Sindikatuak mobilizatzeko prest dira enplegu publikoa egonkortu dezaten

ELAk iragarri du sindikatuak protesten egutegi bat adosteko bidean direla. Behin-behineko kontratuarekin ari diren milaka langile publikoren beharra bermatzeko helburua lukete mobilizazioek

Langile publikoak behin-behinekotasunaren aurkako protestak egiten hastekoak dira. JUANAN RUIZ / FOKU.
Xabier Martin - Jokin Sagarzazu
2021eko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Euskal administrazioan diharduten milaka langile publikoren behin-behinekotasunaren arazoa inoiz baino gehiago ikusten ari da pandemiak eragindako muturreko egoeran. Arazo horrek izen-deiturak ditu: Europako administrazioen artean, behin-behinekotasun tasarik handiena (ia %40). ELA sindikatuak aspaldian salatu du «50.000 langile baino gehiago» daudela behin-behineko kontratuekin beharrean euskal administrazioen zerbitzu publikoetan, gehienak Osakidetzan. Bada, administrazioan ordezkaritza gehien duen sindikatuak iragarri du prest dela «mobilizazioen egutegi bat» lantzeko gainerako sindikatuekin, eta dagoeneko hasi direla harremanak sindikatuen artean.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako administrazioan enplegua egonkortzeko helburua lukete protestek. ELAk ez du aurreratu lanuztek, greba edota manifestazioetara deituko ote duten, baina,mobilizazioen diseinuan aurrera egiteko, urtarrilaren 11n bilduko dira berriro sindikatuak, Bilbon. Nafarroako administrazio publikoan ere arazo handia da behin-behineko kontratuena administrazioan; EAEren atzetik, tasarik handiena dutenetan bigarrena da Nafarroa (%38,4).

Mitxel Lakuntza idazkari nagusi duen sindikatuak gogorarazi du urteak daramatzala salatzen administrazioko hamar langiletik lau aldi baterakoak direla, eta «[Espainiako] Estatu osoko eta Europako behin-behinekotasun tasarik handiena» duten lurraldeak direla Hego Euskal Herrikoak. Sektore publikoan, zehazki, Osakidetzan, hezkuntzan, gizarte zerbitzuetan, eta toki eta foru administrazioan, %40 inguruan dago langileen behin-behinekotasun tasa, eta Europako epaitegiek ohartarazi diote Eusko Jaurlaritzari egoera horri konponbidea eman behar diola. Behin-behineko kontratazioari «gehiegizko erabilera» ematen diola zehaztu du.

Bada, ELAk salatu du «ez Eusko Jaurlaritzak, ez estatuak, ezta euskal alderdi politikoek ere», ez dutela «benetako urratsik» egin behin-behineko kontratuen gehiegizko egoera hori aldatzeko, «nahiz eta azken urteotan egindako mobilizazio eta greba guztietan behin eta berriro eskatu dugun egoera hori pairatzen duten langileen enplegua finkatu behar dela». Kontratu finko baten zain dauden milaka langileren artean badira hiru edota bost urteko ibilbidekoak, baina baita 30 urtez lanpostu finko bat eduki gabe aritu direnak ere.

Urrats batzuen hastapena

Azken hilabeteetan, Espainiako Gobernuak asmoa agertu du Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutua aldatzeko eta sektore publikoaren behin-behinekotasuna amaitzeko neurriak hartzeko. ELAren ustez, horrek ahalbidetu behar luke Euskal Herrian ere egoera hori pairatzen duten langile publikoen enplegua bermatzea.

Eusko Jaurlaritzak ere Kidegoen eta Eskalen Legea aldatzeko egitasmo bat aurkeztu zuen abendu hasieran. Horren arabera, lan eskaintza publikoetan baldintza zehatz batzuk betetzen dituzten behin-behineko langileek ez lukete oposizio proba osoa egin beharko. ELAk «erabat arbuiatu» zuen egitasmoa Lakuak hura plazaratu zuenean; «adabaki bat» zela esan zuen, argudiatuta horrek ez duela konponduko sektore publikoan dagoen behin-behinekotasun tasa handia. Tasa horrek goia jo du Jaurlaritzako egoitza nagusiko langileen artean, %60tik gorako portzentajearekin. ELAk azpimarratu du sektore pribatuan baino hamazazpi puntu gehiago duela behin-behinekotasunak sektore publikoan; lehenean, %23 da, eta, bigarrenean, %40 kasik. Sindikatuaren ustez, kopuru horren atzetik, «prekaritatearen aldeko apustu politikoa» dago. ELAk dio egiturazko lanpostuak aldi baterako kontratuekin estaltzen direla, eta hori zerbitzu publikoak pribatizatzeko helburua duen estrategia baten parte dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.