nahi duela egoera, eta Jaurlaritzari ardurak hartzeko eskatu dio: «gizarte gisa pobretzeko gonbidapena» da haien iritziz Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburuak enpresa handien jarrera justifikatu izana.
Tapiak, atzo, esan zuen «beste albiste txar bat» dela Aernnovarena, eta «beldurgarria» izaten ari dela azken astea. Egoerari aurre egiteko, elkarlana eskatu zien eragile guztiei —erakundeei, enpresei eta langileei— , eta azpimarratu zuen badaudela kaleratzeak ez diren beste bide batzuk gastuak murrizteko. Sailburuaren arabera, «Euskadi ez da kostu baxuko herrialde bat», eta denak ez du soldata murritzagoei lotuta egon behar: «Formula horrekin lortuko dugu krisi honetatik irteteko bidea».
Euskal Herrian ere hasi dira nabarmentzen krisiak izango dituen ondorioak, eta, egoera horretan, behin eta berriz patronalaren alde kokatzea egotzi diote sindikatuek Tapiari azken egunetan.
Aernnovak ere bai: %20 kalera
Berantevillan (Araba) du egoitza nagusia enpresak: 448 langile ditu han, baina ez du zehaztu Euskal Herrian zenbat kaleratuko dituen. Enpresak dio hegazkingintza inoiz ez bezalako krisian dagoela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu