Dragoiak oinak dardarka ditu

Txinako ekonomia %6,6 hazi zen 2018an; daturik txikiena azken 28 urteetan. Zenbait sektorek askoz zenbateko okerragoak dituztenez, krisiaren beldurra zabaltzen ari da

One Plus telefono konpainiako langileak, beren lanpostuetan atseden hartzen. ZIGOR ALDAMA.
Zigor Aldama.
Shanghai
2019ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Lehen aldiz zazpi urtean, aurten ez diote igoko Shanghaiko etxebizitzako errenta artikulu honen idazleari. «Txinaren gorakadaren lekukoa izan zara; orain, erorketaren lekukoa izango zara». Ezohiko hitzak Asiako herrialde erraldoian bizi direnentzat. Etxeko nagusia telekomunikazio enpresa handi bateko langilea da, eta Pekingo gobernuaren estatistika ofizialak sinisten ez dituzten eszeptiko horietako bat. «Esaten dute herrialdea %6,6 hazi zela iaz, baina hori ez dator bat hainbat sektoretan aritzen garenok ikusten dugunarekin. Ezkorra da oso. «Garai txarrak datoz».

Estatistikek erakusten dute bere usteak baduela oinarririk. Ez dago bere onenean Txinako higiezinen sektorea, azken urteetan hazkundearen motorretako bat izan dena. Berez, bigarren eskuko etxebizitzaren prezioa jaisten ari den hirien kopurua handitu egin zen abenduan, laugarren hilabetez jarraian. Herrialdeko 70 hiri nagusietatik 22tan prezioak jaisten ari dira, eta haien artean daude bi hiri nagusiak, Pekin eta Shanghai —%0,3 jaitsi ziren, ofizialki—. Kontuan izanda txinatarrek aurrezkien zati handi bat etxebizitzetan inbertitzen dutela, egoerarekin kezkatuta dago Txinako Gobernua. Aztertzen ari da prezioa gehiegi ez igotzeko iraganean hartutako neurri batzuk arintzeko aukera.

Huaweiren auzia

Etxebitzen prezioa ez da Txinan hedatzen ari den ezkortasunaren arrazoi bakarra. Ekonomiari kalte egiten hasi da AEBen aurkako merkataritza gerra. Eta Huaweiren iskanbilak Txinako enpresen aldartea belztu du; telekomunikazio enpresa gero eta herrialde gehiagoren betoa jasotzen ari da, AEBek Txinako Gobernuarentzat espiatzea egotzi baitiote. Herrialdeko konpainien hedapen globalaren aurkako eraso zuzen gisa hartu dute Txinan.

Estatistika ofizialek panorama politago bat marrazten dute. Barne produktu gordina azken 28 urteetan baino gutxiago hazi den arren, gobernuak kalkulatu du txikizkako salmentak %9 hazi direla, per capita errenta %6,5 handitu dela, eta kanpo merkataritza %9,7 hazteak inoiz ez bezalako superabita eragin duela. Gainera, bertsio ofizialak nabarmendu egiten du Txina arrakasta izaten ari dela bere industria birmoldatzen, eta balio erantsi handiko gero eta produktu gehiago fabrikatzen dituela.

Txinaren hazkundearen moteltzea logikoa dela uste du Li Yuanek, Cheung Kong Graduate School of Business (CKGSB) eskolako finantza irakasleak. «Azken finean, Txinak dagoeneko badu ekonomia heldu bat, lehen mailako azpiegiturak, eta herrialde garatutakoetara hurbiltzen ari den per capita errenta bat; egoera horretan dagoeneko ez da posible mende hasierako hazkunde erritmoari eustea».

Alde horretatik, Global Times egunkari ofizialistak gida bat argitaratu zuen BPGaren «benetako datuak interpretatzeko. Editorialean, egunkariak onartu egin zuen hazkunde ekonomikoa mantsotzen ari dela, baina kritikatu egin zuen nazioarteko prentsan nagusitu den analisia: «Okerreko ondorioak atera dituzte. Hazkunde motelagoak ez du esan nahi krisia gainean dugunik. Erakusten du prozesu bat ireki dela arazorik konplikatuenak konpontzeko, arriskuak kontrolatzeko, eta lurreratze bigun bat bermatzeko».

Haruntzago joan zen Global Times, eta ziurtatu zuen Txinak Europako edo AEBetako agintaritza eredua izango balu krisia «saihetsezina» izango litzatekeela, «1929an bezala». Txinako alderdi bakarreko sistema politikoak «arriskuak gutxitzen ditu eta arazoak konpontzen».

Halaber, ohartarazi zuen duela hamarkada bat AEBetan merkataritza gerra bat egiteak oso ondorio kaltegarriak izango zituela, baina gaur egun kalteak kontrolagarriak direla. «Etorkizunak itxura ona da. Txinako eta atzerriko analista batzuek ez dute Txina ezagutzen. Iragarpen ezkorrak ez datoz bat errealitatearekin», aldarrikatu zuen egunkari ofizialistak.

Nahiz eta buruzagi komunistek onartzen duten koiuntura zaila dela, beren datu eta adierazpen baikorrak kontraesanean daude sektore gako batzuetako zenbakiekin. Esaterako, 1990etik lehen aldiz, 2018an auto berrien salmenta jaitsi egin da (-%2,8). «Txinaren eta AEBen arteko lehia merkatuan eragin nabarmena izaten ari da. Horregatik, Txinako kontsumitzaileak uzkurrago dira autoak erosteko, eta horregatik gutxitu dira salmentak», azaldu zuen Volkswagenek.

