Renove planak apaldu egin du autoen matrikulazioen gainbehera

Hego Euskal Herrian, matrikulazioak %4,5 jaitsi dira urteko lehen hiruhilekoan. Eusko Jaurlaritzaren pizgarrien planak %193ko igoera ikusgarria eragin du auto elektriko eta hibridoen salmentetan

xabier martin
2019ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Auto gutxiago saltzen ari dira duela urtebete baino; joera ezaguna zen, azken hilabeteek utzitako datuei esker, eta horregatik jarri du martxan Eusko Jaurlaritzak Renove plana. Pizgarri hori, ordea, ez da nahikoa izan gainbehera geratzeko, baina bai galgatzeko. Izan ere, Hego Euskal Herrian, autoen matrikulazioek %4,5 egin dute behera urtarriletik martxora, baina hilabete bakoitzak emandakoari erreparatu behar zaio Renove planaren eraginkortasuna aztertzeko: Ilbeltzean %14,4 jaitsi ziren salmentak, Gasteizko gobernuaren eskumeneko hiru lurraldeak kontuan hartuta, eta otsailean, %18,7. Baina zer gertatu da martxoan? Salmentak %21,2 igo direla 2018ko martxoarekin alderatuta. Kontua da martxoko igoera hori ez dela nahikoa izan aurreko bi hilabeteetako galerak orekatzeko. Horregatik, Renove plana ez da gai izan matrikulazioen beheranzko joera iraultzeko, baina apaldu du behintzat.

Dena den, Anfac, Faconauto eta Ganvam patronalek emandako datuek alde handiak islatzen dituzte lurraldetik lurraldera. Gipuzkoan (%30, 1.397 auto) eta Bizkaian (%23, 2.258 auto) auto matrikulazioak nabarmen igo dira; Araban (%0,4, 639), berriz, merkatua laua geratu da urte arteko datuan; eta Nafarroan (-%21,9, 913) gainbehera handia egon da. Han ez dute Renove planaren galga eduki, eta datu horrek argi erakusten du pizgarriaren eragina.

Elektrikoak eta hibridoak

Horiek horrela, Gipuzkoa da urte hasieratik hona salmentak igo dituen lurralde bakarra; 3.336 auto matrikulatu dira, %2,5 gehiago; Bizkaian, 5.159 auto matrikulatu dituzte (-%4); Araban, 1.494 (-%14); eta Nafarroan, 3.117 (-%6,7). Datu horiek islatzen dute Hego Euskal Herrian 13.206 auto matrikulatu direla urtarriletik martxora; hau da,-%4,5, aurreko urteko epe berarekin alderatuz.

Bestalde, Espainiako autogintzaren patronalen datuek beste joera argi batzuk islatzen dituzte: dieselaren gainbehera geraezina da, eta gasolinak gero eta nagusitasun handiagoa du, nahiz eta Renove planak eragin handia izan duen motor alternatiboen merkatuan. Multzo horretan sartzen dira auto elektrikoak, hibridoak eta hitrogenoa baliatzen dutenak. Bada, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako datuak bateratuta, %193 igo dira salmentak (540 ibilgailu matrikulatuta) iazko martxoaren aldean. Renove planak multzo horretakoei laguntzen die gehien: 2.500 eta 3.000 euro arteko kopurua eskaintzen die trukean hamar urte baino zaharragoa den autoa uzten dutenei, hura txatarra bihurtzeko.

Halere, laguntzak alde batera utzita, gasolina da motorrik salduena gaur egun, eta urteko lehen hiruhilekoaren datuei begiratu baino ez dago nagusitasun hori berresteko: %10,5 igo dira gasolina autoen salmentak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako matrikulazioak batuz, iazko epe berarekin konparatuz gero. Diesel motorreko matrikulazioek, aldiz, %36,8 egin dute behera. Hala, saldutako hamar auto berritatik zazpik gasolina motorra daramate Hego Euskal Herrian.

Patronalen arabera, joera hori antzekoa da Espainiako merkatu osoan. Era berean, garbi geratu da Jaurlaritzaren Renove planaren eragina bi merkatuen eboluzioari erreparatuz gero. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, matrikulazioek %21,2 egin dute gora, eta Espainiako merkatuan negatiboa izan da eboluzioa (-%4,3).

Gaur bertan, Espaniako Gobernuak Moves plana jarriko du martxan auto elektrikoen salmentak bultzatzeko, eta sektoreko patronalek esperantza txiki bat dute pizgarri horretan. Auto berrien erosketa 6.500 euro arteko kopuruarekin laguntzen du planak, baina soilik motor elektrikoa badute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.