Hego Euskal Herriko kontu publikoek beltzera egin zuten iaz. Defizita ez baizik superabita izan zuten Eusko Jaurlaritzak (507 milioi, BPGaren %0,68) eta Nafarroako Gobernuak (112 milioi, %0,55). Diru horren zati bat bideratu dute beren zorra txikitzera: 2017 amaieran baino 183 milioi euro gutxiago zor zituen Nafarroako Gobernuak 2018 amaieran, eta 109 milioi gutxiago Jaurlaritzak, Espainiako Bankuaren datuen arabera.
Bigarren urtez jarraian amaitu dute urtea galerarik gabe Gasteizko eta Iruñeko gobernuek, baina bada aldea 2017aren eta 2018aren artean. 2017an, batek zein besteak diru kopuru gehigarri bat jaso zuten Madrildik, kupoari eta ekarpenari buruzko negoziazioak haien aldeko akordio batekin itxi zituztelako. Aurten ez da aparteko ordainketarik izan, baina zerga bilketa uste baino hobeto joan da, eta uste baino diru gehiago sartu da kutxetan.
Gainera, bada beste faktore bat superabita azaltzeko: Egonkortasun Legearen atal batek, gastu arauak, muga handiak jartzen dizkie gastua handitzeko, horretarako dirua dagoenean ere, lege horren helburu nagusia baita zorra txikitzea. Esaterako, 2017ko superabitaren erdia baino pixka bat gehiago gastatzeko asmoa adierazi zuen Nafarroako Gobernuak, 113 milioi euro; Espainiakoak, ordea, 35 milioi gastatzeko baimena baizik ez zion eman. Jaurlaritzak jada esan du superabitaren zati handiena zorra txikitzeko baliatuko duela.
Diputazioek ere gutxitu dute zorra: 2.995 milioi zor zituzten 2018 amaieran, urtebete lehenago baino 202 milioi gutxiago, eta 2017 hasieran baino 1.100 milioi gutxiago.
Atzoko bileran, Madrilgo gobernuak dekretu bat onartu zuen superabita izan duten administrazioei baimena emateko diru horren zati bat «finantza aldetik jasangarriak diren inbertsioetarako» erabiltzeko. Osasuna, hezkuntza, babes zibila, kultur ekipamenduak eta segurtasun kontuak aipatu ditu horien artean.
Espainia, prozeduratik at
Espainiako Erresumak, berriz, aspaldiko partez lortu du defizit publikoa %3tik behera uztea. Zehazki, bere kutxetan sartu baino 31.805 milioi euro gastatu ditu, BPGaren %2,63. Udalak eta tokiko beste erakundeak izan dira beren zenbakiak txukuntzea lortu ez duten bakarrak, baina haiek aspaldian dute superabita, gastua oso zorrotz kontrolatzen dietelako. Hain zuzen ere, Madrilgo gobernuaren esku dauden erakundeak dira defizit gehien sortzen dutenak: administrazio zentralak 18.121 milioiko defizita izan du (%1,5), kalkulatu zuena ia halako bi; pentsioetan gastua gorantz egiten ari dela-eta, Gizarte Segurantzak 17.088 milioiko zuloa egin du (%1,41). Haiekin alderatuta, txikia da erkidegoen zorra (2.810 milioi), nahiz eta haiek egiten duten gastu sozialaren zati handiena.
Defizita %3tik jaitsita, Espainiak atera ahal izango du gehiegizko defizitaren prozeduratik. Hura zen gainbegiratze egoera horretan zegoen azkena, Frantzia jada atera zelako —aurten %2,5era jaitsi du defizita—.
Edonola ere, Madrilek berriro huts egin du bere promesetan.Bruselari %3,1etik %2,2ra jaitsiko zela agindu zion Mariano Rajoyren gobernuak, baina udan helburua %2,7ra igo zuen Nadia Calviño Ekonomia ministro sozialistak, aurreko defizita lortzea ezinezkoa zela ikusita.
Aurten %1,3ra jaistea zen asmoa, baina kopuru hori auzitan dago. Pedro Sanchezek legegintzaldia amaitu du 2019ko aurrekontuak onartzerik ez zuela ikusita, eta kontu horietan diru gehiago biltzeko agertzen ziren neurriak —Google tasa, esaterako— ez dira indarrean jarri, baina, bai, ordea, gastu publiko gehigarri batzuk. Atzo, helburu berria %2 dela esan zuen Monterok.
Superabitarekin, behera doa zorra
Zerga bilketa onak lagunduta, eta gastu arauak mugatuta, Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak defizitik gabe amaitu dute 2018. urtea. Ia 300 milioi txikitu dute zorra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu