Protestak ez du etenik

Baionako autobus sarea blokeatu dute grebalariek. Milaka pertsona elkartu dira protestan, eta Frantziako Poliziak negar gasa erabili du manifestarien kontra

Manifestariak Baiona iparraldeko autobidearen sarreran, atzo goizean. PATXI BELTZAIZ.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2023ko martxoaren 24a
00:00
Entzun

Frantziako Gobernuak erretretaren erreformaren lege proiektua onartu ondoren, mobilizazioaren azken hatsak izanen zirela pentsa zezaketen batzuek, baina kontrakoa gertatzen ari da. Erreforma bozkarik gabe pasatzeko 49.3 artikulua erabili izanak haserrea eragin du langileen artean, eta Emmanuel Macron Frantziako presidenteak herenegun egindako adierazpenek ez dute giroa baretu. Horren isla Baionan ikusi zen, manifestazio oso jendetsua egin baitzuten: FSU sindikatuaren arabera, 24.000 pertsona batu ziren; Poliziaren aburuz, berriz, 9.500. Intersindikalak aurretik deitutako zortzi protesta egunetan ez zen istilurik gertatu, baina bai, ordea, atzo. Pirinio Atlantikoetako prefeturaren arabera, lau pertsona atxilotu zituzten.

Aste mugitua izan da Ipar Euskal Herrian. Aste guzian zehar blokeatze ekintzak antolatu ditu intersindikalak Lapurdi kostaldean. Baiona eta Hendaia arteko autobidea blokeatzen entseatu ziren astelehenean, eta Angeluko, Bidarteko eta Tarnoseko merkataritza guneetan protestak antolatu dituzte azken egunetan. Atzo goizean, Euskal Hirigune Elkargoko Txik Txak autobus sarearen Baionako biltegia blokeatu zuten goizean goiz. Bi sarreren aitzinean barrikadak muntatu, eta su eman zieten dozenaka grebalarik. Keolys enpresako langileak lanera joan baziren ere, autobusik ez zen atera goiz guzian zehar.

«Mugimendua indartsu da, langileak determinatuak dira», adierazi zuen Argitxu Dufau LAB sindikatuko Ipar Euskal Herriko koordinatzaileak, aste guzian izan diren ekintzak aipatuta. Frantziako Gobernuaren «blokeatzea» eta «erradikalizazioa» deitoratu zituen. «Parean erakusten ari gara ez dugula amore eman nahi; erreforma kendu arte mobilizatuak egonen gara. Baina aldarrikapen gehiago ere badira: erretreten sistema hobetzearen alde borrokatzen ari gara. Baina orokorkiago Frantziako Estatuan dagoen krisi demokratikoaren kontra ere bai».

Istiluak Poliziarekin

Egoera berezia izanik, manifestazioa ere berezia izatea nahi zuten sindikatuek, eta ezohiko ibilbidea hautatu zuten atzoko protestarako. Baionako geltokitik Alsace Lorraine etorbidea hartu zuten, eta Baiona iparraldeko autobidearen sarrerara buruz abiatu ziren. Sarrera hori ixtea erabakia zuela jakinarazi zuen goizean Pirinio Atlantikoetako prefeturak ohar batean. Hara iristean, Frantziako Poliziaren eta jendarmeriaren harresi batekin topo egin zuen manifestazioak. Tentsio uneak izan ziren, eta negar gasa erabili zuen Poliziak manifestarien kontra. Haur batzuk ere izan ziren kaltetuak.

Gerora, istilu gehiago izan zen: burua estalia zeramaten manifestari batzuek harriak eta kristalezko botilak bota zituzten polizien kontra. Beste batzuek armak utzi eta protestara batzeko eskatu zieten agenteei. Oldarraldi bat baino gehiago izan ziren, azkenean egoera baretu zen arte. Manifestariak talde txikitan barreiatu ziren inguruetatik, eta Baiona erdiguneko zirkulazioa oztopatu zuten tarte batez.

Poliziak «gero eta indarkeria handiagoa» erabiltzea salatu zuen LABek, eta, arratsaldean, komisariaren aurrean protesta egin zuen. Gainera, azaldu zuen poliziak Baionako AEKren egoitzan sartu zirela, eta miatu egin zutela, manifestarien bila.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.