Pandemiaren etena izan arren, lan istripu hilgarriak %52 ugaritu ziren iaz

Gehiengo sindikalaren zenbaketaren arabera, 2019an baino 24 langile gehiago hil ziren lanean Hego Euskal Herrian. Salatu dute COVID 19aren eragina neurtzeko datu zehatzak falta direla

Kamioi astun baten kabina txiki eginda, iaz Zumarraga eta Besain arteko errepidean gertatutako trafiko istripu baten ondoren. JUANAN RUIZ / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2021eko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Pandemiaren erruz jardun ekonomiko eta industrialak behera egin duen arren, lan istripu larriak eta istripu hilgarriak ugaritu egin ziren iaz Hego Euskal Herrian. Hori da ELA, LAB, ESK, Steilas EHNE eta Hiru sindikatuek 2020ko lan istripuen inguruan eginiko txostenaren ondorio nagusia. Hazkunde horretan errepidearekin harremana duten ezbeharrak ugaritu ziren bereziki, bi arlotan gainera: lantokirako joan-etorrietan jazotakoak eta garraiolarienak. Azken horien kopurua deigarria da, 70 hildakoetatik hamabi garraiolariak baitziren. Era berean, sindikatuek salatu dute ezin dela neurtu COVID 19ak zer eragin izan duen lan munduan, lan osasuneko erakunde publikoek ez dutelako bildu datu zehatzik.

«Jardun ekonomikoak behera egin zuen arren, prekaritateak eta lanaren kalitate eskasak bere horretan dirau. Datu hauek onartezinak dira», salatu zuen atzo Leire Heredia ELAko lan osasunaren arloko arduradunak, txostenaren aurkezpenean. 70 lan istripu jazo ziren 2020an Hego Euskal Herrian, 2019an baino 24 gehiago: %52 ugaritu dira. Datuei galbahea pasatuz gero, %25 ez traumatikoak izan ziren; %14, altueratik eroritakoak; %22, harrapatzeek edo kolpeek eragindakoak, eta %17 joan-etorrietan gertatutakoak.

Bereziki deigarriak dira eraikuntza sektoreko datuak: zazpi hildako. Garraiolarienak ere bai. Luli Eraso LABeko lan osasunaren arloko arduradunak xeheago azaldu zuen azken datu hori. «Gero eta merkantzia gehiago mugitzen dira. Garraiolariek lan asko egin zuten iaz. Baldintza txarretan dihardute askok: kargatzen, deskargatzen... Eta okerrena da lan osasuneko erakundeek ez dituztela zenbatzen lan istripu gisa, ezta joan-etorrian jazotakoak ere. Trafiko istripuak dira haientzat».

Sindikatuen datuek talka egiten dute Osalanek eta Nafarroako Gobernuak emanikoekin. Haien arabera, 38 dira hildakoak. Herediak azaldu zuen aldea: «Esan bezala, erakundeentzat errepidekoak ez dira lan istripuak. Ez traumatikoak ez dituzte zenbatzen, ezta kooperatibistenak eta kanpoko enpresetakoak ere». Esaterako, maiatzean, Beasainen (Gipuzkoa) bi hilabete geldirik zeraman Italiako zirku bateko trapezista bat hil zen entsegu batean. Bada, Osalanek ez du zenbatzen, atzerriko enpresa bat delako.

2020a, baina, beste ezeren gainetik, COVID-19aren urtea izan zen. «Hor arazo itzelak ditugu», kritikatu zuen Herediak: «Datuak falta zaizkigu. Ez dakigu zenbat jende gaixotu den lanean, ezta zenbatu den ere. Osasun langileez gain, badakigu sukaldari bat hil zela COVID-19arekin, laborategi batean lan egiten zuen emakume bat... Baina ez dakigu non bilatu, eta Osalanek ez dizkigu datuak ematen». Gainera, salatu zuten lantokietan gaixoturiko asko osasun zerbitzu publikoetan artatu dituztela. Erasok gogor hitz egin zuen: «Mutualitateak pandemia honetako desagertu handiak izan dira. Gaixotasun agiri eta sendagiri guztiak lehen arretako zentroetan banatu dira». Horrez gain, nabarmendu zuten iaz 28 pertsona hil zirela amiantoaren inguruan lan egin izanaren erruz.

Txostenaren ondorioetan, besteak beste, kontrol falta salatu dute, eta nabarmendu Europako batezbestekoak berdintzeko 100 ikuskari gehiago beharko liratekeela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 50 Nafarroan. Zentzu horretan, Erasok salatu zuen Jaurlaritzak entzungor egiten diela: «Urtarrilean bilera eskaera erregistratu genuen istripuei buruz hitz egiteko. Idoia Mendia lan sailburuak ez digu erantzun ere egin». Urrunago joan gabe, atzo lan istripu larri bat jazo zen Donostian: igogailu bat konpontzen ari zen langile bat seigarren pisutik erori zen. Ez zen hil, baina ospitalean artatu behar izan zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.