Lanaldiaren nahitaezko erregistroa egiteko denbora gehiago nahi du patronalak

Cebekek uste du neurri «okerra» dela, «arazo puntual bat neurri orokor batekin» konpondu nahi delako. LABek eskatu du erregistroa eskuz ez egiteko

Igandeaz geroztik derrigorrezkoa da enpresa guztietan langileen lanaldia erregistratzeko sistema bat izatea. J.J.GUILLEN / EFE.
Iker Aranburu.
2019ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Ohiko irudia izan da azken egunetan Hego Euskal Herriko dendetan, enpresa txikietan, bulegoetan eta beste hainbat lantokitan: langileak orri batean idazten zer ordutan sartu diren lanera eta zer ordutan aterako diren. Beste lantoki batzuetan sistema modernoagoak erabili dituzte, hala nola hatz marka digitala, espresuki prestatutako aplikazio informatikoak edo, enpresa handiagoetan, lanaldia neurtzeko ohiko sistema, fitxatzeko makina. Baina era batera ala bestera, milaka lantokitan nola edo hala betetzen ari dira igandeaz geroztik indarrean dagoen lanaldiaren nahitaezko erregistroaren legea. Aparteko orduak beltzean ez ordaintzea eta gehiegizko lanaldiak murriztea da helburua, Espainiako Gobernuaren arabera. Sindikatuek eszeptizismoz ikusi dute neurria, eta patronalak ere ez daude oso pozik. Arauak badu sorburuko akats bat: «Gehiegizko orduen arazo puntuala eta ezohikoa» konpondu nahi du «jende guztiak bete beharreko arau orokor batekin», Francisco Javier Azpiazu Cebek Bizkaiko enpresaburuen elkarteko idazkari nagusiaren hitzetan.

Bilbon atzo egindako agerraldian, Cebekek denbora gehiago eskatu zuen lanaldiaren nahitaezko erregistroa bete ahal izateko. Onartu egin zuen enpresak «galduta» daudela eta zalantza asko dituztela, eta eskatu zion Lan Ikuskaritzari «irizpide batzuk» emateko legea betetzeko moduei buruz.

Azpiazuk azaldu zuenez, «zaila» da lanaldia erregistratzeko modu bakar bat jartzea, lan egiteko modu oso desberdinak daudelako orain. «Araua ohiko lanpostu bati dagokio, leku batean mugitu gabe egiten zeneko horri, baina hori dagoeneko ez da ohikoena zerbitzuetan». Lan «tipologia desberdinak» erregistratzeko moduak asmatzeko denbora eskatu zuen Azpiazuk.

Malgutasuna

Cebekeko presidente Iñaki Garcinuñok, berriz, ukatu egin zuen Magdalena Valerio Espainiako Lan ministroak esandakoa, hau da, enpresek ez dutela «serio hartu» erregistroarena: «Serio hartu dute, baina bi hilabete gutxi dira indarrean jartzeko».

Ministroak ildo horri eutsi zion atzo. «Gauzak beste baterako uzteko joera dugu», esan zuen, baina enpresa batzuek dagoeneko erregistroa sortu dutela gaineratu zuen. Nabarmendu zuen enpresei askatasuna eman diela erregistratzeko sistemak erabakitzeko. «Ez gaude denei fitxatzeko sistema zurrun bakar bat ezartzeko bezain eroak[…] Badakigu pertsona batzuk ez daudela egun osoa beren lanpostuan».

Malgutasun hori da sindikatuek salatzen duten puntuetako bat. «Ateak zabalik uzten dizkie iruzurrari eta manipulazioari. Adibidez, eskuz eginez gero, langile prekarioenek ezin diote aurre egin, ez dutelako aukerarik benetan egindako lanaldia agerrarazteko», salatu du LABek. Agiri baten bidez, sindikatu horrek tresna digitalak eta elektronikoak eskatu ditu lanaldia erregistratzeko, «patronalak bere onerako manipulatu ezin dituenak».

Eusko Jaurlaritzak, Josu Erkoreka bozeramailearen bidez, babesa eman dio lanaldia derrigorrean erregistratzeari —«zentzuzkoa da»—, eta erregistratzeko moduak sindikatuekin adosteko eskatu die enpresaburuei.

EBko justiziaren epaia

Kasualitatea izan ala ez, garaiz iritsi da Espainiako Gobernuak bultzatutako erregistroa. Izan ere, atzo zabaldutako epai batean, Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak ebatzi zuen «derrigorrezkoa» dela langileen lanaldia «sistema objektibo, fidagarri eta eskuragarri baten bidez» erregistratzea. Espainiako Auzitegi Nazionalak eskatutako argibidea eman du horrela Luxenburgoko Auzitegiak. CCOOk lehenik eta UGTk gero Deutsche Banken aurka jarritako salaketa bat zuen oinarrian Auzitegi Nazionalaren eskaerak. Epaia txalotu dute bi sindikatu horiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.