Italiako justiziak bertan behera utzi zuen atzo Matteo Salvini Barne ministroak Open Arms ontziari Italiako uretan sartzeko ezarri zion debekua. Lazioko Lurralde Auzitegi Administratiboak ebatzi zuenez, ontzia «ageriko zailtasun egoera batean» dago, eta barruan dauden pertsonek berehalako osasun arreta behar dute. Inoiz ez bezalako erabakia hartu zuen auzitegiak: adierazi zuen «salbuespenezko larrialdi egoerak» ontziari Italiako uretan sartzeko baimena ematea justifikatzen duela.
Gaur bete dira bi aste Open Arms GKE gobernuz kanpoko erakundearen ontziak lehen erreskatea egin zuenetik; 147 migratzaile daramatza barruan. Nazioarteko eta Maltako uretan eman dituzte egunak, porturatzeko baimena emango zien herrialde baten zain. Italia zuten gertuen, baina Salvinik Espainiara joateko esan zien, ontzia han erregistratuta dagoelako. Maria Jesus Monterok, Espainiako jarduneko Ogasun ministroak, atzo adierazi zuen Open Arms-ek «lehenbailehen» joan behar zuela «Italiako portu seguru batera». Auzitegiak ez zuen lehorreratzeko porturik aipatu, baina ontzia Lampedusa uhartera bidean da.
Lehorreratzeko argibiderik zehaztu ez duen arren, auzitegiak lurraldearen uretan sartzeko baimena eman dio ontziari, «behar handiena duten pertsona erreskatatuei berehalako laguntza eman diezaieten». Salviniren aurkako beste gezi bat jaurti zuen hala: Giuseppe Contek, Italiako lehen ministroak, hari eskatu zion ontzian zihoazen haurrak lehorrera eramateko; Salvinik ezetz erantzun zion, gainontzeko proposamen guztiekin egin bezala. Atzo, Barne ministroak Estatu Kontseiluari urgentziaz elkartzeko dei egin zion, erreskate ontziari beste debeku bat ezartzeko: «Open Arms Libiako eta Maltako uretan egon da, eta jendea sistematikoki erreskatatu du Italiara eramateko helburu politikoarekin», adierazi zuen.
Open Arms GKEaren ustean, Italiak «nazioarteko zuzenbidea urratu duela» onartu du Lazioko auzitegiak atzoko erabakiarekin. Auzitegiak mediku txostena, txosten psikologikoa eta misioaren arduradunaren hitzak aztertu zituen ontziaren egoera desblokeatu duen erabakia hartzeko.
Izan ere, bi aste itsasoan nora joanik gabe egoteak baditu bere arriskuak. Oscar Camps Open Arms GKEaren zuzendariaren esanetan, tentsioa areagotu egin da ontziko errefuxiatuen artean: «Zaurituak edo hildakoak egon litezke». Janaria, eguzkitan edo itzaletan egotea, zein komunera joateko ilaran jartzea gatazka iturri izan daitezke, haren hitzetan. Gainera, migratzaile batzuk gose greban daude. «Indarkeria eztanda» batek ez luke harrituko, baina «guztia tragedia bilakatuko luke».
Auzitegiak Open Arms ontziarentzat soilik indargabetu du Salviniren debekua; Italiako uretan ez sartzeko aginduak indarrean jarraitzen du dokumentaziorik gabeko migratzaileak barruan dituzten gainerako ontzientzat. Neurri horrek milioi bat eurorainoko isunak aurreikusten ditu debekuari muzin egiten diotenentzat. Open Arms GKEak debekuaren kontrako helegitea aurkeztu zuen, eta helegite hori aintzat hartu du Lazioko auzitegiak.
Bi ontzi denboralean
Open Arms-en antzera, Mediterraneoan ehunka lagun erreskatatuta, portu seguru batean sartzeko baimenaren zain dago Ocean Viking itsasontzia. SOS Mediterranee eta Mugarik Gabeko Medikuak GKEena da hura, eta 356 migratzaile daramatza barruan. Italiara eta Maltara gerturatzen ari da. Denboralea iragarri zuten bart gauerako, eta ontziko eskifaiak migratzaileen egoeraren inguruko kezka adierazi zuen atzo. Salviniren esanetan, Open Arms-en eta Ocean Viking-en jokabideak agerian uzten dute «plan bat» dagoela abian, Italiako portuak ireki eta herrialdea «Europaren errefuxiatu kanpaleku» bihurtzeko.
Campsek ere larrituta hitz egin zuen atzo eguraldi iragarpenaz. Haren hitzetan, Lampedusa uhartearen «babesa» bilatzea da Open Arms-en lehentasuna; auzitegiak erabakiaren berri eman zuenean, 30 miliara zegoen ontzia. Open Arms GKEaren zuzendariak espero du irtenbidea «ordu batzuetako kontua» izatea, eta ez «egunetakoa». Ontzia Italiako uretan sartu orduko, migratzaileak ebakuatzeko eskatuko du, osasun arrazoiengatik, baina ez du Italiaren legea urratzeko asmorik: «Erabateko legezkotasuna bilatuko dugu».
Atzo, Wolfgang Doldekin eman zuen prentsaurrekoa Campsek. Dold Alemaniaren enbaxadorea da Espanian. Campsek adiarazi zuen Angela Merkel Alemaniako presidentearekin eta Emmanuel Macron Frantziakoarekin hitz egin duela. Pedro Sanchez Espainiako jarduneko presidentearekin ez da elkartu oraindik. Zuzendariak espero du hiru herrialde horiek migratzaileak hartzeko bat egingo dutela; haiengana jo zuen joan den astean. Europako Batzordeak ez du negoziazio formalik hasi oraindik, baina egunak daramatza estatu kideekin hizketan, Open Arms-en lehorreratzea adosteko helburuarekin.
'Open Arms' Italiako uretan dago, porturatzerik izango duen ez dakien arren
Italiako auzitegi batek lurraldearen uretan sartzeko baimena eman dio ontziari. Salvinik adierazi du ontziaren aurkako beste debeku agindu bat sinatuko duela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu