Keinu eske ziren sindikatuak Gasteizko Mercedesen, zuzendaritzak lan hitzarmenaren negoziazioak eten eta biharamunean. Eta seigarrenez grebak ekoizpena geratu duen egunean iritsi da keinu hori: UGT, CCOO, Ekintza eta PIM sindikatuek adierazi dutenez, zuzendaritza prest dago gaueko seigarren txandari uko egiteko. Hala egiteko «exijitu» zioten herenegun lau sindikatuek posta elektronikoz bidalitako mezu batean, eta atzo jaso zuten baiezko erantzuna bide beretik. Astearterako deitu du langile batzordea bilerara.
Gehiengo sindikalak uste du hori dela etenda dagoen ekoizpenari eta «blokeatuta» dagoen negoziazioari berrekiteko «modu bakarra». Horregatik, lau sindikatuek konpromisoa azaldu dute trukean langileei berriz lanera itzul daitezela eskatzeko. Iñaki Andres UGTko ordezkariak azaldu duenez, «keinu garrantzitsua da», eta balio dezake «elkarrekin eraikitzen hasteko».
Lau sindikatuek ez dute orain arte halakorik eskatu; aitzitik, lan malgutasunaren alde azaldu dira, arau batzuk jarrita betiere. Roberto Pastor CCOOko ordezkariak aitortu du, halere, gaueko seigarren txanda dela «langileak eta enpresa zatitzen duen baldintza nagusia», eta horregatik erabaki zutela eskaera hori egitea enpresari. Bada, datorren asteko mobilizazioak atzeratu eta negoziazioari aukera bat emateko eskatu die sindikatu abertzaleei eta langileei. «Daukagun malgutasuna arautzeari buruz hitz egitea tokatzen da orain, eta langileentzat garrantzitsuak diren beste gauzei buruz».
«Letra txikia»
Langile batzordeko presidenteak, Igor Gebarak (ELA), BERRIAri adierazi dio, ordea, ez dutela proposamen horren ingurukorik jaso: «Guri ez digute ezer esan, ez zaigu ezer iritsi. Jaso dugun bakarra astearteko bilerarako deialdia izan da». Gebara pozik azaldu da erabakiarekin, baina ohartarazi zuen «letra txikia» irakurri beharko dutela balorazio bat egin eta asteazkeneko, osteguneko eta ostiraleko protestekin zer egin erabakitzeko. Eta zera gaineratu du: «Lorpena, izatekotan, langileena da, eta ez azken unean dominak jarri nahi dituzten sindikatuena».
Izan ere, ELA, LAB eta ESK sindikatuen eskari nagusietako bat da gaueko seigarren txanda ez onartzea, soldatak KPIaren arabera igotzearekin batera. Aldarri horiek hartuta egin zuten greba atzo ere. Langile gehienek egin zuten bat protestarekin: %95 inguru ez ziren lanera joan, deitzaileen arabera, eta ekoizpena etetea lortu zuten seigarrenez protestak hasi zituztenetik.
Manifestazio bat egin zuten goizean, Lehendakaritzatik abiatuta. Jendetza batu zen protestara, nahiz eta langile batzordeko gainerako sindikatuek greba ez babestea erabaki zuten azkenean. Protestaren amaieran, Gebara prest azaldu zen datorren asteko mobilizazioak bertan behera uzteko, baldin eta enpresak beren eskariak onartu edota keinuren bat egiten bazuen.
Mikel Diaz de Alda LAB sindikatuko ordezkariak ere sindikatu abertzaleek hitz egiteko konpromisoa dutela berretsi zuen. Baina zuzendaritzaren jarrera salatu zuen, sindikatuei gauza bat esaten dielako bileran, eta oso bestelako mezua zabaltzen duelako hedabideetan.
Mercedesek, sindikatuei keinu egin, eta astearterako deitu du bilerara
Zuzendaritza prest dago gaueko seigarren txandari uko egiteko, langile batzordeak eskatu bezala. UGTk eta CCOOk begi onez hartu dute keinua. «Letra txikiaz» ohartarazi dute ELA, LAB eta ESK-k
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu