Greba luze bat egiteak kostu handiak ditu, baina baita irabaziak ere. Gipuzkoako epaitegietako eta polizia etxeetako garbitzaileen kasuan, bederatzi hilabetekoa izan da greba —2018ko irailaren 19an hasi zuten—, baina ez dute esku hutsik bukatu, beren aldarrikapen nagusia hein handi batean lortu baitute: soldatak kale garbitzaileek dituztenetara hurbiltzea. Soldata arrakala, genero arrakala ere badena, %70 murriztu dute.
«Akordioa bikaina da». Horrela definitu du ELA sindikatuak garbitzaileek lortutako lan hitzarmena. LABen, ESKren, CCOOren eta UGTren sinadura ere izangodu akordio horrek. Mahaiaren beste aldean, patronalarenean,Garbialdi enpresa dago, Gipuzkoako polizia etxeak eta epaitegiak garbitzeko Eusko Jaurlaritzak kontratatutako enpresa.
Akordioaren bitartez, Garbialdik KPIaren igoera bermatuko die 2018tik 2022ra, eta, horretaz gain, %9 handituko die hileroko saria polizia etxeak garbitzen dituztenei, eta %4,5, berriz, epaitegietan aritzen direnei —soldata handiagoa dute—. Ondorioz, eraikin batzuetako zein besteetako garbitzaileek %70 murriztuko dute kale garbitzaileen soldatarekin zuten aldea. «Urrats erraldoia benetako soldata berdintasunerantz», ELAren iritziz. Orain arte, eraikin judizialetako langileek kaleko garbitzaileek baino %7 gutxiago irabazi izan dute, eta polizia etxeetakoek, %13 gutxiago.
Sektore feminizatua
Soldata arrakala generoak eragindakoa dela adierazi dute sindikatuek, eta, horregatik, garrantzia berezia eman diote azken hilabeteetako borrokari. Kale garbitzaileen %80 dira gizonezkoak, eta, kontrara, gizonak %5 baizik ez dira epaitegiak eta polizia etxeak garbitzen aritzen direnen artean.
«Garbiketako sektorean oso adierazgarria da kalean egiten den garbiketa eta lau pareten artean egiten denaren arteko aldea», gogorarazi du LABek, eta agindu du halako arrakalak gainditzeko borrokatuko dela. «Guk hor jarriko ditugu gure indar eta konpromisoa».
ELAk ere ziurtatu du «antolakuntza eta borroka» direla sektore feminizatuen baldintzak hobetzeko bidea, eta erronka horretan ez laguntzea egotzi dio Jaurlaritzario. «Greba nahi baino askoz gehiago luzatu da, hein handi batean Eusko Jaurlaritzak izan duen jarreraren ondorioz. Izugarrizko zerbitzu minimo handiak inposatu zizkigun, baita ezohiko bi garbiketa ere. Garbiketako eta zaintzako kolektiboek ez dute diskurtso feminista hutsal eta hipokri- tarik behar instituzio publikoen aldetik, ekintza feministak behar dituzte».
Akordioak beste puntu batzuk ere jasotzen ditu. Batetik, Garbialdik soldata osoaren %20 besteko gehigarri bat emango die baldintza toxiko eta lan nekagarrietan aritzen direnei. Horien artean daude ziegak, ibilgailuak edo deklarazio aretoak garbitzen dituztenak. Bestetik, itunak ultraaktibitate mugagabea izango du (indarrean izango da berria sinatu bitartean), eta ez ezartzeko aukera kendu dio enpresari.
Grebak iraun duen artean, sakon garbitu gabe egon dira Gipuzkoako ertzain etxeak eta epaitegiak, eta zabor poltsak eta zikinkeria pilatu egin dira hainbat egunetan.
Garbitzaileek akordioarekin amaitu dute bederatzi hilabeteko greba
Kale garbitzaileen soldatarekin zuten aldea %70 txikitu dute Gipuzkoako epaitegietako eta polizia etxeetako garbitzaileek; emakumeak dira gehienak. Generoak eragindako arrakala dela diote
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu