Kofradiek prezioen igoerekin eutsi diote lonjetako salmenten jaitsierari

Bosgarren urtez jarraian, arrain gutxiago deskargatu da Bizkaiko eta Gipuzkoako portuetan, baina urteko salmenten balioa %16,2 handitu da. Arrantzaleak kezkatuta daude, arraina urrutiratu delako

jokin sagarzazu
2023ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Iazko arrantzaldiaren balorazio positiboa egin dute Bizkaiko eta Gipuzkoako kofradiek. Baxurako ontziek arrantzatzen dituzten espezie nagusietan —hegaluzean, berdelean eta antxoan— harrapaketak onak izan dira, eta ontziek gasolioaren prezioaren igoerari aurre egin ahal izan diote, salmenta prezioen igoeragatik. Legatzarena izan ezik, gainerako espezie guztien prezioa igo da, eta urteko salmenten balioa %16,2 handitu da.

Dena den, badute kezkatzeko motiborik. Bizkaiko eta Gipuzkoako kofradietan arrain gutxiago deskargatu dute beste behin (%4,7 gutxiago), azken urteetako joerari jarraituz. Gero eta ohikoagoa da ontziek beste lurralde batzuetan saltzea, gero eta urrutiago joan behar baitute arrantzara. Azken urteetan inbertsio handiak egin dira Bizkaiko eta Gipuzkoako lonjak berritzeko, baina arraina euskal kostaldetik urrundu dela diote arrantzaleek. «Ditugun kuotak maila altuan harrapatu ditugu, eta arraina badago itsasoan, baina urrutiago. Ez dakigu zein den arrazoi nagusia; zientzialariek diote tenperaturen berotzeagatik izan daitekeela, baina haiek ere ez dute argi. Kezka handia dugu horrekin. Ez dakigu denbora kontua den, ala estrukturala den. Ez du irtenbide errazik», azaldu du Miren Garmendiak, Gipuzkoako kofradien elkarteko idazkariak.

Hegaluzearen kasuan, Bizkaiko eta Gipuzkoako ontziak Asturiasen eta Galizian aritu dira nagusiki. Hala ere, harrapatutakoaren %76 Hego Euskal Herriko portuetan deskargatu dute, baina 2021ean baino %4,2 gutxiago izan da. Urrunago joan behar izanak, halaber, gasolioaren kontsumoa handitu du; kofradien arabera, batez beste itsasontzi bakoitzak iaz baino 40.000 litro gehiago erabili ditu. Eta kanpaina urrira arte luzatu bazuten ere —aurreko urteetan kuota guztia abuzturako amaitu zuten—, 1.000 tona utzi dituzte harrapatu gabe. Arrantza kostuak, hala ere, salmenta prezioaren igoerarekin orekatu dituzte (%17), eta, oro har, kanpaina ontzat jo dute.

Urrutiago eta garestiago

Berdela izan da, beste behin ere, euskal arrantzaleen espezie nagusia. Kasu honetan, Bizkaiko eta Gipuzkoako portuetako deskargak handitu egin dira (%3,8), baina ez espero zuten beste. Izan ere, 2020an baino %37,6 gutxiago saldu da Hego Euskal Herriko lonjetan, eta, orduan, arrantzaldia mugatuta egon zen, pandemiagatik. Dena den, azken urteetako preziorik garestienetakoan saldu dute: 1,48 euroan kiloa. «Horrekin pozik gaude; berdela balioa hartzen ari da. Antxoarekin, aldiz, kontrakoa gertatzen ari da», esan du Garmendiak.

Urte honi begirako aurreikuspenek, berriz, onak izan beharko lukete. Ezarritako kuota %20 igo du Bruselak, eta 2009tik berdelaren gehiegizko arrantzagatik jarritako urteko isuna —5.544 tonakoa— amaituko da. Baina dena ez da positiboa. Espezie horren bilakaerarekin kezkatuta daude arrantzaleak. «Aurten ere, gure ontziek jarritako kuota baino gutxiago arrantzatu dute, eta ez dakigu zergatik. Gero eta zailagoa egiten zaie berdela arrantzatzea».

Antzera gertatzen da antxoarekin. Urte gazi-gozoa izan da. Bizkaiko eta Gipuzkoako kofradietan %51 gehiago saldu da, eta %27,5 garestiago. Dena den, prezioak «izan zirenetik oso urrun» daude oraindik ere. Garmendiaren arabera, Espainiako Gobernuak antxoaren kuota barkuen artean ez banatzeak lehia handia sortzen du, eta horrek espeziearen «debaluazioa» eragiten du.

Halaber, Bizkaiko eta Gipuzkoako lonjetako deskargak nabarmen igo diren arren (%51), euskal ontziek arrantzatutako antxoa gehiena kanpoan saldu dute (%54,3), eta, kasu horretan ere, gero eta urrutiago joan behar izan dute bila. Horrek, kostuak gehitzeaz gain, beste ondorio batzuk dituela azpimarratu du Garmendiak. «Antxoa oso arrain delikatua da; fresko kontsumitzeko, egunean bertan egon behar du arrandegian. Gertuko lonjetan ez saltzeak eragina du gure kate komertzialean —gure erosleak mugitu egin behar dute—, baina baita kontsumoan ere».

Bizkaiko eta Gipuzkoako baxurako arrantzaleentzat historikoki oso garrantzitsua izan den beste espezie baten arrantzak ere kolpe gogorra jaso zuen iaz, %45,3ko jaitsierarekin: sardinarenak.

Guztira, 3.296 pertsona enplegatu ditu baxurak, aurreko urtean baino 75 gutxiago (-%2,2).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.