Manu Aierdik iragarri du dimititu egingo duela Gorenak ikertzen badu

Kontseilariak gutun bat bidali dio Maria Txibite Nafarroako lehendakariari, eta argitu du gobernua utziko duela auzitegiak ikertu gisa hartzen baldin badu

Manu Aierdi kontseilaria, joan den maiatzean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Erredakzioa
2020ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Gorenaren esku dago Manu Aierdik Nafarroako Gobernuan jarraituko duen. Herenegun, albistea jakin bezain azkar, «harridura handia» erakutsi zuen Aierdi Garapen Ekonomikoko kontseilariak, eta atzo gutun bat bidali zion Maria Txibite gobernuko lehendakariari. Bertan, adierazi du «dimititzeko borondate irmoa» duela baldin eta Auzitegi Gorenak ikertzea erabakitzen badu. Oraindik ez da halakorik gertatuko, baina Gorenak hori egingo balu, Aierdik aurreratu du kargua utziko lukeela.

Autoaren arabera, UPNk ekainean Aierdiren aurka jarritako salaketari bide eman zion Gorenak; auzia ireki zuen, eta Andres Palomo del Rio epailea izendatu zuen instrukziorako. Hark erabakiko balu Aierdi ikertutzat hartzea edo deklaratzera deitzea, Aierdik gobernua utziko luke.

Gutunean, hori gertatuko balitz, Aierdik astebete eskatu du «egoera aztertzeko eta agurtu ahal izateko». Ondoan izan dituenei «merezi duten agurra» emateko aukera eskatu dio Txibiteri. «Bitartean, lanean jarraituko dut, Nafarroaren etorkizunaren aldeko konpromiso irmoa baitut, nire erabakiekin ahalik eta hobekien lurraldeko garapen ekonomiko eta sozialaren aldeko ekarpena eginez».

14/2004 Foru Legeak zehazten duenez, kargudun publiko bat ikertu gisa hartuz gero, prozedura judizial bateko figura hori ez da bateragarri emandako konfiantzarekin, eta, hori jakinik, gobernuak herenegun aurreratu zuen Aierdik kargua utzi beharko lukeela.

Unai Hualde EAJren Nafarroako presidenteak atzo Radio Euskadin salatu zuenez, «jazarpen politiko bat» ari da gertatzen, eta «sakonki bidegabea» da. Nafarroako jeltzaleen burua izan zen Aierdi 2012tik 2015era.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.