Beste hainbeste gertatzen ari da barne kontsumoari tenperatura hartzeko balio izan duten beste produktu batzuekin. Ardoa da horietako bat, eta, gainera, kontsumo ohituren aldaketa erakusten dutenetako bat. Bada, edari horren 2018ko azken hiruhileko datuak ezin okerragoak direla ohartarazi du sektoreak. Erorketarik handiena Espainiako ardoek jasan dute —%20 jaitsi dira—, baina Frantziako eta Italiako ardoen inportazioa ere jaitsi egin da.

«Argi eta garbi dago salmentak erori direla, eta aurten inportazioak are gehiago jaitsiko dira, stock handi bat dagoelako saltzeko», ziurtatu du Carlos Miranda Interwine azokako arduradunetako batek, Guangzhou hirian. «Iruditzen zait iragarpen ekonomiko kaskarrak aurrezkia handitzen ari direla, eta funtsezkotzat jotzen ez diren produktuen kontsumoa jaisten ari dela».

Telefonoak

Smartphone-en salmenta ere asko txikitu zen iaz (-%16,), hamar urtez igoera izugarria izan ondoren. Enpresa batzuk porrotaren atarian jarri ditu erorketa horrek. Haien artean dago Gionee: 2.600 milioi dolar inguru zor ditu, eta ia ziurra da desagertu egingo dela. Baina merkatua gainezka dagoenez, mehatxupean dago atal zehatz batean —kasu honetan, telefono merkeetan— indartsu ageri zen Smartisan konpainia.

Txinatik kanpo zabaldu diren telefono enpresa ezagunak ere antzematen ari dira munduko merkatu nagusiaren jaitsiera. «Urte zaila izango da 2019a; prest egon salmentak gehiago jaisteko», ohartarazi zien bere lankideei Xiaomiko kontseilari ordezkariak, Lei Junek. Ez du besterik espero Huaweiko buruak, Ren Zhengfeik, eta iragarri du «erdipurdiko langileak» bota egingo dituela. Mezu elektroniko baten bidez eman zituen arrazoiak: «30 urte oparo bizi izan ditugu, baina hurrengoetan egoera ez da espero bezain ona izango. Hedatze estrategiko bat egin dugu, eta modu txikitzaile batean hazi gara. Orain ziurtatu behar dugu geure egitura eraginkorra izango dela».

Salmentak ez dira, gainera, Huaweiren edo sektore beste eragileen kezka bakarra. Kanadan atxilotuta dago Ren Zhengfeiren alaba, Meng Wanzhou, eta horrek erakusten du Txinaren gorakadak mesfidantzaz ikusten dutela munduko beste lurralde batzuetan. Txinako inbertsioei ateak ixten hasi dira batzuk. Europako Batasunak, esaterako, iragarri du zorrotz aztertuko dituela inbertsio guztiak oniritzia eman aurretik. Zetaren Bide Berria proiektuaren bitartez, Txinaren yuanak besoak zabalik hartu izan dituzten herrialdeak ere zalantzan jartzen dira eraikitako azpiegitura guztien egokitasuna, eta haiek dakartzaten menpekotasun ekonomiko eta politikoa auzitan geratzen ari da.

Zaharrak berri

Edonola ere, egia da Txinaren etorkizunari buruzko ezkortasuna ez dela berria Mendebaldean. Berez, Txinako sare sozialetan bili-bolo dabil 1990. urteaz geroztik Dragoi Handiaren ekonomiari buruzko iritzi katastrofistak zabaldu dituzten nazioarteko prentsaren tituluen bilduma bat. Izan ere, azken 30 urteetan, ia urtero, Txinaren ekonomiaren lehertzea iragarri dute sona handiko hedabide anglosaxoiek. Adibide paradigmatiko bat da Gordon G. Chang analistaren «Txinaren kolapso hurbila» testua: 2001ean iragarri zuen Txinako Alderdi Komunistak boterea galduko zuela 2011. urterako. Huts egin zuela onartu zuen Changek, baina urtebetez soilik: «Apustu egin 2012an eroriko dela alderdia», idatzi zuen Foreign Policyn.

Izatekotan, kontrakoa gertatu da azken urteetan. Xi Jinping lemazain duela, Txinako Alderdi Komunista inoiz baino sendoagoa dirudi, besteak beste, azken urteetan Txinaren egoera ekonomikoak nabarmen egin duelako hobera. Urte hauetan bere barne produktu gordinak Alemaniarena eta Japoniarena gainditu ditu, eta denbora kontua da AEBak ere gainditzea. I+Gn inbertsioan ere jada handienetan bigarrena da Txina, eta formakuntzan gehien inbertitzen duena, bai barruan eta bai kanpoan.

Dragoiaren oinak orain dar-dar egiten hasi dira, baina ikusteko dago dardarizoa zein neurritakoa den, eta gai izango ote den Pekingo agintarien ametsa zapuzteko. Faktore asko baititu alde Txinak hazten jarraitzeko, eta munduko herrialderik boteretsuena berriro izateko. Ez baita ahaztu behar XV. eta XVI. munduko aberastasunaren heren bat ekoizten zuela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.