Hamar urte pasatu eta gero, metaleko langileek ituna lortu dute Gipuzkoan

LABek ontzat jo du Adegiren eskaintza, berdintasun batzorde bat eratzeko, eta itun proposamena babestu du. ELAk, LABek eta CCOOk adostu dute akordioa Adegirekin; UGT kanpoan geratu da

ELA sindikatuko ordezkariak Adegiren egoitzara sartzen, atzo; handik ordu erdira, akordioa iragarri zuten. GORKA RUBIO / FOKU.
xabier martin
Donostia
2020ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Ordu erdi inguruko bilera bat nahikoa izan zen atzo Adegik eta sindikatuek azken egunetan negoziatutako aldaketak berretsi, eta akordioa egiteko: Gipuzkoako metalgintzaren sektoreak badu lan hitzarmena. Hamar urte pasatu eta gero, sektoreko 40.000 beharginek gutxieneko erreferentzia bat izango dute, eta enpresa itunik ez dutenek aldea igarriko dute, besteak beste, agiriak jasotako soldaten igoerari esker.

Adegik eta ELAk egindako akordioari bi aldagai berri gehitu dizkio patronalak falta zuen babes sindikala lortzeko. UGTk ez beste guztiek egin dute bat azkenean, eta, beraz, eragin orokorreko akordioa izango da. Patronalak berdintasun batzorde bat martxan jartzea eskaini du, egutegiarekin eta edukiarekin, eta LABek ontzat jo du aldaketa hori. Gainera, langileen osasun azterketak lanordu gisa zenbatuko dira aurrerantzean. «Gehiago» lor zitekeela uste du sindikatu abertzaleko CAFeko ordezkari Aitor Martinezek, «ELAk ez balu onartu publikoki Adegiren eskaintza, batasun sindikala hautsiz». Baina itunari ateak irekitzea erabaki du LABek, «egon diren aurrerakuntzak» tarteko. Sindikatu abertzaleen gehiengoa lortuta zegoela, CCOOk ere bat egin du; UGTk ez.

Horrenbestez, negoziazioa hasi eta zortzi hilabetera lortu dute eragileek hamar urtean erdietsi ez dena, lan erreforma bat eta pandemia bat tarteko. 2020-2022ko itunaren emaitza da arauak jarriko direla azken urteotako oihanean. Sektorean desberdintasun handiak sortu dira 2011z geroztik, azken hitzarmena erori zenetik. Enpresa batzuetan soldatak gaurkotu dituzte, eta beste batzuetan ez; langile batzuentzat bai, eta beste batzuentzat ez, hasi berrientzat sarri; kaos horri muga jarriko dio aurrerantzean Adegi, ELA, LAB eta CCOOren itunak. UGTk poliki azaldu beharko die ezetza beren afiliatuei, nahiz eta atzo bertan aurrerapen bat eskaini: «Adegiren proposamena adar jotze bat da».

ELA eta Adegi: «Historikoa»

«Itun historiko honen edukiak oso onak dira, erreforma kanpoan utzi dugulako, eta subrogazioa lortu dugulako, besteak beste», esan du ELAko Industria federazioko arduradun Unai Martinezek. «Akordio historiko honek erakutsi du badela tartea hitzarmen onak egiteko»; zaharren egoitzen lan gatazkarekin lotu du metalean lortutakoa. «Gizonok gehiengoa garen sektoreetan baditugu itunak: paperean, eraikuntzan, metalean... eta lotsagarria da ez edukitzea gure emakume lankideek, pandemiaren gordinean pertsonak zaintzen dituzten horiek. Gaurko akordioak dei egiten dio Gipuzkoako Diputazioari. Sektore pribatuan ahal bada, zergatik ezin da zaintzan dihardutenentzat?».

Adegi bat dator ELArekin metalgintzan lortutako ituna azaltzean: «Historikoa da». Patronalak azpimarratu du negoziazio prozesua «eredugarria» izan dela, «gatazkarik gabea, azkarra, eta konfiantza ariketa baten isla dela». Adegik gogoratu du esana zuela «enpresentzat eta pertsonentzat akordiorik onena» nahi zuela, «enpresa kultura berriaren oinarrietatik abiatuta». Gatazkarik ez zuela negoziatuko ere ohartarazi zuen: «Lortu dugun akordioa baldintza hori betez lortu da». Finean, Adegik argi dauka metalgintzaren akordioa «errespetuarekin eta bestearen aitortzarekin» eraiki dela: «Elkarrizketarekin eta kolaborazioarekin, eta konfrontaziorik gabe, negoziazio estilo moderno bati esker».

CCOOrentzat, gazi-gozoa izan da lortutako ituna, «ona den arren, gehiago lortu zitekeelako». ELAri egotzi dio patronalak mahai gainean jarri duen «lehen proposamena» onartu izana; «Beste sindikatuekin batera mobilizatzeko prest egon izan balitz, hitzarmen hobea lortuko genuen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.