Hegazkingintza, auzitara

Sindikatuek Aernnovaren erregulazio espedienteari jarritako hiru helegiteak bat eginda epaituko dituzte gaur EAEko Auzitegi Nagusian. Epaileak 82 kaleratzeak balio gabe utz ditzala nahi dute

Aernnovako langileen protesta. Bilboko epaitegien aurrean, duela ia hilabete. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2021eko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Aernnova taldeak Berantevillan (Araba) eginiko erregulazio espedienteari sindikatuek jarri dizkioten helegiteen epaiketa egingo da gaur goizean Bilbon, EAEko Auzitegi Nagusian. Iazko azaroan martxan jarritako erregulazioak 82 langileri eragin die: 55 kaleratu egin dituzte, eta beste 27ek erretiro aurreratuak eta kaleratze ordainduak onartu dituzte. Guztira 454 langile dira, eta gaur greba egingo dute. Aurten epaituko den euskal enpresa bateko bigarren erregulazio handia da, eta hegazkingintzako lehena.

ZER EPAITUKO DUTE?

Erregulazioari hiru helegite jarri zizkieten sindikatuek: ELAk eta USOk bana Berantevillako plantako zuzendaritzari, eta langile batzorde osoak Aernnova taldeari. ELAren helegitea martxoaren 16an zen epaitzekoa, baina abokatu batek joaterik izan ez zuenez, gaur arte atzeratu zuten, batzorde osoaren epaiketarekin bat egiteko. Egoera ikusita, hirurak bateratzea erabaki du epaitegiko agintaritzak. Juan Carlos Benito Butron izango da epailea. Hasieran, Garbiñe Biurrun zegoen izendatua langile batzordearen epaiketarako.

ZER DIO ALDE BAKOITZAK?

Sindikatuek kaleratzeak indargabetzea nahi dute. Bi dira argudioak: pandemia garaian eginiko kaleratzeak direla; eta hegazkingintzaren krisia koiunturala denez, ez direla beharrezkoak. Alegia, aldi baterako neurriekin aski dela. Iruzurra ere egozten diote enpresari: Aernnova taldea da Berantevillako plantaren bezero bakarra, eta eskaeren arabera fakturazio datuak baldintza ditzakeela diote sindikatuek. Enpresak, berriz, esaten du bere fakturazioa %37 jaitsi zela iaz eta 2024ra arte ez dela itzuliko aurreko erritmora.

ZER EBATZ DAITEKE?

Epaiketa gaur izango da, baina ebazpena hilabete barru irtengo da. Hiru aukera daude: kaleratzeak legezkotzat jotzea, bidegabekotzat, eta kaleratzeak indargabetzea. Sindikatuek azken hori nahi dute, enpresa langile guztiak berriz hartzera behartzeko. Beste biek ez lukete eraginik izango. Kaleratze bidegabe izendatuko balituzte, kaleratzeen kalte ordainen zenbatekoan bakarrik izango luke eragina, eta dagoeneko badira kaleratze bidegabeen adinakoak. Ebazpena edozein izanda ere, helegiteak egongo dira.

BA AL DA AURREKARIRIK?

Bai, baita pandemia garaiko kaleratzeetan ere; eta ebazpen ezberdinak, gainera. EAEko Auzitegi Nagusiak bi langileren kaleratzea indargabetu zuen otsailean: bata Emtesport enpresan, eta bestea Jesdan. Bigarren enpresa hori hegazkingintzakoa da. Erregulazio handiei dagokienez, bakarra egon da: GTS eta Matricerias Deustokoa. Gestamp taldeko enpresak ziren. 200 kaleratze inguru izan ziren, eta bi planten itxiera eragin zuen. Orduan, Benito epaileak kaleratze bidegabeak direla ebatzi zuen. Neurria ez zela ez «arrazoizkoa» eta ez «proportzionala» deliberatu zuen, baina hala ere ez zuen indargabetu erregulazioa.

Aurrekaria da, baina baditu aldeak Aernnovarekiko. Gestampen kasua ez da aeronautikakoa, autogintzakoa baizik, eta langile batzordeko gehiengoak kaleratzeak onartu zituen negoziazioan. Aernnovaren kasuan, batzordeak ez ditu sinatu.

KASU BAKARRA AL DA?

Ez. Hegazkingintzako kaleratzeen hurrengo epaiketa gaur zortzi izango da, epaitegi berean. Kasuhorretan ITP Castingsen erregulazioa epaituko dute. 87 kaleratze izan ziren eta batzordeak ez zituen sinatu. Tubacexen erregulazioak ere epaitegian bukatuko du. Hura altzairugintza sektorea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.