Koronabirusa

Hilabetean %82 apaldu da positibo kopurua Hegoaldean

Beste 240 kutsatu zenbatu dituzte: kopururik apalena ekain amaieratik. Nafarroako txertaketa gune handien itxiera iragarri dute

Nafarroako Unibertsitate Publikoko kiroldegiko txertaketa gunea. V. LOPEZ / EFE.
Edurne Begiristain - Uxue Rey Gorraiz
2021eko irailaren 7a
00:00
Entzun
Kutsatuen kurbak maldan behera segitzen du Hego Euskal Herrian. Izurriaren bosgarren olatuak uztailaren hondarrean jo zuen goia, eguneko bi mila positibo inguru zenbatuta, eta, ordutik, indarra galduz joan da. Transmisioari loturiko aldagaien datuak jaitsiera horren erakusle dira: herenegun 240 positibo atzeman ziren Hegoaldean egindako testetan, kopururik apalena ekainaren 29tik. Gainera, hilabete bakarrean %82 gutxitu da positibo kopurua abuztuaren 6an, 1.319 kutsatu zenbatu zituzten. Osakidetzak eta Osasunbideak4.369 test diagnostiko egin zituzten igandean, eta horietatik %5,4k eman zuten positibo. Lurraldeka, Bizkaian 116 zenbatu zituzten; Gipuzkoan, 57; Araban, 32; eta Nafarroan, 31.

Transmisioak ez bezala, osasun sistemen presio asistentzialak, oraingoz, ez du arintzeko trazarik. Herenegun beste 37 pertsona ospitaleratu zituzten COVID-19aren sintomak larriagotuta, eta, horiek kontuan harturik, oraintxe 335 paziente daude ospitaleetan birusarekin. ZIU zainketa intentsiboetako unitateetako egoera ere ez da hobetu: 95 lagun daude larri. Horrez gain, Nafarroako Gobernuak jakinarazi du birusarekin eri zen herritar bat zendu dela herrialdean.

Txertaketa

Egunek aurrera egin ahala, gero eta gehiago dira COVID-19aren kontrako txertoa hartua dutenak. Kanpaina abiatu zenetik, hainbat adituk nabarmendu dute %70eko langa gainditzeak berebiziko garrantzia duela gaitza hedatzeko zirrikituak ixteko, eta Hego Euskal Herrian abuztu amaierarako lortu zen mugarri hori. Hain zuzen, txertaketan emandako pausoen seinale da Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak atzo iragarritako neurria: herrialdeko txertaketa azpiegitura handiak ixten hasiko dira. Zehazki, Osasunbideak datorren astearen hondarrean itxiko ditu Nafarroako Unibertsitate Publikoko kiroldegian eta Maristen egoitzan jarritako txertaketa guneak; irailaren 16an eta 17a izanen dituzte azken egunak, hurrenez hurren. Kontrara, Foremekoak martxan jarraituko du, bai ordua hartuta zizta hartu behar dutenentzat, baita aldez aurretik ordua eskatu gabe txertatu nahi dutenentzat ere.

Halaber, Tuterako Jesuiten kiroldegiko txertaketa gunean irailaren 20an emanen dituzte COVID-19aren kontrako azken ziztak. Sofia Erregina ospitalean segituko dute kanpainarekin.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak joan den astean iragarri zuen Osakidetzak itxi egingo dituela txertaketa gune handiak. Gotzone Sagardui sailburuak atzo azpimarratu zuen txertaketa erritmo onean dela eta aste honetan edo hurrengoan 12 urtetik gorako biztanleen %90ek dosi bat hartua izango dutela, eta iraila amaitzerako edo urri hasierarako biztanleen %90ek pauta osoa izango dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.